BUELTATU

ELKARRIZKETA

Bezero berria: Biltegi adimendunen motorra

Mikel Altuna Alkorta,
ULMA Handling Systems-eko Berrikuntzako zuzendaria

Berrikuntzaren aldeko apustua eginez, ULMA Handling Systems-ek automatizazioa gehitu du logistikaren sektoreko prozesuetan. Elkarrizketa honetan, ULMA Handling Systems-eko Berrikuntzako zuzendari Mikel Altunak “etorkizuneko enpresa” bilakatzeko xedearekin garatzen ari diren aurrerapen teknologikoei buruz mintzatzen da.

1.- Industrian digitalizazioa erabiltzean, lan eta prozesu asko automatizatu egin dira. Zer eragin izan du horrek logistikaren sektorean?

Eraldaketa bat gertatzen ari da, B2B eta B2C ereduetatik C2B eredura, hau da Customer To Business eredura. Azken horretan, bezeroa da enpresako jardueraren motorra. 4.0 aro berri honetan helburua zera da: “biltegi adimendun” ugari martxan jartzea, bezeroen beharretara hobeto egokitu daitezkeenak, eta ondorioz, prozesu logistikoei ere bai. Informazio-teknologiaren mundu birtuala, enpresen mundu fisikoa eta Internet bateratu eta unitate bakarra osatu dute.

Eskariaren profilean egondako aldaketak eta teknologia berriek eskaintzen dituzten aukerak direla eta, iraultza esanguratsua bizitzen ari gara. Horri esker teknologietan oinarritutako soluzioak merkaturatu ahal ditugu, hala nola, Big Data, Cloud Computing, IoT edo Elkarlaneko robotika.

2.- ULMA Handling Systems-en sistema automatizatuak eskaerak prestatzera eta biltegiratze automatikora zuzenduta daude, batik bat. Zeintzuk dira azken urteotan eremu horretan egin diren aurrerapen teknologiko nagusiak?

Biltegiratze sistemen eta eskaeren prestaketa automatikoaren bilakaerak aurrera dihoa, eta gero eta eraginkortasun eta errentagarritasun handiagoak eskatzen zaizkie horien prozesu logistikoei. Automatizazioak malgutasuna eta bizkortasun gehiago eskatzen ditu eskaerak prestatzeko orduan, eta gainera akatsak nabarmen murrizten laguntzen du, fidagarritasuna eta trazabilitatea hobetuz.

Horrez gain, sistema logistikoak automatizatzeaz gain, gero eta interes handiagoa dago sistemak ergonomikoak eta produktiboak izan daitezen. Izan ere, lanpostuan ergonomia zenbat eta hobea izan, orduan eta produktiboagoa izango da langilea prozesu horretan.

ULMA-ren soluzio berritzaileenetako bat FSS eta SQS sistemak eta IK PAL robota dira.

Azken hori ULMA Handling Systems-en erreferentzia anitzeko robot paletizatzaile berria da. Gure automatizazio logistikako portafolioaren zati bat da, eta banaketa handiko sektorera zuzenduta dago batik bat.

IK PAL robotak abantaila ugari ditu, eta horrexegatik hain zuzen ere erreferentziako sistema da edozein zama-mota paletetan jartzeko. Produktuen morfologia edozein dela ere, erreferentzia anitzeko paletizazioa automatikoki egin daiteke, modu azkar eta eraginkorrean.

Azken urtean aurrerapauso handiak eman ditugu “4.0 industriara zuzendutako logistika” kontzeptuaren inguruan. Jauzi kualitatibo izugarria eman dugu gure sistemekin komunikatzeko orduan: lehen “elementu pasiboak” zirenak, orain konektatuta dauden gailu adimendunak dira, eta beraz, proaktiboak dira arazoren bat dagoenean.

Konektatuta dauden sistema adimendunak etorkizuna direla ikusten dugu. Horregatik, “burmuin” txikiak txertatzen ari gara gure sistemetan, agintaritzarekin komunikatu daitezen.

3.- Zer nolako abantailak dituzte soluzio hauek Euskadiko enpresentzako eta zein sektorek aterako diete etekinik handiena?

