BUELTATU

ESPEZIALISTAREN IKUSPEGIA

Lubrifikazio industrialaren ezkutuko ahalmena

Espezialistaren ikuspegia: Jesús Terradillosek

"Instalazioko lubrifikazioa kontrolatzeak eta hobetzeak emaitzen kontuan modu positiboan eragitea dakar"

Lubrifikazioa da industriako –mantentze-lanen alderdi garrantzitsuenetako bat makineriaren funtzionamendu eraginkorra lortzeko. Kostuetan aurrezteko, bizitza baliagarria luzatzeko eta ekoizpen eraginkorragoa izateko ahalmen handiko arloa da. Baina, hainbat arrazoiren ondorioz, enpresa gehienetan ez da egin lubrifikazioaren mantentze egokia.

Adibide gisa, pare bat datu: instalazioen %92k ez dituzte lubrifikazio-prozedura egokiak, eta instalazioen %74k ez dute lubrifikazio-analisia erabiltzen monitorizatzeko tresna gisa.

Lubrifikazioa

Definizioz, lubrifikatzaile izeneko film bat aplikatuta, kargaren eraginpean, bata bestearengandik oso hurbil eta mugimenduan dauden bi gainazalen arteko marruskadura murrizteko prozesua edo teknika da lubrifikazioa.

Sortu zenetik, lubrifikazioaren kudeaketa funtsezkoa bihurtu da mantentze-lanen arloan, eta gero eta garrantzi handiagoa hartzen joan da, garatu egin delako. Lubrifikatzaileen gero eta sofistikazio handiago horrek konposatu bikain bihurtu ditu produktu horiek, zeinak gai baitira karga handien eraginpean dauden osagai mugikorrak banantzeko, abiadura handian, muturreko tenperaturan edo hezetasun handiko giroetan egon arren.

Industria-munduan denek dakiten arren lubrifikazioa funtsezkoa dela funtzionamendua egokia izan dadin, eskaintzen zaion arreta ez da nahikoa izaten. Gabezia horren ondorioz, industria-ingurune gehienetako lan-baldintzek egungo lubrifikatzaileen ezaugarri fisiko-kimikoak guztiz ez baliatzea eragiten dute, eta, horregatik, ematen duten onura oso urria izaten da askotan.

Lubrifikatzaileek bilakaera ona izan duten arren lubrifikazioaren kudeaketa-prozesuan atzeratuta geratzeak eragin du hori, mantentze-lanen eredu konformista, tradizional eta zaharkitu batean geratu baita.

IK4-TEKNIKER zentroak azken lau urte hauetan jasotako datuen arabera, enpresetan lubrifikatzaileen transferentziarako erabiltzen diren giroen %80 ez dira egokiak lan horretarako, eta lubrifikatzaile berrien %64 gomendatutako garbiketa-mugen gainetik dago.

Industria-sektorearen errealitate hori kontuan hartuta, erronka da nola bihur daitekeen ohiko lubrifikazio-prozesu zaharkitu hori sistematikoki sistema berritzaile, hobetu eta eguneratu, lubrifikatzailea diseinatzean xedetzat jo diren onura guztiak ekar ditzan.

Mantentze-lanen ohiko aurrekontuetan, gutxi gorabehera %5 soilik izaten da lubrifikatzailetarako, eta %0,01 baino zerbait gutxiago, lubrifikazioko material osagarritarako. Hala ere, hutsegite mekanikoen %70ek, gutxi gorabehera, lubrifikazio-arazoetan izaten dute jatorria, eta arazo horiek askotariko arrazoiak izan ditzakete. Arrazoi horien artean daude, besteak beste, lubrifikatzailea gaizki aukeratzea, modu desegokian biltegiratzea, hautsez edo urez kutsatzea, beste agente kaltegarri batzuekin edo beste lubrifikatzaile batzuekin kutsatzea, lubrifikazio-prozedurarik ez izatea, transferitzeko material desegokia izatea edo mantentze-lan prediktibo eta proaktiborik ez izatea.

Lehentasun gehiago

Lubrifikazio-aurrekontura zerbait gehiago bideratzeak hobekuntza nabarmenak eragin ditzake, eta, aldi berean, lubrifikazioaren ondoriozko arazoak murriztu.

Lubrifikazio egokia lortzeko egin behar den aldaketa kontzeptu berri batean jasotzen da; LPD programan laburbiltzen da kontzeptu berri hori ("Lubrication Program Development" ingelesezko izenetik datorkio izen hori). Lubrifikatzaileen propietateen onurak maximizatzea da sistemaren xedea, hain zuzen ere, jardunbide egokiak eta lubrifikazioan bikaintasuna ezarrita.

LPD sistemak etapa-sekuentzia gisa ikusten du lubrifikazio-prozesua, eta, etapa horretan, pertsonek, prozedurek eta lubrifikazioko material laguntzaileak hartzen dute parte modu koordinatuan, helburu nagusia lortzeko xedez: mantentze-lanari balio erantsia ematea eta aktiboen inbertsioaren itzulkina maximizatzea.

Programaren helburuak lanaren bitartez eta honako arlo hauetako hobekuntzen bitartez lortzen dira:

  • Lubrifikazio-katean parte hartzen duten langileen prestakuntza
  • Biltegiratzearekin, manipulatzearekin eta kutsadura kontrolatzearekin zerikusia duten zereginak hobetzea
  • Lubrifikazio-prozeduren diseinu eta lagin-hartze egokiak
  • Lubrifikatzaile-analisia, kontrola, jarraipena eta ekintza zuzentzaileak
  • Kudeaketa, kontrola eta lubrifikazio-adierazleak

Onurak

Abiapuntu argia izateko, hasieran erabakitzen dira lubrifikazio-baldintzak, eta baldintza horien arabera diseinatzen da lubrifikazioko ingeniaritza-programa bat, lubrifikazio egoki baten bitartez aktiboen fidagarritasuna eta erabilgarritasuna maximizatzea helburu duena.

Epe laburrera, lubrifikatzaile-biltegietan, bidoietatik ontzi txikietara aldatzeko gelan, mantentze-lanen kudeaketa-sistemarekiko integrazioan eta lubrifikatzaileen zerbitzu-bizitzan nabarmenduko dira programaren onurak.

Epe ertainera, bestalde, egindako inbertsioaren itzulkina izango da lubrifikazioaren kudeaketako hobekuntzarik nabarmenena, kasu askotan bigarren urtean berreskuratzen baita eta hortik aurrera irabaziak ematen hasten baita.

Inbertsioaren errentagarritasuna programatu gabeko geldialdien murrizketan, lubrifikatzaile-kantitatearen arrazionalizazioan, osagai lubrifikatuen eta lubrifikatzailearen zerbitzu-bizitzaren luzapenean eta langile bakoitzaren orduen maximizazioan nabaritzen da. Baita lubrifikatzailearen kontsumoaren murrizketan, atal eta piezen stock txikiagoan, energia-kontsumoaren murrizketan eta makineriaren fidagarritasunaren eta erabilgarritasunaren hazkundean ere.

Mantentze-lanez arduratzen diren langileak kontzientziatzen lan egiteak bikaintasun-esparrura bultzatzen du lubrifikazioa, eta epe laburrean neurtu eta zenbatu daitezkeen mozkinak eragiten dituen aldaketa lortzen da.