BUELTATU

PROIEKTUAK

Ikusmen-arazoen diagnostikoa, optikatik atera gabe

Ikusmeneko arazo funtzionalen detekzioa hobetzeko ekipamendua

Visión proiektuan, ikusmeneko arazo funtzionalak eta asaldura oftalmikoen zantzuak optika-zentroetan hautematea lortu nahi da. IK4-TEKNIKERek doitasun-irtenbide mekanikoak eta praktikoak diseinatu ditu proiektu horretan.

Biztanleen erdiek ikusmenari eragiten dion arazo optometrikoren bat du, eta hamarretik batek, berriz, garapen profesionala eta pertsonala eragozten duten asaldura larriak. Hala ere, 490 milioi europarrek gutxi gorabehera ez dute disfuntzio horiek garaiz hautemateko eta zuzentzeko zerbitzu profesionaletara joaterik.

Ikusmenaren miaketa eta ikusmen-arazoen diagnostikoa egiten laguntzeko, Visión proiektuak, DavalorSalud nafar enpresa buru duela eta IK4-TEKNIKERren laguntzarekin, hainbat jakintza alor batzen ditu: optika, doitasun-mekanika, elektronika eta programazioa (eragingailuen kontrola, irudiaren eta ahotsaren tratamendu digitala, datu-base handien kudeaketa segurua eta urrutiko komunikazioak). IK4-TERKNIKERez gain, beste erakunde hauek hartzen dute parte proiektuan: VICOMTECH, IK4 Research Alliance-n kidea, Sentsore, Instrumentazio eta Sistema Garapenaren Zentroa (Universitat Politècnica de Catalunya) eta Terrasako Optika eta Optometria Fakultatea (FOOT).

IK4-TEKNIKER doitasun-irtenbide mekatronikoen diseinuaren eta garapenaren arduraduna da; irtenbide horiek pazienteei optika-zentroetan proba espezializatuak egiteko aukera emango dien tresnaren barruan jartzeko dira. Bestalde, proiektuko prototipo funtzionalen arduraduna ere bada zentro teknologikoa; horretarako, zenbait erakusle eta neurtzeko, doitzeko eta kalibratzeko zenbait bitarteko garatu behar izan dituzte.

Visión proiektuak aurrerapen handia dakar ikusmenaren arazo funtzionalen diagnostikoan, neurketa sakon, objektibo, zehatz, egiaztagarri eta oso dokumentatuetan oinarritzen delako, eta haien tratamendu terapeutikoa optikatik atera gabe egiten delako.

Proiektua 2010ean abiatu zen, eta haren arduradunek espero dute bertako enpresa-sarea garatzen lagunduko duela makina martxan jartzeko behar diren elementuen fabrikazioak eta hura kantitate handitan fabrikatzeko behar diren ekoizpen-baliabideek.

Gaur egun, dagoeneko badaude Visión proiektuaren esparruan garatutako ekipamenduaren zenbait unitate, eta, 2015eko urtarrilean egiaztagiria lortu ondoren, merkaturatzeko lizentzia eskuratuko du urte horretako apirilean bertan.

Etorkizunari begira, Visión proiektuaren aplikazioak beste alor batzuetara zabaltzeko asmoa ere badago, hala nola entzumenera, ikusmen-motrizitatera eta psikomotrizitatera. Hala, esparru horietako arazoen diagnostikoan ere izango genuke orain lortutako aurrerapena.