BUELTATU

ELKARRIZKETA

“Transmisio mekanikoek funtsezko zeregina mantenduko dute aireontzietan”

Jose Amores,
EGILE CORPORATION XXI taldeko Berrikuntzako eta Garapeneko zuzendaria

Jose Amores EGILE CORPORATION XXIko Berrikuntzako eta Garapeneko zuzendaria da, eta talde horretako kide da DMP (Desarrollos Mecánicos de precisión) Gipuzkoako enpresa. DMPk, batez ere, aeronautikaren sektorerako doitasun handiko osagai mekanikoen fabrikazio integralean dihardu. Elkarrizketa honetan, Amoresek newteki azalduko dio zeinen garrantzitsua den Tribologia motor aeronautiko baten diseinu-fasean.

1.- Zer abantaila nagusi ditu produktu edo ekipamendu bat diseinatzeko fasean analisi tribologikoa kontuan hartzeak?

Abantaila nagusia da ezen, hori eginez gero, produktuaren bizi-ziklo osoa diseinu fasean zehar kontuan har dezakegula. Kontuan izan motor aeronautiko batek eta erlazionaturiko sistemek 25 urte iraun ahal dutela.

Sistema aeronautiko kritiko bat garatzeko, gerta daiteke 10 urtetik gora behar izatea, industrializazioa barne. Baina lehen urtea da kritikoa, orduan zehazten baita produktua kontzeptualki, Preliminar Design Review – PDR.

Behin mugarri hori gaindituta, ez dago atzera-bueltarik. Zerbait behar bezala kontuan hartu ez baduzu, litekeena da 10 urtera ikustea zure produktua ez dela saltzen.

Beraz, portaera tribologikoak gure sistemen funtzionamenduari eragiten dionez, garapeneko lehen etapetan nahitaez kontuan hartu beharreko faktore bat da.

2.- DMPk aeronautikaren sektorerako engranajeak egiten ditu. Zer egin dezake tribologiak hegazkingintzako motorren eraginkortasuna hobetzeko eta erregaiak eta gas-emisioak murrizteko?

Eraginkorragoak eta ekologikoagoak izateko, konfigurazio berrietan oinarritzen dira etorkizuneko motorrak. Hain justu, motor horiek, kontrako biraketako open rotor motorrek (Rolls-Royce, Snecma) eta Geared Turbofan motorrek (MTU, Pratt & Whitney), erreduktore epizikloidal bat sartu dute sistema giltzarri gisa.

Bestetik, helikoptero-motorren fabrikatzaileak ere —esaterako, DMPren bezero den Turbomeca— ahalegin handiak egiten ari dira gaur egungo turboshaften eraginkortasuna hobetzeko. Ez dugu ahaztu behar, gainera, motorretik aparte badirela beste transmisio-sistema batzuk helikopteroetan kritikoak direnak: Main Gear Box, Propeller Gear Box eta Tail Rotor Gear Box.

Beraz, sistema horiek are garrantzitsuagoak izango dira etorkizunean. Hain zuzen, motor-enpresek dagoeneko eskatzen digute joera horrekin bat egiteko eta sistema aeronautiko arinagoak, isilagoak eta eraginkorragoak garatzeko. Eraginkortasunari dagokionez, potentzia-galerak zehazten du eraginkortasuna, batez ere, eta potentzia, berriz, engranajeen arteko marruskadurak. Hor egin dezake ekarpen handia tribologiak.

3.- Zer garrantzi du osagaien higadura eta korrosioa kontrolatzeak hegazkingintzan?

Motor-enpresek ez dute motorrik saltzen jada, zerbitzu-orduak baizik. Horrek esan nahi du zure sistemaren fidagarritasuna eta iraunkortasuna bermatzeko gai izatea lehia-abantaila dela negozio-eredu berri honetan.

Mantentze-lanen kostua hegaldiaren orduko kostua baino %20 handiagoa izan daiteke. Horregatik, kudeatu eta murriztu beharreko kostua da. Mantentze-lan prediktiboen kontzeptu berri batek, ”Health and Usage Monitoring”, aurrea hartu nahi dio edozein hausturari edo osagai gakoen erabilera luzatu nahi du, hau da, erreduktore baten engranaje, ardatz eta errodamenduena, eta, hala, onura ekonomikoak eskaini aerolineari. Horretarako, funtsezkoa da osagai horien higadura kontrolatzea, dela lubrifikatzailearen analisiaren bidez (higadura dela eta, partikula metaliko gehiegi dauden ikusteko), dela erreduktorearen bibrazioaren eta/edo soinuaren aldaketaren bidez.

IK4-TEKNIKER aditua da lubrifikatzaileak erabiltzen ari diren bitartean analizatzen.

4.- Zer ekarpen egiten dio IK4-TEKNIKEReko Tribologia Unitateak DMPri haren espezialitatea den doitasunezko osagai mekanikoen produkzioan?

IK4-TEKNIKERek engranajeen hutsegite-modu nagusiei buruz —scoring, scuffing eta pitting— duen ezagutzak eta haren esperimentazio-gaitasunak erreduktoreek nola funtzionatzen duten hobeto ulertzen laguntzen digute.

“Clean Sky” programaren barruan eta IK4-TEKNIKERekin partzuergoa osatuz, DMPk zuzentzen duen OPTIMIZE proiektuari esker, erreduktoreen higadura eta errendimenduan engranajeen fabrikazio perdoien eragina ulertzen ari gara.