BUELTATU

ELKARRIZKETA

"Eguzki-energia sendotu egin da etorkizun berriztagarrian"

Luis Crespo,
Protermosolarreko eta ESTELAko presidentea

Eguzki-industria Termikoa Sustatzeko Espainiako Elkarteko, Protermosolarreko eta ESTELA Eguzki-industria Termoelektrikoaren Europako Elkarteko presidentea da Luis Crespo. Elkarrizketa honetan, teknologia horrek energia sortzeko beste teknologia batzuen aldean dituen abantailak jorratu ditu Crespok, eta eremu horretan egin diren aurrerapen teknologiko nagusiak azaldu ditu.

1.- Eguzki-teknologia termoelektrikoak garapen handia izan du azken urteotan. Zergatik ikusi du industria europarrak aukera bat eremu horretan?

Historiari begiratzen badiogu, Estatu Batuek hasi zuten eguzkiaren beroa ustiatzen duten zentralen merkataritza-zabalkundea, 80ko hamarkadaren erdialdean, baina sektore honetan "eguzki-gau termiko luze eta iluna" esaten diogunaren ostean (80ko hamarkadatik 2005era bitarteko aldia da hori, non ez zen eraiki eguzkiaren beroa ustiatzen duen zentralik), Espainian instalatu ziren 2,3 GW, 2007aren eta 2013aren artean, eta gure herrialdea da, oraindik ere, instalazio-potentziari begiratuta, mundu-mailan liderra.

Hiru inguruabar nagusi elkarrekin gertatu izanak azaltzen du fenomeno hori.

Alde batetik, Almeriako eguzki-plataforman 30 urtez ikerketan aritu ondoren, gure herrialdean teknologia horren gainean zegoen ezagutza-maila. Hasiera batean, nazioarteko laborategia izan zen plataforma hori, eta bederatzi herrialdek hartzen zuten parte. 80ko hamarkadatik aurrera, hainbat enpresak eta ikerketa-zentrok, espainiarrak eta alemanak batez ere, teknologia hori garatzen jarraitu zuten.

Bestetik, 2004an argitaratu ziren lehen aldiz, eta 2007an gero, eguzki-elektrizitate termikoa ekoizteko pizgarriak. 1997an, Sektore Elektrikoari buruzko Legearen garapenean, ukatu egin ziren pizgarri horiek, baina haize-energia eta energia fotovoltaikoa pizgarriak jasotzen hasi ziren, nekez uler daitezkeen arrazoiengatik.

Eta, azkenik, enpresa batzuk, espainiarrak eta alemanak batez ere, inbertitzen hasi ziren; bai zentralak eraiki zitezen, bai osagaiak eta sistemak hobetzeko baliabideak sor zitezen.

2013tik, Europan ez da eraiki eguzkiaren beroa ustiatzen duen zentralik; hala ere, enpresa europarrak, espainiarrak batez ere, sustatzaile, ingeniari, teknologia-kide, EPCgile eta are fabrikatzaile gisa hartu dute parte Estatu Batuetan, Marokon, Hegoafrikan eta Arabiar Emirerrietan ordutik eraiki diren zentral gehienetan. Horrela, mundu-mailako lidergoari heltzen jarraitu ahal izan du Espainiak teknologia horretan.

2.- Zeintzuk dira azken urteotan eremu horretan egin diren aurrerapen teknologiko nagusiak, eta zer-nolako abantailak dauzkate energia sortzeko beste teknologia batzuen aldean?

Eguzkiaren arloko osagaiak (hodi xurgatzaileak, ispiluak eta kolektore zilindro parabolikoen egiturak, adibidez) garatzeko orduan gaur arte nagusi izan den teknologiak bilakaera nabarmena eduki du; izan ere, neurriak handitu dira, etekinak hobetu dira eta kostuak murriztu dira.

