BUELTATU

PROIEKTUAK

Tribologia, etengabe hedatzen ari den zerbitzua

Mugitzen ari diren materialen arteko kontaktuan sortzen diren marruskadura eta higadura aztertzeko teknikak egiten ditu IK4-TEKNIKER-en Tribologia-zerbitzuak. Helburu horrek kostuak murrizten lagundu die enpresei

Hainbat eta hainbat industria-bezerorentzat —hala nola EADS, FIAT, CAF edo Repsolentzat— hiru hamarkadatan lanean aritu ondoren, IK4-TEKNIKERen Tribologia Unitatea industriarako erreferentziazko eragile sendo bihurtu da, arlo horretako aholkulari eta irtenbide-hornitzaile gisa.

Instalazio berriei esker berriki indartutako jarduerarekin, IK4-TEKNIKERen Tribologia Unitateak 16 ikertzaile ditu, zeinak marruskadurarekin, higadurarekin eta lubrifikazioarekin zerikusia duten arazoei irtenbideak aurkitzeko lan egiten baitute.

Tribologiari, oro har, gutxi gorabeherako garrantzia ematen zaio oraindik ere enpresetan, baina edozein osagai mekanikotako fenomeno tribologikoek eragin zuzena dute kontu ekonomikoetan; besteak beste, marruskadura murriztearen ondorioz energia-kontsumoa aurreztean edo higadura txikiagoaren ondorioz mantentze-kostuak aurreztean.

Estatuko industriak nazioarteko industria-sektoreekin alderatuta azken boladan izan duen atzerapenaz ohartuta, IK4-TEKNIKERen Tribologia Zerbitzuak teknika eta kontzeptu tribologiko berrienak sartu ditu, pixkanaka, Espainiako industrian.

Haren lanak industria-enpresa garrantzitsuei kostuak murrizten lagundu die, hala nola Oronari edo Gamesari. Atal mugikorrak kontaktuan dauden edozein sistematan dauden fenomenoak dira marruskadura, higadura eta lubrifikazioa, eta, horregatik, diziplina horren irismena eta aplikazio-eremua ikaragarriak dira hainbat eta hainbat sektoretarako: automozioa, aeronautika, energia, osasuna, etab.

Aholkularitza

IK4-TEKNIKERek Tribologiaren esparruan ematen duen zerbitzuak zenbait teknika esperimental erabiltzea du ardatz. Teknika esperimental horiek aukera ematen dute elkarrekiko nolabaiteko mugimenduan dauden materialen arteko kontaktuan sortzen den marruskadura eta izaten duten higadura aztertzeko. Gisa horretako azterketen bitartez, askotariko materialak, gainazal-tratamenduak eta lubrifikatzaileak alderatu daitezke, eta zerbitzuko baldintzen antzeko baldintzetan lan egin.

Zentro teknologikoko ikertzaileek araupeko saiakuntzak nahiz bezero bakoitzaren premia espezifikoen arabera diseinatutakoak egiten dituzte. Bi saiakuntza-mota daude. Lehenengo saiakuntza-motak benetako piezak probatzen ditu, hala nola engranajeak edo errodamenduak. Horretarako, saiakuntza espezifikoetarako bankua dago IK4-TEKNIKERen instalazioetan. Bigarren mota simulazio-saiakuntzena da, zeinak materialen laginekin lan egiten baitu higadurarekiko erresistentzia probatzeko.

Kasu batean zein bestean, proba laburrak eta kostu txikikoak dira, osagai errealeko saiakuntzekin alderatuta.

Baina IK4-TEKNIKERen Teknologia Unitateak ez ditu mota horretako saiakuntzak soilik egiten. Beste gaitasun batzuen artean, akatsen kausak diagnostikatzeko zerbitzuak, funtzionalitate tribologikoko gainestalduren aplikazioa, olio erabilien azterketa, junturen bateragarritasun-azterketak edo olioen diseinua eta karakterizazioa ere egiten ditu.

Europako, estatuko eta eskualdeko 120 proiektutan baino gehiagotan parte hartzeaz gainera eta Tribologiari buruzko IBERTRIP eta LUBMAT biltzarrak antolatzen parte hartzeaz gainera, IK4-TEKNIKER-eko talde espezializatua nazioarteko hainbat lantalde eta elkartetako Espainiako ordezkaria da; besteak beste, hauetakoa: Virtual Tribology Institut, Tribology COST 516 eta Eureka Network ENIWEP for Wear Prevention.