Elkarrizketa

Fabrikazio gehigarria, industria aeronautikoan giltzarria

ELKARRIZKETA

Gracia Ramos Lora, Aerotecnic-eko Korporazio Baliabideen eta I+Gren zuzendaria

Aerotecnic konpainia liderra da sektore aeronautikoaren kudeaketa integralean, hegazkintza zibilaren nahiz militarraren arloetan. Bezeroen zorroan, nazio-mailako zein nazioarteko goi-mailako fabrikatzaileak dauzka. Konpainiak eskarmentu handia dauka I+Gko proiektuetan. Prozesuak hobetu eta teknologia berrietan gaitzeko estrategian, talde andaluziarrak ezinbestekotzat jotzen du I+Garen aldeko apustua. Elkarrizketa honetan, Gracia Ramos Korporazio Baliabideen eta I+Gren zuzendariak Teknikerren eta Aerotecnicen arteko lankidetzari eta sektoreko erronkei buruz hitz egin digu.

Pieza aeronautikoen fabrikatzaileak (adibidez, Aerotecnic) zein testuingurutan ari dira lanean?

Sektorearen gaur egungo egoera hain da kritikoa, ezen enpresa lehiakor eta eraginkorrenek bakarrik ziurtatu ahalko baitute epe luzera begira hazten jarraitzeko ekoizpen nahikoa sortzea.

Bestalde, globalizazioa, zalantzarik gabe, industria-sektorea hazteko faktoreetako bat da, eta sektore aeronautikoak ez dio ihes egiten. Horren erakusgarria da bezero potentzialak areagotu izana. Hala ere, lehiakideen kopuruak ere gora egin du, eta merkatu-kuotei eusteko eta/edo horiek handitzeko borroka handitu egin da.

Negozioa atzerriko merkatuetara (adibidez, Asiakora) hedatu izanak tokiko hornitzaileak pixkaka gaitzea ekarri du, eta sektore aeronautiko nazionalerako eta enpresa elkartuetarako arrisku handia da hori; izan ere, eraikitzaileek beraiek (OEM) herrialde horietara eraman dezakete ekoizpenaren eta azpikontratazioaren zati bat, ingurune europarreko ekoizpena modu jarraituan hobetzen ez bada eta kalitate handiagoko produktuak eskainiz lehiatzeko gai ez bada.

Testuinguru horretan, eraginkortasunaren eta produktibitatearen bilaketa giltzarria da, lehiakortasunean irabazi, merkatu-kuotari eutsi eta hori handitu edota balio-kateko prozesu guztiak hobetu nahi baditugu.

Lankidetza Aerotecnicen katalogoko titaniozko bi piezatan zentratu da. Zein dira material horrekin lan egiteko oztopoak? Fabrikazio gehigarriak nola lagundu dezake oztopo horiek gainditzen?

Titanioarekin fabrikatzea da fabrikazio metaliko aeronautikoaren eta Aerotecnicen zutabeetako bat, eta, gure enpresan, eraginkortasunarekin, irtenbide teknologiko berritzaileen garapenarekin eta gure prozesuen etengabeko hobekuntzarekin konprometituta gaude.

Fabrikazio horretan, materialaren kostuak berak amaierako piezaren kostuaren ehuneko handia hartzen du, eta, askotan, horixe izaten da hobetu daitekeen puntua. Prozesatuan eta mekanizazioan ezartzen dituen eskakizunak ere erronka handia dira, eta, piezak amaierako pisua kritikoa duten aplikazioetan erabiltzen direnez, hasierako eta amaierako materialen arteko ratioak (ratio buy-to-fly) oso altuak dira: gutxi gorabehera, amaierako piezak hasierako materialaren %5 dira.

Fabrikazio gehigarriari esker, hasierako material-kopurua izugarri murriztu daiteke, eta, hala, guztizko kostuetan asko aurreztu. Hasierako materiala murriztuta, halaber, askoz ere arbastu-mekanizazio gutxiago behar da, eta makina-denbora murrizten da horrela.

Laser Metal Deposition teknika titaniozko piezak fabrikatzeko balio duela egiaztatu da. Zein dira lankidetza honen hurrengo urratsak?

Teknologia horiek prozesu aeronautikoetan erabakitasunez txertatu ahal izateari begira, funtsezkoa da prozesuok ziurtatzea, proba mekaniko, neke-proba eta proba kimiko gehigarrien sorta zabal batean oinarrituz. Nabarmentzekoa da teknika horiei esker lortu den kalitate ona, etorkizun handiko emaitzak lortu baitira. Ziurtapena arrakastatsua izango dela pentsatzeko arrazoi nahikoak dauzkagu; baikorrak izan gaitezke.

Etorkizuneko erronkei dagokienez, fabrikazio gehigarriaren ondoriozko gainazalak bereziki zimurrak direla azpimarratu behar da. Horrenbestez, mekanizazio-prozesu bereziak egin behar izaten dira gero, eta, gaur-gaurkoz, mekanizazio-denbora erabat murriztu ezin izatea dakar horrek. Ondorengo mekanizazio-prozesuak optimizatzeko lan egitea erronka berria da, hobetzeko ahalmen handia duena. Hori lortuz gero, mekanizazio-denbora murriztuko da, eta, oro har, fabrikazio-prozesu osoen lead time-a hobetuko da.

Nola baloratzen duzu Teknikerrek LASTITAN egitasmoan egin duen ekarpena? Zure ustez, Tekniker bezalako zentro teknologikoek sustatzen dituzten irtenbideek zer-nolako ekarpena egiten diote sektore aeronautikoari?

Proiektua garatu bitartean, Tekniker oso partner baliotsua izan da, bertako profesionalen taldeari esker soluzioak eman baititu; Teknikerreko langileak oso konprometituta egon dira proiektuarekin, hasieratik bertatik.

Zalantzarik gabe, kalitate tekniko oso altuko emaitzak sortzea izan da Teknikerrek proiektuari egindako ekarpenik handiena, emaitza horiek bidea ireki dutelako eta aeronautika metalikoaren fabrikaziorako baliabideak eta materialak hobetzeko nahiz optimizatzeko orduan aurrera egiten jarraitzeko oinarriak ziurtatzen dituztelako. Teknologia gehigarrietan aurrera egiten jarraitzen lagunduko diguten proiektuetan lankidetzan jarraitu ahal izatea espero dugu, bai eta gero eta heldutasun-maila handiagoarekin aritzea ere, teknologion ziurtapena eta industrializazioa jorratzeari begira.