Elkarrizketa

Industriaren digitalizazioa, ekonomia zirkularra eta ingurumen-jasangarritasuna, Euskadik aurrean dituen erronka teknologiko nagusiak

ELKARRIZKETA

Rikardo Bueno, Basque Research and Technology Alliance (BRTA) partzuergoko zuzendaria

Basque Research and Technology Alliance (BRTA) aliantza estrategiko bat da, Euskadiko industriak zituen erronkei aurre egiteko eta teknologiaren ikerkuntza eta garapenaren arloan nazioarteko enpresa handienekin lehiatzeko sortu zena. Euskadiko ekosistema teknologikoa sustatzeko apustu handia izan zen, ZTBES sareko 16 zentro teknologikok eta ikerkuntzako zentrok sinatutako lankidetza-hitzarmenaren bidez sortua; horien artean, Tekniker, Eusko Jaurlaritza, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiak eta SPRI taldea zeuden. Elkarrizketa honetan, partzuergoko zuzendariak, Rikardo Buenok, Euskadik aurrean dituen erronka teknologiko eta industrial nagusiei buruz hitz egin du.

BRTAk 2020-2021 eperako Plan Estrategiko berria onetsi berri du. Zeintzuk dira jarduketa-ildo nagusiak?

Gure Plan Estrategiko berriak lehentasuna ematen die jarduketa-ildo batzuri. Batetik, jarduera zientifiko teknologikoa dago; arlo horretako jarduketa-markoa Ikerketa Agenda baten bidez definituko dugu, zientziaren eta teknologiaren eremuan lurraldeak dituen erronka sozioekonomikoei erantzuna ematen diena.

Halaber, planak giza kapitalaren eremuan jardutea aurreikusten du, prestakuntza programa propio baten bitartez, talentua erakartzeko eta mantentzeko, eta ikerketa karrera erkide bat ezartzea zentro teknologiko eta ikerketa kooperatiboko zentro guztietan.

Planaren beste ardatz estrategiko bat ezagutzaren transferentzia da; horretarako, ikerketaren emaitzak baloratzera bideratutako jarduerak sustatuko dira, eta teknologian oinarritutako enpresa berriak sortzen ere lagunduko da. Era berean, enpresekin jarduna sustatzeko bideak ere bultzatuko dira.

Beste jarduketa-ildo bat komunikazioa eta marketina da; eremu horretan gure helburua da nazioartean leku bat hartzea, gure lurraldea teknologikoki garatuta dagoela erakusteko eta gure enpresetan eragin positiboa izateko; horrek hazkunde jasangarrian eta gizarte osoaren ongizatean lagunduko du.

Azkenik, eremu ekonomiko-finantzarioa eta I+G+B-aren kudeaketako laguntza eta zerbitzuak daude; zentroei beren kudeaketa sistemak hobetzen laguntzeko diseinatuta daude, jardunbide egokiak identifikatzeari esker.

Hori guztia helburu bakarrarekin: BRTAko zentroen ezagutza zientifiko-teknologikoa Euskadiko gizartearen eta sektore ekoizlearen eskura jartzea, bikaintasunaren aldeko apustua eginez eta eragin handiko elkarlanak sustatuz.

Egun bizi dugun osasun-larrialdi egoerak ere eragina du ekonomian eta industrian. Zein da Tekniker bezalako zentro teknologikoen papera euskal enpresen ehunaren lehiakortasuna indartzeko?

ZTBES sareko zentro teknologikoen ekarpena ezinbestekoa izaten ari da egoera konplexu honetan. Industriaren erronkei aurre egiteko asmoarekin, ikerketan eta soluzio berritzaileen garapenean zentratuta dauden erakundeak dira; beraz, krisialdi honetan beren ahalmen eta eskarmentu osoa jarri dute gizartearen eskura, egoera zail honetan konponbideak aurkitu nahian. Funtsean, hiru ildotan aritu dira.

Lehenik, osasun-larrialdiari erantzun diote, ekipamendu medikoen eta babesen gabeziari aurre egiteko soluzioak garatuz.

Bigarrenik, pandemiaren jarraipena eta trazabilitatea egiten lagundu dute, enpresei tresna teknologikoak eskainiz. Hemen, gainera, elkarlanaren balioa egiaztatu da; izan ere, BRTAko hainbat zentro proiektu bateratuetan aritu dira.

Hirugarrenik, beren misio nagusian ibili dira, alegia, lurraldeko enpresa- eta industria-ehuna sendotzen. Egun bizi dugun egoeraren ondorioetako bat izango da tokiko produkzio-sareak sortuko direla, eta horretarako industria burujabetza handiagoa beharko da. Zentro teknologikoak hori lortzen laguntzen ari dira, teknologiak enpresetara eramanez; zentzu horretan, Tekniker erreferentea da, eta fabrikazio aurreratuan duen espezializazioa zeharka aplika daiteke modu eraginkor eta jasangarrian fabrikatzeko eta produkzioa kudeatzeko beharra duten sektore guztietan.

Zeintzuk dira Euskadik aurrean dituen erronka teknologiko eta industrial nagusiak?

Euskadik bi erronka ditu industriaren digitalizazioari, ekonomia zirkularrari eta ingurumen-jasangarritasunari lotuta. Bi erronka horiei aurre egiteko, ezinbestekoa izango da teknologia digital aurreratuak garatzea, hala nola, adimen artifiziala, big data, zibersegurtasuna edo blockchain izenekoa; eta ekonomia zirkularreko teknologiak ere bai, ekodiseinua edo ekoizpen garbia kasu. Horiek garatutakoan, funtsezkoa izango da enpresen ehunera transferitzea. Eta hori dena euskal industriaren bihotza eta sendotasuna ahaztu gabe: fabrikazioko teknologiak. Tekniker erreferentea da sektore horretan, eta ekarpen garrantzitsua egiten du.

Zeintzuk dira gure lurraldeak bideratu beharko lituzkeen ekimen nagusiak Europa mailan goi-mailako berrikuntzaren arloan pisua izaten jarraitzen duela bermatzeko?

Zeharkako proiektuen alde egin behar dugu, gizarteko eta industriako erronkei erantzuten dietenak, eta bai enpresa traktoreak bai ETEak aintzat hartzen dituztenak. Proiektuok zentro teknologikoen eta ikerketa zentroen ezagutzetan oinarrituta egon behar dira beti, lehiatzeko abantailak sortu ahal izateko.

Halaber, inbertsioa handitu beharko dugu azpiegitura teknologikoetan, probak edo saiakuntzak egiteko, edo teknologien balidazio eta eskalatzerako, enpresek, batez ere ETE-ek, haiek erostean arrisku gutxiago izan dezaten. Azken horretan ere Tekniker lan handia egiten ari da.