Espezialistaren ikuspegia
image1 image2 image3

Teknologia eta berrikuntza krisi garaian

ESPEZIALISTAREN IKUSPEGIA

Euskal I+G+B-ko erreferente nagusietako batzuek hausnarketa egin dute, COVID-19ak industriaren erronkak nola bizkortu dituen ikusita

Geure enpresa ekosistemako, ekoizpeneko eta hezkuntzako protagonista nagusietako batzuek gogoeta egin dute, COVID-19ak eragindako ziurgabetasunaren aurrean teknologiak eta tresna berritzaileek suspertze ekonomikoan duten garrantziari buruz.

Azken urteetan ezagutu ez bezalako ziurgabetasunean bizi gara. COVID-19ak, egungo gizartearen erabilerak eta ohiturak dinamitatzeaz gain, krisi ekonomiko bortitza ere eragin du, ekoizpen sektore guzti-guztiei eragin diena.

Ezohiko egoera honek paradigma aldaketa eskatzen du, non teknologiak eta berrikuntzak ekonomia suspertzen laguntzeko palankak izan behar diren; hala, I+G+B-ko inbertsioek protagonismoa hartu behar dute enpresen jardueran.

Hilabete gutxi batzuetan egiaztatu dugu mugikortasuna mugatzean hainbat sektore digitalizatu direla modu arrakastatsuan, besteak beste, hezkuntza, etxea eta osasuna. Aurrerapen ikaragarria izan da, baina anbizio askoz handiagoko garapenaren abiapuntua besterik ez da. Beste hori berehala jarri behar da martxan hainbat ekoizpen eta enpresa sektoretan, teknologia digital aurreratuen eta iraunkortasunaren (ekonomikoa, soziala eta ingurumenekoa) bitartez, Garapen Jasangarriaren Helburuak eta fabrikazio aurreratua aintzat hartuz, besteak beste.

Diagnostiko horrekin ados daude gure inguruan dauden garapen teknologikoko eta berrikuntzako protagonista gehienak, adibidez, Guillermo Dorronsoro, I+B+G-ko erreferente nagusietako bat, eta Zabala Innovation Consulting-eko Management Board Advisor.

Dorronsorok argi dauka aurrean dugun krisiari aurre egiteko “berrikuntza txertatu behar dela enpresaren estrategian”, eta hori “zeharka” egin behar dela, “erakundeko kide guztientzat kultura bilaka dadin”.

Diario de Noticias de Navarra egunkarian egindako elkarrizketan, Dorronsorok adierazi du krisi honek enpresen digitalizazio prozesua bizkortu duela, eta aldaketa sozioekonomiko esanguratsuak eragingo dituela, adibidez, datu pribatuen kontrol handiagoa, ondasunen ekoizpen nazionalera bueltatzea eta inpaktu positiboa ingurumenean. Hori guztia dela eta, zera dio: “Egoera honetan, datozen hilabeteotan beren eraldaketa digitala bideratzeko proiektuak bizkortu beharko dituzte enpresek”.

Modu berdintsuan azaldu da Innobasqueko presidente Manuel Salaverria bere ustez, berrikuntzan inbertitzea ezinbestekoa izango da krisiari aurre egin ahal izateko. “Berritzeko eta berrikuntzak zein I+G+B-k krisia gainditzeko duten ahalmena azpimarratzeko garaia da». Bere iritziz, Global Innovation Day ekitaldiaren inaugurazioan adierazi zuen bezala, bai sektore publikoak bai pribatuak kapitulu horretan egiten duten inbertsioa mantendu edo handitu behar dute, egungo egoera ekonomikoak hori zaildu arren.

Horrez gain, osasun krisiak dirauen bitartean unibertsitatean ere inbertsio publikoa egiteko eskaera irmoki plazaratu du UPV/EHUko errektore Nekane Balluerkak: “Ikerketa, Zientzia eta Berrikuntza Ministerioei eskatu behar diet ikerketan inbertitzeko, eta ikertzaileak konpentsatzeko galdu duten denboragatik. Zientzian inberti dezatela, bai oinarrizko ikerketan bai ikerketa aplikatuan”, esan du Balluerkak, pandemiak unibertsitateko ikerketei eragin dien kaltea kezkaz adierazi ondoren.

