TEKNOLOGIARA BUELTATU
image1 image2

Adimen Artifiziala ekipamendu industrialak optimizatzeko
Teknikerrek adimen artifizialeko algoritmia erabiltzen du biki digitalen garapenean

Zentro teknologikoak adimen artifizialeko eta modelatze fisikoko algoritmiari buruz duen ezagutza aplikatu du aktibo industrialen kontrol-prozesuak eta akatsen detekzioa hobetzeko gai diren biki digitalen garapenean.

Simulazio-tresnak gero eta gehiago erabiltzen dira 4.0 industriako inguruneetan ekoizpen-prozesuen eraginkortasuna handitzeko, esaterako biki digital edo digital twins deiturikoak. Ekipamenduen modelo birtualak dira, eta haien baliokide erreal edo fisikoaren errendimendu-ezaugarriak ulertzeko eta aurreikusteko aukera ematen dute. Ekipamenduaren bizi-ziklo osoan erabiltzen dira, prototipoetan eta ekipamendu fisikoan inbertitu aurretik, ekipamendua simulatu, iragarri eta optimizatzeko.

Tekniker zentro teknologikoak teknologia horietan sakontzen jarraitzen du VIRTUAL proiektuaren esparruan; proiektu horretan, adimen artifizialak eginkizun erabakigarria izan du datu errealen bidez lortutako ezagutzan oinarritutako ereduak sortzeko.

AAeko tekniken bidez, Teknikerrek eredu fisikoen eta datuetan oinarritutakoen tipologiak hibridatu ahal izan ditu, haren potentziala maximizatzeko. Horrela, besteak beste, eredu fisikoak doitu edo osatu daitezke, azaltzen zailak diren egoera edo efektu fisikoak modelizatzeko; edo eredu fisikoak erabil daitezke industrian biltzen eta erregistratzen zailak diren datuak birsortzeko (adibidez, makinako akatsak);modu horretan, datu horiek gabe entrenatu ezin diren AA ereduen garapena errazten da.

Hala, Teknikerrek bere know how guztia aplikatu du adimen artifizialeko eta modelatze fisikoko algoritmian, “Digital Twins” edo Biki Digitalak sortzeko.

Biki horiek oso interesgarriak dira aktiboen hutsegiteei buruzko datu gutxi daudenean, edo ekipamenduaren erabilgarritasuna oso txikia denean hura doitzeko eta aurretik kontrolak egin nahi direnean.

Datu sintetikoak (eredu fisikoek sortutakoak) AAeko algoritmiaren bidez datu esperimentalekin konbinatuz, makinako akatsak detektatzeko eta diagnostikatzeko eredu sendoagoak eta fidagarriagoak lor daitezke.

Hibridazio-mota horiek oso interesgarriak dira aktiboek kostu handia duten eta horiek gaizki funtzionatzea saihestu nahi den industria-inguruneetan. Aktiboak, oro har, etengabe monitorizatzen dira, gaizki funtziona ez dezaten. Era berean, etengabe monitorizatze horrek zaildu egiten du hutsegite-datuak lortzea eta datu horiek beharrezkoak dira aktibo horien diagnostiko- eta prognostiko-sistema hobetuak lortzeko. Hala, VIRTUAL proiektuan eragingailu elektromekanikoetarako proposatutako datu-hibridazioaren bidez, arazo horri aurre egin dakioke eta monitorizazio-sistemak nabarmen hobetu daitezke.

Bestetik, zentro teknologikoak «doikuntza birtuala» deritzon metodologia aplikatu du (ingelesez, virtual commissioning). Metodologia horrekin, ekipamendua eduki aurretik probatu daiteke ekipamendua kontrolatzeko softwarea eredu birtualen bidez (ekipamendua birtualki konektatu eta abiarazten da). Horrela, probak proiektuaren fase goiztiarragoetan egin daitezke eta erroreak lehenago hauteman. Horrela, kontrolerako software landuago batekin hel daiteke doikuntza-fasera.

Metodologia hau ekipamendu baten softwarearen programazioari aplikatzen bazaio, hobekuntza ugari lor daitezke, hala nola, doitzeko denbora murrizten da, arriskuak gutxitzen dira, test automatikoak egin daitezke, erroreak errepikatzea saihestu daiteke, softwarearen kalitatea hobetzen da eta softwarea egoera onean mantentzen da.

Hala, VIRTUAL ekimenak biki digitalak garatu ditu, ekipamenduetako softwarea probatzeko, zuzentzeko eta baliozkotzeko, ekipamendu fisikoa erabilgarri izateko ekipamendu errealean funtzionamendua arazteko.

Halaber, eta proiektuaren esparruan, Teknikerrek, alde batetik, mekanikaren, elektronikaren eta kontrolaren arloetan duen nagusitasuna erakutsi du eta, bestetik, adimen artifizialeko algoritmiaren ezagutza, biderkagailuen dimentsionamendua eta diseinua optimizatzeko ereduak garatzeko, balazta-enbrageen kontrol-sistemen eta eraikuntza-fasean dagoen Ekorketeta Sinoptikoetarako Teleskopio Handiaren (LSST) osagaien diseinua azkartzeko eta eragingailu elektromekanikoetarako diagnostiko-sistemak diseinatzeko.

ELKARTEK programak finantzatutako VIRTUAL proiektuan Euskadiko unibertsitate eta zentro teknologikoek hartzen dute parte.