Automatizazio intralogistikoak abantaila ugari ditu. Errentagarritasuna, kalitatea, zerbitzua eta hazkuntza, adibidez, biltegiratze-prozesuaren automatizazioarekin lotura zuzena duten faktoreak dira. Prozesu logistikoak automatizatzea erabakitzen duten enpresek lortutako emaitzak aztertu ahal dituzte: produkzio- eta banaketa-prozesuetan lortutako lehiatzeko abantailak; aurreztutako kostuak; eskaerak prestatzeko prozesuetan bizkortasuna eta kalitatea zein neurritan hobetu diren; espazioa hobeto aprobetxatzea; produktibitatea, ergonomia eta segurtasunaren hobekuntza; eta alderdi interesdun guztien poztasuna.

ULMA-ren helburua gure bezeroen eraginkortasuna eta lehiakortasuna hobetzen laguntzea da, gure ezagutza logistikoa eta teknologia erabiliz. Hala egitean, haien enpresak gero eta errentagarriagoak izango dira, eta enpresa lehiakideengandik desberdintzen dien bereizgarri bat izango dute.

Sektore ugaritan ikus daitezke intralogistika automatizatuko soluzioen abantailak. Adibidez, e-Commerce sektorean. Etengabe hazten ari den sektorea da eta, hortaz, gero eta eraginkortasun eta arintasun handiagoak behar ditu eskaerak prestatzeko orduan.

Horrez gain, banaketa handiaren sektoreak ere etekina ateratzen die gure soluzioei. Enpresa hauek erreferentzia anitzeko eskariei egin behar diete aurre, saltoki bakoitzean dauden beharren araberakoak.

4.- Berrikuntzaren alde egiten duen apustuari lotuta, ULMA Handling Systems-ek IK4-TEKNIKER-ekin duen harremana sendotu zuen 2016. urtean. Harrezkero, zentro teknologikoarekin lankidetzan diharduten enpresetako bat da. Harreman horri helduz, enpresa eta zentroa IK PAL eta FLECOOP bezalako proiektuetan elkarlanean aritu dira duela gutxi. Horietan, robotikak eta pertsonaren eta robotaren arteko interakzioa darabilten lantoki seguruek garrantzia handia hartu dute. Zer balio du enpresarentzako zentro teknologikoarekin duen harreman honek?

Asko balioesten dugu. ULMA-k urte asko darama IK4-TEKNIKER-ekin elkarlanean, produktu berriak sortzeko, eta emaitza bikainak lortu ditugu. Hor dugu IK PAL robota, adibidez.

IK4-TEKNIKER-ek pixkanaka ikusi ditu zeintzuk diren ULMA-ren beharrak, eta bi erakundeetako lantaldeen arteko elkarlana gero eta estuagoa izan da. Horri esker, aukerak partekatzea eta aukera berriak sortzea ahalbidetzen digun giroa sortu dugu. Harreman horri lotuta, lankidetza-hitzarmena sinatu genuen joan den urtean.

FLECOOP proiektua dinamika horren adibide berrienetako bat da. Produktu berriak sortzen jarraitzea ahalbidetzen digun proiektua da, eta produktuok etorkizuneko sistema intralogistikoak diseinatzeko ezinbestekoak izango dira segur aski.

5.- Zer erronka teknologikori egin beharko die aurre logistikaren sektoreak etorkizunean?

Argi dago Big Data, IoT eta Elkarlaneko robotika bezalako teknologiek eragin esanguratsua izango dutela soluzio berrien garapenean.

Logistikaren sektorean, beste sektore batzuetan gertatzen ari den antzera, merkatuak eskatzen dituen sistemak gero eta adimendunagoak eta malguagoak izan behar dira.

Azken bezeroa eragiketa guztien motorra bilakatzen ari da, hortaz, sistema berriak gai izan behar dira errealitate berri honi aurre egiteko. Eragiketak gero eta gehiago automatizatzeko ahalmena, eta gero eta malgutasun eta eskuragarritasun maila altuagoekin, ezinbestekoa izango da logistikaren sektorea garatzeko orduan.