BUELTATU

PROIEKTUAK

Robotika industriala eta pertsona-robot lankidetzaren erronka

Robot bi-manipulatzaileak, automatizazio malgua izateko, irtenbideak ematen ditu

IK4-TEKNIKERen helburua da industrian robot bi-manipulatzaileak sartzea, zenbait teknologia garatuz, hala nola 3D pertzepzioa, integrazio sentsoriala (ikusmena eta indarra) eta pertsonen detekzioa.

Robotika industrialak fidagarritasuna, kostuen murrizketa eta zehaztasuna eman dizkio ekoizpenari industria askotan. Baina ekoizpen-mota batzuek gaur egun ere gizakiaren esku-hartzea behar dute fase batzuetan, automatizazioaren konplexutasuna edo kostu handia dela eta.

Gaur egun, abangoardiako teknologiak lan horiek hartzen ari dira pixkanaka, gero eta gaitasun handiagoko roboten bidez. Dena den, ekoizpen-prozesuak gero eta konplexuagoak izateak erronka berri bat sortu du roboten garatzaileentzat: gizakien eta roboten arteko interakzioa.

Hori da IK4-TEKNIKER euskal zentro teknologikoaren robot bi-manipulatzailearen indargune nagusietako bat, eta Makina Erremintaren Biurtekoan (BIEMH) erakutsiko du, BECen, ekainaren 2tik 7ra.

Zentroak BIEMHen aurkeztuko duen robotak bi beso eta gorputz-enbor bat ditu, eta ekoizpenaren eskakizun praktikoei erantzuten die. Horrez gain, zenbait sektoretarako -hala nola aeronautikarako edo etxetresna elektrikoetarako- irtenbide batzuk ematen ditu, askotariko aplikazioetan automatizazio malgua izateko aukera ematen dutenak. Azoka horretan, robotak Redox bateria batean integratutako multzo bat nola muntatzen eta desmuntatzen duen erakutsiko da.

Publikoak ikusi ahal izango du robota gai dela langilearekin lankidetzan aritzeko, aplikazio batzuen bidez -hala nola ingurunearen monitarizazioa- eta langileekin interakzioan eta koordinazioan aritzeko gaitasunen bidez.

Gizakiekin interakzioan aritzeko beste arlo garrantzitsua segurtasuna da. Kontuan izanik robota diseinatuta dagoela oztoporik gabeko leku fisiko ireki batean teknikariarekin batera lan egiteko, ezinbestekoa da ingurunea hautemateko sistemak garatzea, gizakien eta roboten arteko interakzio segurua izateko.

Zentroko ikertzaileek aplikatutako teknologia hauei esker, besteak beste, lortu dira gaitasun horiek: detekzio eta segmentaziorako datuen analisia, monitorizaziorako partikula-iragazkiak, helburu anizkoitzen trackinga eta ibilbideak zuzentzeko sentsoreak (Visual Servoing).

Robotak segurtasuneko prestazio handiak ematen ditu. Robotak dituen teknologia asko Europako FLEXASS eta X-ACT proiektuetarako garatu dira. Europako fabrikazio- eta muntaketa-instalazioetan lankidetzan aritzeko sistema aurreratuak garatzea dute helburu proiektu horiek.

IK4-TEKNIKERek bi proiektu horietan parte hartzearen helburua da industrian robot bimanipulatzaileak sartzea, zenbait teknologia garatuz, hala nola 3D pertzepzioa, integrazio sentsoriala (ikusmena eta indarra) eta pertsonen detekzioa.

IK4-TEKNIKEReko Sistema Autonomo eta Adimendunen Unitateak esperientzia zabala du irtenbide robotikoak garatzen, eta, gaur egun, Europako bost proiektutan dihardu robotikaren arloan. Horrez gain, euRobotics aisbl-en zuzendaritza-batzordeko kide sortzailea da, IK4 Aliantzaren ordezkari gisa. Europako Batzordeari ikerketa robotikoari buruzko aholkuak ematen dizkion erakundea da euRobotics aisbl.