BUELTATU

ALBISTEAK

Pigmentu adimendunak: korrosioa saihestu, bakterioak aldaratu eta temperatura erregulatzen dute

Mantentze-kostuak murriztu eta eranginkortasun energetikoa hobetzen dute

Automobilgintzan eta eraikuntzan kostuak murriztea eta eraginkortasun energetikoa hobetzea helburu dituen Europako proiektu baten koordinatzaile zientifikoa da IK4-TEKNIKER. 2012an 4,6 milioi euroko aurrekontuarekin abiatu zen proiektu hori otsailaren 28an burutu zen.

IK4-TEKNIKER zentro teknologikoak bere ezagutza Europako proiektu baten zerbitzura jarri du, eraikuntzan eta automobilgintzan mantentze-kostuak murrizteko eta eraginkortasun energetikoa hobetzeko xedearekin. Proiektu horren helburua da pigmentu adimendun batzuk diseinatzea, kolorea emateaz gain korrosioaren eta bakterioen aurkako propietateak eta tenperatura erregulatzeko ahalmena ere izango dutenak.

EBko Zazpigarren Esparru Programak finantzatzen du Nanopigmy izeneko ekimena, eta, haren barruan, merkatuan ez dauden produktu guztiz berritzaile batzuk garatu dira: kolorea emateaz gain funtzio gehigarriak ere badituzten pigmentuak.

Euskal zentro teknologikoa, proiektuaren koordinatzaile zientifikoa, arduratu da pigmentuei molekulak eta nanoestaldurak eransteaz, zenbait funtzio guztiz erabilgarri izan ditzaten: korrosioaren aurka babestea, bakterioak aldaratzea, onddoen ugalketa galaraztea, fatxadetarako autogarbiketa-propietateak izatea eta, azkenik, beroa metatu eta tenperaturaren erregulatzaile gisa funtzionatzea.

Proiektuaren barruan, zeramikazko pigmentu ez-organikoak errendimendu handiko pigmentu bihurtzea lortu da, materialen xurgatze-teknikak konbinatuz eta nanoestaldurak aplikatuz.

IK4-TEKNIKEReko Miren Blanco ikertzaileak dioenez, diseinatutako pigmentuak automobilgintzako eta eraikuntzako zenbait aplikaziotan probatu dira, eta, plastikoei, zementuei edo pinturei erants dakizkiekeenez, "merkatu askotara hel daitezke".

"Beren burua garbitzeko eta beroa metatzeko gaitasuna duten pigmentu hauek eraikinen fatxadetan erabiltzen badira, mantentze-kostuetan eta energia-kontsumoan diru asko aurrezten da, eta horrek erruz konpentsatzen du produktuak duen prezioa", azaldu du Blancok.

Ikertzailearen esanean, funtzio anitzeko pigmentu horiek erabilgarriak dira alokairuko ibilgailuen sektorean ere. Izan ere, izpi infragorriak islatzeko gaitasuna eta bakterioen aurkako propietateak dituzten produktuak garatzea lortu da, eta, beroa metatzea eragozten dutenez, aire egokituaren kostua murrizten da.

Blancoren iritziz, hiru urte iraun duen eta otsailaren 28an amaitu den proiektu honetan "oso emaitza positiboak" lortu dira.

Proiektuak 4,6 milioi euroko aurrekontua izan du, eta, Nubiola Pigmentos enpresa gidari zela, parte-hartzaile hauek izan ditu, besteak beste: Fiat Ikerketa Zentroa, Herbehereetako CPS Color koloratzaileen enpresa, Adama Mickiewicza poloniar unibertsitatea, Acciona Infraestructuras espainiar eraikuntza-enpresa, eta Erresuma Batuko Performance Masterbatches Limited kontzentratu plastikoen garatzailea eta BSRIA aholkularitza-enpresa.

This project has received funding from the European Community's Seventh Framework Programme (FP7-NMP-2011-SME-5) under grant agreement no 280393.