TEKNOLOGIARA BUELTATU

'Eye tracker' gailua, elementuak ukitu gabe kontrolatzeko
Teknikerrek, Irisbondekin lankidetzan, elektronika eta mekanika osoa diseinatu du

Hiruk, Irisbond euskal start-up-ak merkaturatu duen eta zentro teknologikoak garatutako teknologia daraman 'eye tracker' erako gailuak, ezer ukitu gabe eta begiradarekin bakarrik pantaila batean aukera bat hautatzea edo igogailuan solairua hautatzea ahalbidetzen du, besteak beste.

Posible al da egunerokotasuneko zenbait jarduera (hala nola, pantaila batean aukera bat hautatzea, igogailuari deitzea edo kutxazain batetik dirua ateratzea) begi-keinu soil batekin egitea? Aurrerapen digitalek ez daukate mugarik, eta askotariko gailuekin elkarreraginean aritzeko modua azkar ari da aldatzen.

Horren erakusgarria dira 'eye tracker' sistemak, eta horietako bat da Hiru. Plataforma anitzeko gailu teknologiko hori sekulako aliatua izan daiteke, eta ez gaixotasunen batengatik (hala nola, alboko esklerosi amiotrofikoaren ondorioz) mugikortasun murriztua dutenena bakarrik, baita edonorena ere, gaur egun, adibidez, infekzio-iturri izan daitekeelako Covid-19arekin kontaktuan egon den gainazal bat ukitzea.

Halaber, etorkizunera begira, besteak beste garraio autonomoranzko eta horren automatizazioranzko bidean beste urrats bat ematen laguntzeko tresnatzat jotzen da teknologia hori.

2021eko urtarriletik salgai

Irisbond euskal start-up-ak 2021ean atera zuen gailua merkatura, eta Basque Research and Technology Alliance (BRTA) aliantzako kidea den Tekniker zentro teknologiaren laguntza espezializatua izan du, produktuaren elektronika eta mekanika garatzeko orduan; produktua USB bidez konektatzen da beste gailu batzuekin (esaterako, tabletekin edo PCekin).

Horri begira, Teknikerrek, produktu elektronikoak garatzeko eremuan eskarmentu handia duenez, entseguak egiteko tresneria propioa ez ezik, gailuaren diseinu elektronikoa (hardwarea, behe-mailako driver-ak edota sistema eragile propioa garatzeko oinarri-softwarea) ere garatu du, baina baita produktuaren diseinu mekanikoa eta estetika ere.

Emaitza honako hau izan da: azken belaunaldiko 'eye tracker' bat, barne-prozesaketa, bereizmen handia eta irudiak hartzeko abiadura handia dauzkana. Gainera, badu abantaila lehiakorrik ere, tablet eta smartphoneetako sistema-eragileen hiru plataforma handiekin erabil daitekeen bakarra baita: Microsoft (Windows), Apple (iOS) eta Android.

Merkatura sartu eta Europan nahiz Estatu Batuetan merkaturatzeko, Teknikerren eta Irisbonden arteko lankidetzaren harira sortutako produktuak ziurtapen-prozesu zorrotz eta konplexua gainditu du, CE eta FCC markaketei dagokienez. Urtebetean baino gutxiagoan, mundu osoan sal daitekeen produktu bat garatu, probatu, ziurtatu eta industrializatu da.

Hiru bezalako gailu elektronikoek bateragarritasun elektromagnetikoko entsegu jakin batzuk gainditu behar dituzte (EMC), eta segurtasun elektrikoaren zein erabilera-segurtasunaren inguruko baldintza zehatz batzuk egiaztatu.

Zentro teknologikoak produktu elektroniko mota horietan eta ziurtapen-prozesuetan duen eskarmentua ezinbestekoa izan da. Gainera, Teknikerrek entsegu-tresneria propioa dauka, eta soluzioak barne-mailan baliozkotzea ahalbidetzen dio horrek.

Soluzio honi esker, edozein gailu begiradarekin kontrolatzeko askatasuna behar duten ekimenak garatu ahalko dituzte enpresek. Are, dagoeneko aplikazio posibleak planteatu dira hainbat sektoretarako; hala nola, automobilgintzarako, neuromarketinerako, smart home deiturikoetarako, robotikarako, osasunerako edo hezkuntzarako.