ESPEZIALISTAREN IKUSPEGIA
image1 image2

Lankidetza marka-balioa denean

ESPEZIALISTAREN IKUSPEGIA

Espezialistaren ikuspegia: Itziar Cenoz, Teknikerren Marketing & Digital business-eko zuzendaria

I+G+b ekosistemak funtsezko elementutzat dauka lankidetza. Antolakunde oro txiki geratzen da aurrez aurre ditugun erronka handien aurrean, eta, hori jakinik, Teknikerren hazteko eta hazarazteko aukeratzat hartzen dugu lankidetza-premia hori.

Historian zehar, askotan erabili izan da baterako ikaskuntza eta lanaren estrategia, eta, kultura ugaritan, garrantzi handiko jakintza kolektiboa sortu da horrela. Elkarlaneko ikaskuntzaren barruan, kide bakoitza arduratzen da bere ikaskuntzaz, baina, aldi berean, baita taldeko gainerako kideenaz ere; izan ere, interdependentzia positibotik, elkarreraginetik, norbanakoaren ekarpenetik eta norberaren nahiz taldearen trebetasunetatik sortzen da lankidetza. Benetako elkarlaneko ikaskuntza egon dadin, elkarrekin lan egiteaz gain, lankidetzan aritu behar da bakarrik lortu ezin daitezkeen jomugen lorpenean.

Ikuspegi horretatik abiatuta, Teknikerren funtzionatzen duten lankidetzen bidez pizten dugu motibazioa, soluzio aplikatuak sustatu eta merkatuari balioa eransteaz gainera, eskuratutako guztia elkarrekin lan eginez bakarrik lor daitekeela baitakigu. Gainera, gure ustez, bezero estrategikoekin, erakundeekin, talentu gazteekin, enpresekin, unibertsitateekin eta beste ikerketa-zentro batzuekin elkarlanean arituta, inguruan aberastasuna sorrarazten duen espektro zabal bat mugitzeko ahalmena duen ekosistema batean parte hartzen dugu.

Industriarekiko lankidetza

Gure ezagutza teknologikoari esker eta teknologia garapen berriei aplikatzearen gainean dugun ikuspegiari esker, enpresek hobeto ekoizteko aukerak sortzen dira.

"Industriari soluzioak ematea da gure xede nagusietako bat, eta, horretarako, enpresei lehiakortasuna hobetzea ahalbidetzen dieten ezagutza nahiz teknologia berriak sortu eta transferitzen ditugu. Ibilbide luzea egin dugu bezeroekin besoz beso lan egiten, haien eskaerei arreta ematen eta haien arazo eta aukerei azkar, eraginkortasunez eta modu praktikoan erantzuten. Zentzu horretan, lankidetza estu eta hurbilak eraikitzen dituzten sokek ahalbidetzen digute, bai eta berrikuntzarako bidea elkarrekin egiteko ezagutzak eta elkarrekiko konfiantzak ahalbidetzen ere, bezeroei eta gurekin lankidetzan aritzen diren enpresei balio erreal eta neurgarria duten erantzunak ematea."

Borja Coto, Teknikerreko Gainazal Multifuntzionaleko koordinatzailea

Unibertsitateekiko lankidetza

Halaber, kalitateko enplegu gehiago sortzen, jendea prestatzen, zientzia jendarteratzen eta talentua hazarazten laguntzen dugu, gure gazteek aukera gehiago izan ditzaten nonahi.

"Unibertsitatea dugu harrobirik onena. Han sortzen da etorkizuneko talentua. Aldi berean, ikasitakoa praktikan jartzeko edota ikerketa-bokazioa aurkitzeko toki aparta da Tekniker. Hezkuntza-arloko lankidetza-prozesuetan ere aritzen gara, ikasleek barrutik ezagut dezaten zentro teknologiko bat, praktikak egin edo, askotariko proiektuetan, gradu nahiz master amaierako lanak egin bitartean. Zalantzarik gabe, pertsonarik onenak erakarri eta atzemateko lehentasunezko bidea da hori, baina baita industriara ezagutza transferitzekoa ere. Apustu irabazlea da, etorkizun handiko karrera profesional erronkari bateranzko bidea.”

Ane Abadía, Pertsonen Kudeaketa eta Garapena

Plataforma teknologikoekiko lankidetza

Soluzioak garatu eta probatzeko, edota balio erantsi handiko produktu eta zerbitzu berrien garapenari bide emateko, ezinbestekoa da teknologia trukatu eta beharrezko azpiegitura partekatzea.

