TEKNOLOGIARA BUELTATU

Teknikerrek eta Erlo Groupek bat egin dute 4.0 Industriako soluzioak garatzeko
Harien kalitatea kudeatzeko eta prozesuen eraginkortasuna hobetzeko irtenbideak

Zentro teknologikoak eta Erlo Groupek makina konektatu eta automatizatu bat garatu dute, harien kalitatea kudeatzeko eta prozesuen eraginkortasuna hobetzeko. Lankidetza funtsezkoa da enpresa txiki eta ertainek Industria 4.0ari dagokionez har ditzaketen irtenbideak emateko.

Egun, industriaren bilakaerak ekipamenduak monitorizatzea ahalbidetzen du, Adimen Artifiziala bezalako teknologien bitartez, eta, horrenbestez, denbora errealean jakin dezakegu zein den ekipamenduen egoera eta zer nolako akatsak egon daitezkeen ekoizpenaren momentu jakin batean. Horri esker, enpresetako ekipamenduak fidagarriagoak dira, eta osagarrien higadura ere neurtu ahal dutenez, erabakiak aldez aurretik har daitezke.

Testuinguru horretan, Erlo Groupek, txirbil-harroketako eta deformazioko soluzioetan espezializatuak, automobilgintza edo aeronautika bezalako sektoreetako bezeroentzat hariaren kalitateari buruzko informazioa lortzea oso garrantzitsua dela identifikatu du.

Tekniker, Basque Research and Technology Alliance (BRTA) partzuergoko kidea, Erlo Groupekin lanean ari da makina konektatu bat garatzeko. Makina horrek Edge Computing bezalako teknologiak integratuko ditu hariari buruzko informazioa biltzeko, eta produktuaren kalitatea kudeatzea du xede. Hari-egiaztagailu bat da, datuak hodeian gordetzen dituena eta denbora errealean monitorizatu ahal dena. Hala, makinak informazio oso baliotsua emango die bezeroei, beren prozesuen eraginkortasuna hobe dezaten. Teknologia horri esker, kalitate-akatsak garaiz detektatzen dira harietan, ekoizpen-katearen kostuak murrizten dira eta eraginkortasuna areagotzen da, besteak beste.

Lankidetza honen bidez, Erlo Groupek eta Teknikerrek ibilbide luzeko aliantza estrategiko bat sortu dute, eta hori funtsezkoa da industria-ehunari lehiakortasun handiagoa emateko, enpresa txiki eta ertainek 4.0 Industria delakoari dagokionez har ditzaketen konponbideak emanez.

Zentro teknologikoak 4.0 Industrian eta makina konektatuetan duen know howa erabiltzen du soluzioak eskaintzeko eta ekipamenduak hobetzeko, sentsoreak erosi, prozesatu eta aztertuz. Izan ere, sentsoreek funtzionamenduan dauden anomaliak hautematen, diagnostikoa egiten eta eragin ditzaketen arazoak iragartzen laguntzen dute.

Proposamen teknologikoa da Teknikerren aktibo teknologikoa den Big Data SAM Smart Asset Managemenet plataforma egokitzea, datuak gordetzeko eta ondoren datuok aztertzeko. Plataformaz gain, erregistratutako informazioa konektatu, bildu eta biltegiratu behar da datalogger baten bidez, Erlo Groupen eskura jartzeko; hala, makinok ekoizpena kontrolatzeko etorkizunean agertzen diren beste sistema batzuetan ere erabili ahal izateko.

Ekoizpen-kateetan akatsak dituzten hariak garaiz detektatzeak aukera ematen die Erlo Groupi eta, oro har, enpresei, beren prozesuen produktibitate eta eraginkortasun handiagoa lortzeko. Halaber, proposamen teknologiko honekin, ekoizpen-kateak eraginkorragoak izango dira, egiaztatze-fasea laburragoa izango baita.

Teknologia honek prozesuaren trazabilitateari buruzko informazioa izatea ahalbidetzen die enpresei, eta, istripurik gertatzekotan, segurtasuneko informazio garrantzitsua ere bai. Horrez gain, piezaren batek huts egiten duenean, arazoaren jatorria ezagutu ahal da.