BUELTATU

AGENDA | 2015.03.28-31

IK4-TEKNIKER partaide:

Europako EUROSUNMED proiektuaren eta 2nd International School-en bilera

2015eko martxoaren 28-31
Helwango Unibertsitatea (Egipto)

Europako EUROSUNMED proiektuaren eta 2nd International School-en bilera

Helwango Unibertsitatean (Egipto) egingo da EUROSUNMED proiektuaren hurrengo bilera. Mediterraneoko europar eta afrikar ertzetan energia berriztagarriak garatzen eta erregai fosilekiko mendekotasuna murrizten laguntzeko ekimen bat da EUROSUNMED proiektua. Afrikako iparraldeko ekonomiak indartzen laguntzeko asmoa ere badu.

Proiektuak, hainbat alorretako teknologia garatzeaz gain, Afrikako iparraldeko herrialdeetan inguru haietako kondizio jakinetan (tenperatura, hautsa, etab.) teknologia horien saiakuntzak egiteko instalazioak ere garatzen ditu, eta, truke-programen bidez, ikerketa-sare sendo baten oinarriak ezartzen ari da Mediterraneoaren bi itsasertzetan.

Bilera horretan, hiru garapen-lerroen aurrerabidea aztertuko da: fotovoltaikoa, eguzki-energia termoelektrikoa eta sareen integrazioa. Bestalde, aurrera egingo da baterako trebakuntza-programen definizioan.

Bileran, proiektuko kideak izango dira, eta, haien artean, IK4-TEKNIKER. Kontzentraziozko eguzki-instalazioetarako heliostatoak garatzearekin erlazionatutako lerroen arduraduna da euskal zentro teknologikoa.

EUROSUNMED eta 2nd International School

Aldi berean, proiektuak energia berriztagarriei eta haiek sarean sartzeari buruzko bigarren International School antolatzen du Helwanen, han parte hartzen dutenen herrialdeetan teknologia zabaltzeko elementu garrantzitsu gisa.

Workshop horren aurreko edizioan, 200 lagunek baino gehiagok hartu zuten parte; oraingoak, hiru egun iraungo du, eta elektrizitate berriztagarriaren sorkuntzaren alorrean egin diren aurrerapenei buruzko hitzaldiak emango dituzte, posterrak azalduko dituzte, eta instalazioak bisitatuko. Proiektuak finantzatzen ditu, neurri batean, ikasleen kostuak, eta Afrikako iparraldeko ikasleek parte-hartzea lehenetsiko du.

EUROSUNMED

Eguzki-energia lortzeko teknologien garapena ardatz duen europar proiektu bat da EUROSUNMED, eta Europako eta Afrikako enpresa, ikastetxe eta ikerketa-zentroen lankidetza sustatzen du.

Frantziako Ikerketa Zientifikoko Zentro Nazionala (CNRS) du buru proiektuak; bost milioi euroko aurrekontua du, eta Europar Batasuneko, Egiptoko eta Marokoko erreferentziazko 17 unibertsitate eta ikerketa-zentrok hartzen dute parte.

Informazio gehiago

Informazio gehiago nahi izanez gero, hemen dago proiektuaren webgune ofiziala.

The research leading to these results has received funding from the European Union Seventh Framework Programme [FP7/2007-2013] under grant agreement n° [608593].