ALBISTEAK BUELTATU

2030ean industria adimendunera iristeko bost erronkak
Teknikerreko zuzendariordeak ZTBP Euskadik planteatzen dituen ildo estrategikoak jorratu ditu

Ana Aranzabek Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Euskadi Planari (ZTBP) buruz Noticias Taldeak antolatutako foro batean parte hartu du.

Ana Aranzabe Teknologiako zuzendari eta Teknikerreko zuzendariordeak Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Euskadi Planari (ZTBP) buruz Noticias Taldeak antolatutako foro batean parte hartu zuen martxoaren 23an. 2030erako planean ezarritako helburuak lortzeko, industria-sektoreak dituen erronkak azaldu zituen Aranzabek.

Aranzabek bost erronkatan jarri zuen arreta: materialak zero aztarna izatea, hau da, ingurumenean eraginik ez izatea; makinak adimendunak eta konektatuak izatea; ekoizpen-prozesua iraunkorra izatea; produktua adimenduna izatea eta, azkenik, datuan oinarritutako negozio berria bultzatzea.

Lehenengo erronkak iraunkortasun-ikuspegia duten materialak eta produktuak nola diseinatu behar diren aztertzea eskatzen du. «Birziklatu egin behar dugula, bigarren mailako lehengaiak erabili behar ditugula eta materialak beste era batera landu behar ditugula pentsatuz diseinatu behar dugu; hori da erronka nagusia», adierazi zuen Aranzabek. 

Bigarren erronkari dagokionez, makinak modu autonomoan eta adimentsuan lan egiteko gai izatea eskatzen du, hau da, lanen ezaugarriak aldatu ahala erabakiak hartzea. Eta hori egiteko, pertsona erdigunean jarri behar da. «Makinaren eta pertsonaren arteko interakzioa erraztu behar da», nabarmendu zuen Teknikerreko zuzendariordeak. 

Industriak, gainera, produktu «adimendunagoa eta interaktiboagoa» izateko joera behar du. «Produktuek egiten ari direnetik ikastea lortzen badugu, prozesua hobetu egingo da», adierazi zuen. 

Azkenik, fabrikazio-prozesuetan eskuratutako datu kopuru handia eta «negozio- eta zerbitzu-eredu» berriak sortzeko aukera nabarmendu zituen. Euskal industriak landu beharreko aukera da.  

Aranzabek honako hauekin batera hartu zuen parte foroan: Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako ordezkariarekin, Carlos Garcia Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoko kidearekin eta Leire Bilbao Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziako zuzendari nagusiarekin, besteak beste.