BUELTATU

ALBISTEAK

Elkarlaneko robot industrialak

Pertsona-robot elkarlana etorkizuneko fabrikako muntaketa- eta logistika-lanetan

Irtenbide robotizatu adimendun, malgu eta seguruen garapenean zentratu da proiektua, automobilgintzan eta ekipo-ondasunetan muntaketa-lanak eta barne-logistikaren arloko lanak egiteari begira.

Ingurune lehiakorragoak eraikitzea fabrikazio industrialerako. Horixe da ROBO-PARTNER proiektuaren xedea. Bertan, IK4-TEKNIKERek parte hartu du, eta mihiztaduran elkarlaneko automatizazio-sistemak sortzeko teknologia garatzea izan da kontua. Automatizazio-sistema horiek roboten trebetasunekin konbinatzen dituzte adituen ezinbesteko trebetasunak; hala nola, indarra, abiadura, errepikakortasuna eta zehaztasuna.

Hori lortzeko, robot industrialetan oinarritutako irtenbidea garatu da, eta, hesi fisikorik erabili gabe, pertsonen eta roboten artean lankidetza segurua egitea ahalbidetzen du horrek. Zehazki, hainbat ezarpen industrial garatu dira proiektuan; besteak beste, instalazioan zama handiak mugitzeko edo etxetresna elektrikoen elkarlaneko muntaketa egiteko ezarpenak.

Horretarako, segurtasun-estrategia eta -ekipo aurreratuak diseinatu dira. Horiei esker, hesirik gabe eraiki daitezke laneko guneak, eta, horietan, robotak elkarlanean aritu daitezke pertsonekin, mugimenduak kontrolatzeko estrategia aurreratuak erabiliz.

Era berean, mihiztadura-lanetan roboten eta langileen artean lankidetza egotea errazten duten interfaze intuitiboak garatu dira. Elkarreragin naturalagoa ahalbidetzen duten gailuetan (ahotsa ezagutzeko gailuetan) oinarritzen dira horiek.

Hainbat eszenatoki industrialetan baliozkotu dira aipatu teknologiak; automobilgintzaren sektorean, adibidez. Bertan, Tofaş automobilgintza-konpainia turkiarrak muntatu duen ibilgailu baten atzeko ardatzaren piezetako bat mihiztatu du robot industrial batek, langileekin elkarlanean arituta. Horrela, ergonomikoki hobeak diren lanpostuak sor daitezke.

Bestalde, JATORMAN ingeniaritza-enpresan egin da bigarren erakustaldia, tamaina handiko piezak garraiatzeko lanetan. Eta, azkenik, etxetresna elektronikoen industriara dago zuzenduta hirugarren erakustaldia. Hor, Electrolux enpresaren hozkailuen osagaietako baten muntaketan baliozkotu da irtenbidea.

IK4-TEKNIKERez gain, JATORMAN enpresa nafarrak ere parte hartu du proiektuan. Zama handiak mugitzeko eszenatokietako manipulazio-sistema automatizatuetan dituen gaitasunak eskaini zituen, Hercules robotari esker.

IK4-TEKNIKERek parte hartu zuen Hercules beso robotikoaren garapenean, adimenez hornitu baitzuen ekipamendua, elkarlaneko inguruneetan sartzea lortzeko.