BUELTATU

PROIEKTUAK

Graphenea IK4-TEKNIKERekin lankidetzan ari da grafeno-ekoizpena automatizatzeko

Grafeno-ekoizpena automatizatzeko sistema bat diseinatu dute

Zentro teknologikoak, enpresarekin batera, grafenoa ekoizteko prozesua automatizatzeko eta, hala, prozesuari fidagarritasuna emateko prozesu bat diseinatu du.

Grafenoa da, beharbada, nazioarteko industrian itxaropen gehien piztu duen materiala, haren aplikazio-aukera zabala eta propietate fisiko ugariak direla eta. Karbono puruzko xafla da, atomo bakar bat lodi dena; hori dela eta, aparteko ezaugarri hauek ditu grafenoak: Malgua da, altzairua baino 200 aldiz sendoagoa, eta hura baino 5 aldiz arinagoa.

Dena den, grafeno-xaflak ekoizteak baditu zenbait zailtasun, materialaren ezaugarri nanometrikoak direla eta. Horregatik, Graphenea, CIC nanoGUNEn oinarritutako enpresa eta munduan material hori ekoizten duen bakarretakoa, IK4-TEKNIKERera etorri zen ekoizpen-prozesu baten diseinua lantzera. Prozesu horrek automatizatuago izan behar zuen, estandarizagarriagoa, dimentsioa errazago alda dakiokeena eta fidagarriagoa.

Grafeno-xaflak CVD teknologiaren bidez ekoizten dira, hau da, lurrunaren jalkitze kimikoaren bidez. Grafenoa garraiatzen duen lurruna xahutzen denean, kobrezko xafla baten gainean jalkitzen da grafenoa. Enpresak zuen arazoetako bat zen haien ekoizpen-prozesuetan eskuzko lan asko egin behar zela.

Zailtasun horiek gainditzeko, IK4-TEKNIKEReko Diseinu, Fabrikazio eta Muntatze Unitateak eta Grapheneak sistema bat diseinatu dute elkarrekin. Sistema horren bidez, grafenoa kobrezko xafla batetik siliziozko xafla batera igaroarazten da —silizioa material garrantzitsua da industria elektronikoan—, kobrea disolbatzen duten eta produktua silizioaren gainean jalkitzea ahalbidetzen duten zenbait bainu kimikoren bidez.

IK4-TEKNIKERek diseinatu du Graphenearen prozesu berriko oinarrizko tresnetako bat: tefloiz egindako sistema ergonomiko bat, grafenoa siliziora igaroarazteko bainu kimikoak hartzen ari den bitartean hura errazago manipulatzeko aukera ematen duena.

IK4-TEKNIKEReko Diseinu, Fabrikazio eta Muntatze Unitateko zuzendari Rafa Enparantzak dioenez, “enpresako barne-prozesuetan oihartzun handia du proiektu honek”. “Gure zentroan, Europako proiektu handiekin lan egiten dugu askotan. Baina, hau bezalako kasuetan, produktu edo proiektu baten I+Ga finantzatzen duen bezero batentzat zuzenean lan egiten dugunean, aplikazio-emaitzak berehalakoak dira, eta hori atsegina da oso”, adierazi du.

Proiektua oso fase aurreratuan dago, eta Enparantzaren taldeko kideak sistemaren hirugarren prototipoa lantzen ari dira. Lehenengo bertsioak 3Dko inprimagailuetan egin ziren, haietarako materialekin. Baina, orain, hirugarren prototipoa tefloiz egiten ari dira, aplikazio-probei ezaugarri errealak emateko.