BUELTATU

AGENDA | 2018.10.02 – 10.05

IK4-TEKNIKER parte hartuko du:

SolarPACES 2018

2018ko urriaren 2tik 5era
Casablanca, Maroko

IK4-TEKNIKERek SolarPACES 2018 biltzarrean parte hartuko du

2018ko urriaren 2tik 5era SolarPACES biltzarraren 24. edizioa egingo da Casablancan (Maroko). Eguzki-kontzentrazioko teknologiei (CSP) buruzko ekimenik garrantzitsuena da hori mundu-mailan, eta 40 bat herrialdetako 500 ikertzaile eta industria-ordezkari baino gehiago biltzen ditu urtero, sektore horretako aurrerapen teknologiko nagusiak, I+G jarduerak eta merkaturatzea parteka dezaten.

IK4-TEKNIKER 2006tik joaten da foro horretara, eta, aurten, nabarmendu egingo da, ponentzien programan parte hartuko baitu. Horretaz gain, bere erakustokia edukiko du, CSPren eremuan egin dituen garapen adierazgarrienak ezagutarazteko.

Presentzia nabarmena

Zentro teknologikoak “Integration of a non-immersion ultrasonic cleaning system in a solar concentrating field” izeneko ponentzia aurkeztuko du. Bada, ur gutxi kontsumitzen duen eta CIEMATen instalazioetako (Almeriako Eguzki Plataforma) heliostato-eremu batean integratuta dagoen ultrasoinu bidezko garbiketa-sistema bati buruzkoa da (zentro teknologikoak patentatu du garbiketa-sistema).

“SMARTCSP: The Industry 4.0 approach for an effective CSP cost reduction” izenburua darama bigarren ponentziak, eta prozesadoreak, sentsoreak eta komunikazioak CSP instalazioko osagaietan banatuta eta miniaturizatuta integratzeari buruzkoa da. Teknologia horrek, zeina 4.0 Industriaren barruan sartzen den, instalazioen adimen- eta autonomia-maila handituko du, eta, horri esker, prestazioak hobetzeaz gain, kostuak murriztuko dira. Halaber, CSP instalazioen kontzeptu berri horri esker, instalazioko jarduera eta mantentze-lanak hobetuko dira.

"MOSAIC, a new CSP plant concept for the highest concentration ratios at the lowest cost” izenburua dauka hirugarrenak, eta, bertan, eguzkiaren energia ustiatzen duten zentralen kontzeptu berria proposatuko du zentro teknologikoak, Fresnel konfigurazio batean jarritako kontzentratzaile esferiko finkoetan oinarrituta dagoena. Biltzarrean, konfigurazio modular horren aurretiazko emaitzak aurkeztuko dituzte; izan ere, konfigurazio horrek eragite gehienak kentzen ditu, eta, hortaz, kostuak murrizteko ahal handia dauka.

Bigarren eta hirugarren ponentzietan aurkeztuko dituzten garapenak elkarrekin egin dituzte IK4-TEKNIKERek eta Energia Berriztagarrien Zentro Nazionalak (CENER).

Azkenik, hainbat ikerketaren emaitzak aurkeztuko ditu IK4-TEKNIKERek ekitaldiko posterren sekzioan.

Informazio gehiago

Informazio gehiago izateko, sar zaitez SolarPACES biltzarraren webgunean.