Beste alde batetik, dorre-zentralak indarrez ari dira sartzen. Teknologia horrekin instalatu diren zentralen kopurua askoz ere txikiagoa da zilindro paraboliko motako zentralena baino; dena dela, kostuak oso antzekoak dira, eta energia-bilketaren eta elektrizitate-sorkuntzaren artean hain akoplatuta ez dauden jarduketa-moduak eskaintzen ditu, bai eta prestazio hobeak, biltegiratze-kostu txikiagoa eta, oro har, lehiakortasun-gaitasun handiagoa ere.

Hain zuzen ere, elektrizitatea eskariaren beharrei jarraituta bideratzeko gaitasuna da eguzkiaren beroa ustiatzen duen teknologiaren funtsezko abantaila, energia sortzeko beste teknologia batzuekin alderatuz gero. Kostua handiagoa izan arren, eta sistema elektrikoari dagokionez, eguzkiaren beroa ustiatzen duten zentralak askoz ere lehiakorragoak dira fotovoltaikoak baino, zeintzuekin baliabide bera partekatzen duten. Gaur egun, eguzkiaren energia ustiatzen duen zentral batek sortzen duen kWh-aren kostua askoz ere txikiagoa da zentral fotovoltaikoan sortzen denarena baino, eta biltegiratze-gaitasun berbera dute (adibidez, sei ordukoa). Iragarpenen arabera, 2030era arte eutsiko zaio joera horri.

3.- Azken urteetan erakundeen laguntza handia jaso duten beste energia berriztagarri batzuk daude; haize-energia edo fotovoltaikoa, esaterako. Zein da, gaur egun, eguzki-energiaren egoera?

Lehen esan dudan bezala, eta gure herrialdeari dagokionean, beste teknologia batzuei baino ia hamar urte beranduago hasi ziren laguntza ematen eguzki-energiari. Espainian zein mundu-mailan, fotovoltaikoak jaso duen -eta jasotzen jarraitzen duen- laguntza izugarria da, eguzki-energiarekin alderatuta. Horrexek azaltzen du eguzki-energiaren 5 GW bakarrik egotea instalatuta, eta haize-energiaren 500 GW eta fotovoltaikoaren 300 GW egotea mundu osoan.

Inork gogoratzen du zenbat balio zuen fotovoltaikoak, mundu-mailan 5 GW bakarrik zeudenean instalatuta? Eguzki-energiak gaur balio duena baino hamar aldiz gehiago.

Laguntza izugarri horiei esker, fotovoltaikoak bolumena lortu du merkatuan, eta kostuak murriztea ahalbidetu du horrek. Aldi berean, gutxieneko kostuarekin berriztagarrien ekarpen handiagoa edukitze aldera herrialde askotan abiarazi diren politikekin berrelikatu da. Alabaina, kudeatu ezin daitezkeen berriztagarrien maila batetik aurrera, politika horiek muga bat dute. Berriztagarri horien gaitasun berriak, funtsean, ez dio baliorik eransten sistemari, eta deflazio-ondorioak dauzka gainerako sistemari eragiten dioten merkatuetan.

Gure ustez, arazo horretaz ohartzen hasi dira energia-planifikatzaileak eta arduradunak, eta eguzkiaren energia ustiatzen duten zentralen balio-proposamena ulertzen hasi dira. Maroko da horren adibide ona; izan ere, eguzki-programa bat planifikatu du 2020rako. Horren bidez, eguzki-energiaren ekarpen handiagoa jasotzen da zentraletan, fotovoltaikoa baino. 

4.- Eguzki-industria termoelektrikoak I+G eremuko inbertsio handiak behar ditu, beste aukeren aurrean lehiakorra izan dadin. Ildo horretan, zer-nolako eginkizuna dute zentro teknologikoek sektoreari balio erantsia emateko orduan?

Datozen urteetan, teknologia horren balio-kate zabalean lehiakortasuna areagotuta eta marjinak murriztuta gutxituko dira, hein batean, eguzkiaren beroa ustiatzen duten zentraletako kostuak.