Teknologiaren papera suspertze sozioekonomikoan

Krisialditik irteteko, teknologia oso lagungarria izango da, izan ere, digitalizazioa negozio aukera bihurtu da, eta zibersegurtasuna, berriz, ezinbesteko gauza. Hala uste du BIC Arabako zuzendari Manuel Montero de la Torrek, esaten baitu pandemiak enpresa askoren eraldaketa digitala bizkortu duela eta, ondorioz, zibersegurtasuna abiadura berean garatu behar dela. “Mundu digitalean egiten dugun orok segurtasuna behar du, eta behar-beharrezkoa da gizartea ziberbabestuta egotea”, azaldu zuen CITA-Emprende ekitaldian.

Bestalde, Medikuntzan ere teknologiak protagonismoa hartu behar du. Foro horretan bertan, Naru Intelligence-ko CEO Eider Sánchezek azaldu zuen Adimen Artifizialak eta bestelako tresna digitalek irtenbideak eta tratamenduak diseinatzea ahalbidetzen dutela, pazienteen emaitza medikoak eta bizi-kalitatea hobetzen laguntzeko. Hori argi ikus daiteke orain: entrenamendu egokiarekin, posible da COVID-19 duten pazienteak tratatzeko algoritmo zehatza diseinatzea, eta osasun-sistemari gaixotasuna hobeto ezagutzen laguntzea.

Ikuspuntu zabalago batetik begiratuta, Mondragon Team Academy-ren fundatzailekide José Mari Luzarragak uste du lehendik martxan ziren aldaketak “azeleratu” dituela COVID-19aren krisiak, adibidez, “dimentsio digitala”. “Orain arte esaten genuen negozioa martxan zegoela, eta negozio digitala ezohiko gauza zela. Orain, krisi hau ikusita, alderdi digitala azpiegitura eta ezinbesteko elementu bihurtu da, hezkuntzan, zerbitzuen sektorean zein nazioarteko merkataritzan”, azaldu du Deia egunkariko elkarrizketa batean.

Euskal industriako erreferenteetako batek, Carlos López de las Herasek alegia, Tubos Reunidos enpresako zuzendari nagusiak, adierazi du “digitalizazioaren onurak ukaezinak direla”, batetik, produktibitatea areagotzen delako, lan berdina baliabide gutxiagorekin egin ahal baita, eta bestetik, “komunikazioa eta elkarlana handitzeak dituen abantailengatik, enpresek beren proiektuetan arrakasta izateko aukerak areagotzen baitira”. Deia egunkarian egindako elkarrizketa batean, baieztatu du teknologia aurreratuan, digitalizazioan, adimen artifizialean eta datuen tratamenduan egindako inbertsioari esker industriako enpresak eraginkorragoak izan daitezkeela, eta irtenbideak merkaturatu lehiakideek baino lehen.

Apustu horren barruan, Teknikerrek, Basque Research and Technology Alliance (BRTA) partzuergoko kideak, expertise zabala dauka, eta horrek irtenbide digital aurreratuen garapenaren abangoardian kokatzen du. Gainera, fabrikazio aurreratuaren arloan ere ezagutza zabalak ditu. COVID-19ak eragindako krisi sanitario eta ekonomikoa dela eta, horrelako irtenbideen eskaera nabarmen hazi da. Beren helburua da industriaren digitalizazioaren eta iraunkortasunaren (ekonomikoa, soziala eta ingurumenekoa) erronkei aurre egitea.

Krisi honen aurrean, Teknikerrek tresna berritzaileak garatzen ditu enpresen eraginkortasuna eta lehiakortasuna hobetzen laguntzeko, eta geure industria-ehunera ekartzeko.

Erronka horri aurre egiteko, Teknikerrek datu kopuru handiak kudeatzeko eta zibersegurtasuna bermatzeko gai diren tresna digitalak garatzen ditu, eta ikasketa-algoritmoak diseinatzen ere bai, Adimen Artifizialaren eremuan. Halaber, teknologiak ikertzen ditu garapen iraunkorra sustatzeko, hala nola, ekodiseinua eta ekoizpen garbia.

Hori guztia euskal industriaren core eta indargunea ahaztu gabe: fabrikazioko teknologiak. Tekniker erreferentea da arlo horretan, eta ekarpen baliotsua egiten du, batez ere zientziaren industrian eta automozioa, aeronautika, energia berriztagarriak eta makina-erreminta sektoreetan.