TEKNOLOGIARA BUELTATU

Akatsik gabeko ekoizpen aeronautikoa, adimentsuagoa eta jasangarriagoa
Teknikerrek mihiztaduraren doitasuna eta kadentzia areagotzeko soluzio bat garatu du

Innotool europar proiektuaren esparruan, Teknikerrek egitura aeronautikoak mihiztatze automatikorako erakusle berritzaile bat garatu du. Horretarako, metrologia- eta sentsorizazio-teknologiak aplikatu ditu.

Sentsorizazioko, metrologiako edo fabrikazio gehigarriko teknologia berriak erabat aldatzen ari dira ekoizpen industrialeko prozesu arruntenak. Sektore aeronautikoan integratzeak aukera emango du ingurune adimendun kolaboratiboagoetarantz aurrera egin ahal izateko, eta muntaketa-lanen doitasun-mailak, segurtasuna eta jasangarritasuna hobetzeko. 

Testuinguru horretan, Tekniker zentro teknologikoak azken belaunaldiko materialekin egitura aeronautikoak mihiztatzeko erakusle berritzaile bat garatu du Innotool europar proiektuaren esparruan. 

“Fuselajearen atzeko aldea mihiztatzeko tresneria-multzo baten diseinuan lan egin dugu. Tresneria-multzoa Advanced Rear End izeneko egitura bat da, eta irismen labur, ertain eta luzeko aire-garraioaren beharretarako tamaina handiko aireontzi komertzialetan erabiltzen da”, azaldu du Gorka Kortaberria Teknikerreko ikertzaileak.

Zentro teknologikoko taldeak sistema mekatronikoen garapenean aplikatu du bere ezagutza, metrologia- eta sentsorizazio-teknologien laguntzarekin, azken belaunaldiko muntaketa-ekipamendua lortzeko. Prototipoak frogatzen du prozesu horiek ere automatizatu daitezkeela eta, gainera, akatsik gabeko ekoizpena lor daitekeela, adimentsuagoa eta jasangarriagoa.

 

Tresna sentsorizatuak eta simulazioak

Teknikerrek diseinatu eta fabrikatutako prototipoak sentsore adimendunak ditu muntaian laguntzeko, mugimendu zehatz eta seguruak egitea ahalbidetzen dutenak, osagaiak manipulatzeko esfortzuak eta arriskuak minimizatuz. Halaber, muntatu beharreko elementuen kokapena egokia dela bermatzen duten sentsoreak ditu. Sentsore-sare hori kanpoko esparru metrologiko batekin osatzen da, makinaren mugimenduak zehaztasun handiz bideratzeko.  

Ekipamenduan txertatutako erreminta-multzo horri esker, muntaketa-prozesuaren zehaztasuna hobetzeko eta bizkortzeko aukera ez ezik, produktu aeronautikoaren mihiztatze-faseak une oro monitorizatzeko eta kontrolatzeko aukera ere ematen du. Horrela, kostuak murriztea eta energia eta materiala aurreztea lortzen da, Europar Batasunak fabrikazio jasangarrian ezarritako helburuekin bat etorriz.

Gainera, Innotool (INNOvative TOOling design) ekimenaren esparruan, Aitiip zentro teknologikoak termokonformazioaren eta fabrikazio gehigarriko tekniken bidez pieza termoplastikoak fabrikatzeko erakusle bat sortu du. Teknikerrek pieza aeronautiko handien konformazioaren kontrol termikorako estrategia berriak diseinatzen eta garatzen lagundu du. 

Europako Batzordearen Clean Sky 2 programak finantzatutako Europako proiektuan garatutako bi erakusleek sektoreko goi-mailako enpresen ekoizpen-prozesuak hobetzen lagunduko dute, hala nola Aernnovaren ekoizpen-prozesuak.

This project has received funding from the Clean Sky 2 Joint Undertaking under the European Union’s Horizon 2020 Research and Innovation Programme, under grant agreement nº 886491.