ALBISTEAK BUELTATU

Pertsonaren eta exoeskeletoaren arteko interakzioa miatzeko proiektua
Teknikerrek Tabakalera arte garaikideko zentroarekin egiten duen hirugarren lankidetza aurkeztu du

Amaia Vicente artistarekin garatutako ekimenaren helburua da gorputz-euskarriko makinen eta horien erabiltzaileen arteko konfiantzazko harremana hobetzea.

Tekniker eta Tabakaleraren arteko hirugarren lankidetza pertsonen eta roboten arteko interakzioan oinarrituko da. Oraingoan, gorputz-euskarriko makinetan, esaterako, exoeskeletoetan, eta erabiltzaileekin sortu behar den konfiantzazko harremanean.

Proiektua Creative Impact Research Centre (CIRCE) programaren barruan dago. Tabakalerak programa horretan parte hartzen du Alemaniako gobernuak hautatu ondoren kultura- eta sorkuntza-sektoreari laguntzeko politiken arloko ikerketa-zentro eta -laborategi gisa.

Programa hori abian jarrita, Tabakalerak lau proiektu egingo ditu. Proiektu horiek, praktika artistikoaren bidez, artisten eta erakunde ez-kulturalen arteko lankidetza-metodologia bat proposatuko dute. Teknikerrez gain, Basque Culinary Center Innovation, Donostia International Physics Center (DIPC) eta Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL) erakundeekin batera garatutako ekimenak ere aukeratu dira.

Proiektuak Tabakalerako ekitaldi batean aurkeztu ziren. Luis Uriarte, Teknikerreko zuzendari nagusiak azaldu zuenez, Tekniker eta Tabakaleraren arteko hirugarren lankidetzak pertsona baten eta mugikortasuna ematen dion robot exoeskeletoaren arteko komunikazio eta harreman estu, ia sinbiotikoaren alderdiak aztertuko ditu. Exoeskeletoek babesa eta laguntza eskaintzen dute pertsonen mugimenduetarako edo mugimendu horiek indartzeko.

Proiektuaren helburuak, Amaia Vicente artistarekin lankidetzan garatutakoak, zentzumen anitzeko interfaze bat planteatzen du, roboten eta horien erabiltzaileen arteko interakzioa hobetzeko.

Modu zabalagoan hartuta, Teknikerrek robotika kolaboratiboaren eta adimen artifizialaren esparruan lantzen duen helburu bat da, pertsona garapen-prozesuaren erdigunean jartzen duena.