BUELTATU

ALBISTEAK

Eskaeren kudeaketa efiziente eta automatizatuagoa

Eskaerak biltegietan eta banaketa-zentroetan prestatzeko sistemen optimizazioa

IK4-TEKNIKERek parte hartu du FLECOOP proiektu europarrean, eskaerak prestatzeko prozesuen automatizazioa errazteko eta prozesu horien efizientzia areagotzeko asmoz. Alderdi konplexuenetako bat da hori; izan ere, azken buruan, banaketa-zentro logistikoetan eskuzkoa izaten jarraitzen du.

Paketeen eta bidalketen zati diren produktuak biltegietan eta banaketa-zentroetan hautatzeko sistema gehienek automatizatuta egon gabe jarraitzen dute, eta lanen %90 egiten dira eskuz.

Azken urteotan, aurrera egin nahi izan da lan horiek automatizatzea eta, horrela, xedeak betetzea ahalbidetuko duten irtenbideen garapenean.

Produktuak manipulatzen dituzten eta, gainera, pertsonek esku hartzen duten inguruneetan elkarlanean lan egiteko gaitasun duten robotak erabiltzea planteatzen du FLECOOP proiektu europarrak.

Bestalde, manipulazio mugikorreko irtenbideen diseinuan zentratu da proiektua. Horietan, bigarren besoa daukate robotek, eta eskaerak prestatzeko mugikortasun handiagoa ematen die horrek. Robot horiek pertsonekin parteka ditzakete lanerako guneak, modu guztiz seguruan, hesiekin isolatu beharrik gabe.

Elkarlaneko robot mugikorrak sartzeko erabakiak hainbat erronka teknikori irtenbidea aurkitzea dakar; besteak beste, erronka hauek aurki ditzakegu: askatasun-maila handia duten sistemen ibilbideak kontrolatzea, informazio sentsoriala sartzea eta, roboten jokaera segurua bermatze aldera, lan-inguruneak monitorizatzea.

Behar diren betekizun guztiei erantzuteko, biltegietarako picking-irtenbide malgua da emaitza. Irtenbide horretan, robotek eskaerak prestatzen laguntzen diete teknikariei.

Proiektuaren esparruan, IK4-TEKNIKERek irtenbide pilotu bat garatu du. 2D eta 3D ikuspegi-teknikak konbinatuz objektuak identifikatzeko sistema bat hartzen du irtenbide horrek, eta, horrela, jokaera adimendunagoaz hornitzen dira robotak, elkarlaneko inguruneko lan-baldintzei egokituagoa hori.

Partzuergo euskaldun batek garatu du ekimen hori, eta, IK4-TEKNIKERez gain, ULMA Handling Systems irtenbide logistikoetan aditua den enpresak eta Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHUko) Robotika eta Sistema Autonomoen taldeak (RSAITek) hartu dute parte.

Proiektuak saria jaso du EUROC programaren esparruan. Europar Batzordearen plataforma bat da hori, 2015ean abiarazi zena, eta, bertan, hainbat partzuergo europar lehiatzen dira robotikaren eremuko irtenbide onenak eskaintzeko.