"Plataforma teknologikoak sareak dira, eta zentro teknologikoak, unibertsitateak, enpresak eta eremu teknologiko zehatz batean interesa duten bestelako entitateak biltzen dituzte. Lan-esparru bat da; besteak beste, Ikerketarako Agenda Estrategikoak zehazteko, sektoreko aurrerapen teknologikoetarako epe ertain eta luzera begirako xedeak finkatzen baititu. Teknikerrek hogei plataforma teknologikotan baino gehiagotan hartzen du parte modu aktiboan, nazioarteko nahiz estatuko mailan; besteren artean, arlo hauetan: etorkizuneko fabrikak, robotika, haize-energia, sare adimendunak, energiarako materialak, fotonika eta adimen artifiziala. Foro horietan egonda, etorkizuneko ikerketa-agendetan eragin dezakegu, eta, horrela, gurekin lankidetzan aritzen diren enpresen estrategiekin lerrokatu ditzakegu agenda horiek."

Aitor Alzaga, Teknikerreko Teknologiako zuzendariordea

Nazioarte-mailako lankidetza

Guretzat, oso garrantzitsua da teknologien ikuspegiaren arloan Europako xedeekin lerrokatuta egotea, bi alderditan; batetik, delako eremuko tekniken egoerari buruzko ezagutza eskuratzen dugu, eta gure laguntza ematen. Eta, bestetik, Europako erreferentziazko agenteekin elkarlanean aritzen gara, baina baita haiekin lehiatzen ere, eta Tekniker bezalako zentro teknologiko bati eskatu behar zaion bikaintasunari eustera behartzen gaitu horrek.

“1989an lehen aldiz parte hartu zuenetik, Teknikerrek eskarmentu handia pilatu du Europar Batasunak finantzatutako proiektuen zehaztapen eta exekuzioan; guztira, 280 proiektutan baino gehiagotan hartu du parte, eta kasuen %25ean koordinatzailea izan da. Horrenbestez, bezeroek proiektu europarretan parte hartzea sustatzen du Teknikerrek, ezagutzaren sorkuntza eta lankidetza industriarekin lerrokatuz.”

Alberto Alberdi, Teknikerreko Programa Europarren Ataleko koordinatzailea

Lankidetza estrategikoa

Era berean, ezinbestekoa da I+G+b-ren aldeko luzarorako apustu instituzionala egitea, lankidetza- eta hazkuntza-arloko oinarri sendoak eraiki daitezen eta ezagutzaren gizartea sor dadin; izan ere, gizarte horretan, kalitateko enplegu kualifikatuak bermatzen ditu oraina eta etorkizuna, eta, aukerak sortzeaz gain, gure gizartea, gure herria, orekatzen du.

"Bezeroekiko, erakundeekiko eta bestelako zentroekiko lankidetza estrategikoak ezinbestekoak dira gure jarduera garatzeko. I+G+b epe luzerako apustua da, eta harreman erregularrak eskatzen ditu, denboran iraunkorrak izan eta epe luzera funtzionatuko dutenak, egonkortasuna eman eta emaitzak lortzeari begira. Ildo horretan, aliantza eta lankidetza estrategikoei eustea da Teknikerren ardatz korporatiboetako bat, badakigulako batasuna eta lankidetza funtsezkoak direla."

Alex Bengoa, Teknikerreko zuzendari nagusia

Horrela, #ElkarlanEraginkorran lan egiten duten pertsona asko dauzkagu Teknikerren, askotarik profil eta eginkizunak dituztenak, eta guztiak dira beharrezkoak, zentroaren ikusmoldea aberasten dutelako eta, haien tokitik, zentroaren nahiz gurekin lankidetzan ari direnen hazkuntzari laguntzen diotelako. Askotariko begiradak, asmo komun bat lortzeko: balio-katean hurrengo elementua bultzatzen duten elementuak izan nahi dugu, dominoan bezalaxe, non hasierako bultzada txiki batek guztion onurarako marea handi bat eragiten duen.

Eta hori errealitate bat da. Teknikerren, 25 erakunde laguntzaile dauzkagu, eta plan teknologikoak nahiz eguneroko lana partekatzen ditugu haiekin; halaber, harreman estrategikoak dauzkagu euskal erakundeekin, unibertsitatearekin eta urtero gurekin fidatzen diren eta I+G+b-ko askotariko proiektuetan parte hartzen duten 250 bezerorekin baino gehiagorekin. Gainera, 5.000 lagun baino gehiago bertaratzen dira, urtero, dibulgazio-ekitaldietara.

Hori ez da amaiera, ordea, hazten jarraitzea eta gure lankideak hazarazten jarraitzea espero dugulako, gizarte gisa dauzkagun eraldaketa-erronka handiei (energia-eraldaketa, digitalizazioa, fabrikazio adimenduna eta ezustekoen aurrean erantzuteko gaitasuna) aurre egin nahi badiegu.

#ElkarlanEraginkorra #Elkarlana