BUELTATU

ALBISTEAK

Industry 4.0: “Time to market” kasua

Malgutasuna, birkonfiguragarritasuna eta segurtasuna

Elkarlaneko robotikak soluzio malguagoak eta birkonfiguragarriak eskaintzen ditu.

Merkatuaren proiekzioen arabera, gero eta hegazkin gehiago beharko dira, eta 2030a bitartean 30.000 hegazkin berri beharko dira. Hazkunde handi horrek “time to market” delakoa asko murriztera behartuko du. Horren ondorioz, automatizaziorantz jo beharko da, eta hori konplikatua da beti aeronautikaren alorrean.

Aeronautikaren sektorean diharduen ETE batentzat, halakoa da DMP, zaila da ekoizpena instalazio dedikatutan antolatzea, pieza-familia baten bolumena ez baita horrelako konfigurazioak justifikatzeko bezain handia.

Gainera, osagaiak forma, tamaina eta espezifikazio tekniko askotakoak direnez, ekoizpen-sistemek ahalik eta malguenak, adimendunenak eta birkonfiguragarrienak izan behar dute, eta konektatuta egon behar dute.

DMPk bere negozioaren eskaerei erantzuteko behar dituen teknologiek aukera eman behar dute CNC programak automatikoki zuzendu eta birkonfiguratzeko, eragiketetan erreminten higadura eta bibrazioak monitorizatzeko, makinan neurketak egiteko edo prestaketa-denborak murrizteko.

Azken batean, prozesuari malgutasuna emango dioten teknologiak behar dira, teknologia adimendunak, konektatuta daudenak eta behar aldakorretara egokitzeko gaitasuna dutenak, hala, langilea balio erantsi handiko jardueretan aritu dadin.

IK4-TEKNIKERek teknologia gaitzaileak dituzten automatizazio- eta robotika-soluzioak lantzen ditu, eragiketa optimizatuz, denborak eta kostuak murriztuz eta fidagarritasuna handituz prozesuen eraginkortasuna hobetzeko. Horrez gain, bere bezeroen bizkortasun-, doitasun-, malgutasun-, birkonfiguragarritasun- eta segurtasun-eskaerei erantzuten dieten soluzio aurreratuak garatzen ditu.

Zentro teknologikoa eta DMP lankidetzan aritu dira elkarlaneko robotikako soluzio bat garatzen: aeronautikako multzo bat muntatzeko robot bimanipulatzaile bat. Elkarlaneko lan-inguruneko kontzeptu berri bat da, non prozesuaren eraginkortasuna bilatzen den eragiketaren segurtasuna bermatuz.