ALBISTEAK BUELTATU

Tekniker, Cervera Bikaintasun Sareko kidea
Material aurreratuak eta energia-trantsizioa, Tekniker-en parte-hartzea duten bikaintasun-sareak

CDTIk bultzatutako Cervera Sareak Europako abangoardian jarri nahi ditu estatuko zentro teknologikoak, hamar arlo estrategikotan, material aurreratuak, eko-berrikuntza, energia-trantsizioa, fabrikazio adimenduna edo osasunerako teknologiak, besteak beste. Tekniker-ek bi bikaintasun-saretan parte hartzen du: material aurreratuak eta energia-trantsizioa.

Espainian ikerketa aplikatua garatzen duten zentro teknologikoak indartzea eta Europako abangoardian kokatzea; Espainiako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Sisteman duten trakzio-lana sendotzea da Cervera Sarearen helburuetako bat.

Ekimen hori 2018an sortu zen Garapen Teknologiko eta Industrialerako Zentroak (CDTI) sustatuta. Zentro horiek teknologia estrategikoetan (Cervera lehentasunezko teknologiak) dituzten gaitasunak indartu nahi ditu sarean lan eginez, eta hainbat eragilerekin lankidetzan aritzeko gaitasuna ere sustatu nahi du, bereziki enpresekin, teknologia horietan.

Tekniker, ekimen honen helburuarekin guztiz bat datorren Basque Research and Technology Alliance (BRTA) erakundeko kidea da, bai eta Cervera Sareko kidea ere bi bikaintasun-sareren bidez (Cervera lehentasunezko teknologien esparruan): Surfera (material aurreratuak) eta Almagrid (energia-trantsizioa).

Surfera Bikaintasun Sareak gainazalen eta materialen tratamendurako teknologia- eta ingeniaritza-sarea osatzen du, jakintza-arlo horretan Europako abangoardian kokatzeko xedez.

Tekniker-ek gainazal multifuntzionalen garapenean PVD teknologien bidez eta gainazalen egituraketan laser eta NIL teknologien bidez eskaintzen dituen eskarmentuak eta bikaintasunak gainazaletarako soluzio babesleen garapenaren arduradun bihurtzen dute sarean, muturreko giroetan, estaldura optoelektrikoetan eta sentsore- eta jarduketa-gaitasuna duten gainazal aktiboetan (“Smart surfaces”) erabiltzeko.

Bestalde, Almagrid Bikaintasun Sareak metatze-sistema aurreratuak garatzeko sarea osatzen du, energia berriztagarriko teknologiak sare elektrikoan masiboki integratzeko beharrei erantzuteko eta, horrela, sektorean erreferentzia-sare gisa kokatzeko helburuarekin.

Tekniker-ek Almagrid du ardatz energia biltegiratzeko sistema gisa redox fluxuko baterien teknologiaren ikerketatan. Zentro teknologikoa ikerketa-ildo berriak lantzen ari da, bateria horien kostua, errendimendua, bizitza erabilgarria eta segurtasuna hobetzeko, ingurumen- eta birziklatze-alderdiak kontuan hartuta. Horretarako, elektrolito urtar ez-organiko berriak, osagaietarako materialak eta gelaxka-diseinuak aztertzen ari da.