BUELTATU

ALBISTEAK

Ur-kontsumoa optimizatzea eguzkiaren beroa ustiatzen duten instalazioetan

Baliabide hidrikoen erabilera murriztea eguzki-instalazio termoelektrikoetan

IK4-TEKNIKERek parte hartzen du eguzki-instalazio termoelektrikoetan baliabide hidrikoen erabilera %70 eta %90 artean murriztu nahi duen proiektu europar batean.

Kontzentraziozko eguzki-energia termikoak (CSP delakoak) ispiluak edo lenteak erabiltzen ditu gainazal txiki batean kontzentra dadin eguzki-argiaren kopuru handi bat. Energia sortzeko beste teknologia batzuek baino ingurumen-inpaktu txikiagoa sortzen duelako nabarmentzen da sistema hori.

Instalazio termikoen beste tipologia batzuek (gasa, ikatza, nuklearra eta abar) bezalaxe, CSP instalazioek ur-kopuru handia (2000-3000 m3/GWh) kontsumitzen dute lurruna sortzeko eta zikloa hozteko. Ziklo termodinamikoarekin berarekin lotzen da, batez ere, gastu hori: hozketarekin (%82-94) eta garbiketarekin (%4-8). Eguzkiaren beroa ustiatzen duten instalazioetan, kopuru gehigarri txikiagoa gaineratzen da eguzki-eremua garbitzeko (%2-10).

Horizon 2020 programa europarrean dago sartuta WASCOP (“Water Saving for Concentrated Solar Power”) proiektua, eta IK4-TEKNIKERek parte hartzen du. Bada, teknologia malgu berriak garatu eta baliozkotu nahi ditu proiektu horrek, ur-kontsumoa %70 eta %90 artean murrizteko eguzki-instalazio termoelektrikoetan.

Horretarako, hozketa-prozesu efizienteagoak eta jasangarriagoak ezarriko dira, hozketa-metodo hibridoak (lehorra/hezea) erabiliz.

Bestetik, garbiketa-teknologia berriak ezarriko dira; hala nola, ultrasonikoa. Ur-kontsumoa murriztuko dute horiek, eta garbiketa eraginkorragoa egingo dute. Gainera, hauts-hesien laguntzarekin, edo estaldura funtzional berriak ezarriz, murriztu egingo da instalazioko gailuetan (islagailuetan eta xurgagailuetan, adibidez) sortutako zikinkeria, eta instalazioaren errendimendua hobetuko da horrela, islatutako eta gero xurgatutako energia-kopurua areagotuko baita.

Proiektuan, hiru ikerketa-arlo nagusitan ari da lanean IK4-TEKNIKER, eta garbiketa-lanak optimizatzearekin daukate zerikusia guztiek:

  • Zikinkeriaren aurkako estaldurak garatzea eguzki-gelan oinarritutako eguzki-islagailuetarako. Erabilera anitzeko sintesi- eta kentze-teknika kimiko egokia da, material zeramikoak eta beirazkoak lortzeari begira.
  • Kostu gutxiko sentsoreak garatzea, eremuaren alde bakoitzaren zikinkeria-maila eta garbiketa-beharrak denbora errealean ezagutu ahal izateko.
  • Eguzki-islagailuen garbiketa ultrasonikorako gailu bat garatzea.

Horizon 2020 programa europarrean sartuta dagoen WASCOP proiektuak 6 milioi euroko aurrekontua dauka ia, eta partzuergo bat eratu da, non hainbat unibertsitate, ETE, industria eta zentro teknologiko dauden.