BUELTATU

ALBISTEAK

Lantoki iraunkorrak eta etorkizuneko industriara egokitu daitezkeenak

Egokitu daitezkeen automatizazio mekanismoak, muntaketa egitean interakzioa hobetzen dutenak

Europako A4BLUE proiektuak, alegia, IK4-TEKNIKER buru duenak, automatizazio mekanismoak ekarri ditu fabrikazio-prozesuetara, produkzio-sistema langileari egokitu eta, hortaz, bere ahalmena areagotzeko.

Gaur egun sektore batzuetan dagoen lehiakortasuna, esaterako, aeronautikan, eta etengabe dauden aurrerapen teknologikoak direla eta, fabrikatzaileak behartuta daude produktibitate indizeak hobetzera eta malgutasun handiko produkzio-sistemak garatzera.

Sistema horiek guztiak langileen beharretara egokitzen direla bermatze aldera, A4BLUE proiektuaren (2016an abiarazi eta 2019ko irailean amaituko dena) helburua zera da: egokitu ahal diren lantoki iraunkorrak sortzea eta baliozkotzea, prozesuetan etengabe dauden aldaketa eta eskakizunei aurre egitea ahalbidetzen dutenak eta langileen ezaugarrietara egokitzen direnak.

A4BLUE proiektuak egokitu ahal diren automatizazio mekanismoak ekarriko ditu lana modu eraginkorrean eta malgutasunez egin ahal izateko, betiere, pertsonen eta makinen interakzioa segurua dela bermatuta. Halaber, langileei laguntza emateko sistema pertsonalizatuak ere biltzen ditu proiektuak, errealitate birtual eta areagotuko sistemak dituena, muntaketa-prozesuko jardueretan laguntzeko.

Ez da automatizazioen mailan soilik egokitzen; lantoki osora zabaltzen da, eta helburua da langilearen beharretara eta profilera egokitzea. Ondorioz, IoT arkitekturan (Internet of Things) oinarritzen da, uneoro produkzio-testuinguruaren berri izateko, inguruneko elementuen informazioa lortuta. Horren adibide dira, besteak beste, automatizazio-ekipoak, segurtasun-sentsoreak, pertsonak automatizazioarekin aritzeko gailuak ahots/keinuen bidez eta produkzio-kudeaketarako sistemak.

Era berean, proiektuan produkzio-fabrikan zein neurritan automatizatu behar diren zehazteko metodologiak garatu dira, eta langileen poztasuna eta produkzio-sistema berrietan erabilgarriak diren ere ebaluatu dira.

A4BLUE proiektuan lan egiten duen partzuergoak lantoki berri hauek probatzen ari da lau toki errealetan: Airbus eta CESA aire-konpainien, Sistema Aeronautikoen Espainiako Konpainiaren (Héroux-Devtek taldearen atala) RWTH Aachen University unibertsitatearen eta IK4-TEKNIKERen beraren instalazioetan. Bertan egiten ari dira horien ezarpenaren pilotuak.

Airbusen kasuan, sistema hidrauliko konplexu baten muntaketa izango da agertokia, hegazkin baten aurrealdeko lurreratze-trenaren hegalaren panelean instalatuta dagoena. Kasu honetan, malgutasuna eta produktibitatea hobetu nahi dira, muntaketaren prozesu bakoitzaren parametroetara automatikoki egokitzen diren tresna “adimendunak” erabiliz, ekoizpen-testuinguruaren arabera. Operazio horretan, langilea urratsez urrats doa muntaketa-prozesuan errealitate areagotuko betaurrekoekin.

Bestalde, ekipamendu fluido-mekanikoen Europako burua den CESAk (gaur egun, Héroux-Devtek Spain), hegazkin baten lurreratze-trenean erabiliko den eragingailu hidrauliko baten muntaketa optimizatu nahi du. Horretarako, bizarrak kentzeko prozesuaren denbora murrizten saiatzeaz gain, baldintza ergonomiko eta segurtasun-baldintzak ere hobetzen saiatzen da. Horrez gain, tresna adimendunak erabiliko dira langileek aldi oro informazio erabilgarria atzitu eta parteka ahal izan dezaten muntaketa-prozesuan, errealitate areagotuko gailuen bidez, haien gaitasunak sustatzeko eta haien jarduerak betetzen laguntzeko.

Ikerketa honen hirugarren agertoki pilotua IK4-TEKNIKER izango da. Bertan, pertsonen eta roboten arteko lankidetzan oinarritutako giroa latch balbula baten muntaketara egokituko da aeronautika-sektorerako. Robota langilearen ezaugarrietara egokitzeko mekanismoak eta interakzio multimodalerako gaitasun mekanismoak (ahotsa eta keinuak) erabiliko dira, baita laguntza pertsonalizatua ere, muntaketa egiteko. Gainera, robotak segurtasun aktiboko mekanismoak ditu elkarlaneko ingurunean, objektu bizigabeen eta pertsonen artean bereizteko; are gehiago, gai da pertsona baten atalak bereizteko, horren arabera duen portaera egokitzeko.

RWTH Aachen University unibertsitatearen kasuan, ibilgailu elektrikoen azken muntaketa hobetzen saiatuko dira. A4BLUE proiektuak plataforma mugikor autonomo bat eraiki du tresnez hornitzeko. Hala, langilearen eraginkortasuna eta ergonomia hobetuko dira, eta plataformarekin duen interakzioa ere bai. Halaber, argibide pertsonalizatuak ematen dizkio langileari, bere esperientziaren eta gaitasunen arabera, muntaketa-lanetan eraginkorragoa izan dadin.


This project has received funding from the European Union’s Horizon 2020 research and innovation programme under grant agreement n° 723828.