Horretarako, hobekuntza teknologikoek eragin handia izango dute, eta, hobekuntza teknologikoak gerta daitezen, oinarrizkoa izango da zentro teknologikoen eta enpresen artean lankidetzan aritzea. I+G materialetan, osagaietan eta kontrol-sistemetan, ziklo berrietan, fluido termiko berrietan, osagai merkeagoetan eta prestazio hobeetan, ur-kontsumo txikiagoa duten hozketa eta garbiketa-sistemetan etab. erabakigarriak izango dira horiek eguzkiaren beroa ustiatzen duten zentralen lehiakortasunerako, iristear dagoen etapa berrian.

5.- Energia-iturrien eta energia-kontsumoaren inguruko debatea izugarria izango dela ematen du. Datozen urteei begira, zein da zure iragarpena?

Badirudi argi dagoela herrialde gehienetan ez direla berriro eraikiko erregai fosila erabiltzen duten zentralak, inork ez baitaki zein kostu edukiko duten igorpenek datozen urteetan, edo, are, ikatza edo gasa errez sortzeari mugak ezarriko zaizkion ere. Horren ondorioz, gero eta zailagoa izango da horiek finantzatzea.

Era berean, ez dirudi zentzuzkoa denik zentral nuklear berriak eraikitzea teknologia horren inguruan termino energetikoetan bakarrik pentsatzen duten herrialdeetan. Askoz ere garestiagoa da zentral nuklear berrietan energia sortzea berriztagarria sortzea baino, eta, gainera, inork ez daki zenbat tardatuko duten zentral nuklear berri bat eraikitzen, zenbateko kostua izango duen amaitutakoan, ez eta, munduko tokiren batean zoritxarreko istripu bat gertatuz gero, eraiki ondoren jarduten utziko zaion ere.

Hala ere, instalazio-potentzia handiagoa beharko da, bai garapen bidean dauen herrialdeetan, instalazio-gaitasuna bikoiztu behar baitute hurrengo hamar urteetan, bai industrializatuetan, baita Espainian ere. Izan ere, aurre egin behar zaie ohiko zentralen jardute-bizitzaren amaierari eta ezarpenak egoitza-mailan, industria-mailan eta garraio-mailan elektrifikatzeko joerari.

Ondorioz, etorkizuna berriztagarria izango da batez ere. Gainera, badira bi edo hiru urte ahalmen berriztagarria handiagoa dela konbentzionala baino. Gauzak horrela, kudea daitezkeen zentral berriztagarrien tokia (eguzki-energia, biomasa edo energia hidraulikoa) haziz joan beharko da, modu jarraituan. Badago pentsatzen duenik sorkuntza merkeenaren alde egiten jarraitu behar dela, eta, eskariak behar duenean, sistemak bere gain hartu behar dituela elektrizitatea ziurtatzeko kostuak.

Aditu batzuen ustean, kudea ezin daitezkeen berriztagarrien ekoizpenaren soberakinak jasoko dituzte biltegiratze-sistema garestiek, inolako kosturik gabe, sistemari emateko gero, gehieneko prezioa dutenean. Nork inbertituko du kudea ezin daitezkeen instalazioetan, soberakinak oparitzeko? Zein arautzailek baimenduko du hori gertatzea, sisteman sartuko dituen disfuntzioekin?

Nire ustez, badakigun arren "farmazian aspirinak daudela, hobe da buruko minik ez edukitzea". Horregatik planifikatu behar dira etorkizuneko sistema elektrikoak "balioaren" ikuspegitik begiratuta, eta ez sorkuntzaren "kostutik" begiratuta. Gogora dezagun Machado, zera esaten zuenean: "leloek bakarrik nahasten dute balioa prezioarekin".

Beraz, sistema elektrikoaren diseinuaren etorkizuneko zentzuzko eszenatoki batean, berriztagarriek oro har eta eguzki-energiak bereziki presentzia nabarmena edukiko dute herrialde eguzkitsuetan, eta, planetako toki batzuetan, Energiaren Nazioarteko Agentziak (AIEk) aurreikusi duen bezala, sorkuntza-modu zentralizatu nagusia izango da hori, haziz doan sorkuntza fotovoltaiko banatuarekin batera biziko dena.