BUELTATU

ESPEZIALISTAREN IKUSPEGIA

Sentsorika garai berrietara egokituta

Espezialistaren ikuspegia:
Jon Mabe, IK4-TEKNIKEReko gailu sentsoreen arduraduna

IK4-TEKNIKERek gaitasun teknologikoak eta integratzeko gaitasunak ditu, eta horiei esker erreferentea da gailu sentsoreen kontzeptualizazioan, garapenean eta industrializazioan.

Industry 4.0, internet of things, point-of-care, wearable gailuak eta beste antzeko termino asko gero eta ohikoagoak dira. Horiek guztiek, edozein sektorera zuzenduta egonda ere (industria, kontsumoa, medikuntza, aisia edo azpiegiturak, besteak beste), parametro edo magnitude fisiko-kimiko baten neurtzeko tresnaren bat dute, produktu berriak sortzeko edo jada existitzen diren produktuei balio erantsia emateko oinarria dena.

Eskaera hori ikusita, neurtzeko teknologia berritzaile integratuak garatu dira, kostu txikikoak baina prestazio handiagoak dituztenak. Aukera bikaina dira sentsoreak joera berrietara egokitzeko.

Hala ere, zaila da honelako gaitasunak produktu funtzionaletan integratzean kostuarekin, tamainarekin, ziurtapenarekin, araudiarekin eta, batez ere, neurketaren fidagarritasunarekin lotutako eskakizun zorrotzak betetzea.

Erronka horri aurre egiteko, IK4-TEKNIKERek gaitasun teknologikoak eta integratzeko gaitasunak ditu, eta horiei esker erreferentea da gailu sentsoreen kontzeptualizazioan, garapenean eta industrializazioan, sektore ugaritan hainbat erabilera dituztenak.

Zentro teknologikoak produktua osorik garatzeko metodologia erabiltzen du. Metodo horrek prozesu osoa hartzen du, kontzeptuak eta neurtzeko teknikak balidatzen direnetik prototipoen familiak garatzen eta saiakuntza-bankuetan probatzen diren arte. Horrez gain, soluzioen industrializazioa eta ziurtapena errazten ditu, eta merkaturatu ondoren horiek mantentzen eta bizi-zikloa kudeatzen ere laguntzen du.

Hurbilketa horrekin, IK4-TEKNIKERek prototipoak eta produktuak modu egokian eta denbora errekorrean garatzen direla berma dezake. Halaber, fase bakoitzaren amaieran askatasuna ematen die bezeroei beren kabuz jarraitzeko edo zentroarekin batera aurrera egiten jarraitzeko.

Neurtzeko existitzen diren printzipio guztien artean, IK4-TEKNIKERek gaitasun aurreratuak eskaintzen ditu sentsore fotonikoen eta optoelektronikoen soluzioak integratzeko.

Azterketa tekniko fotonikoen bidez produktuak garatzeko, osagai batzuk sakonki ezagutu behar dira eta haiek integratzeko aukera egon behar da, adibidez honako hauek: argi-iturriak, detektagailuak, optika, mikromekanika, elektronika, seinalea jaso eta prozesatzea, analisi fisiko-kimikoa, machine-to-machine interfazeak eta kasu bakoitzean aplikatu behar diren araudi eta ziurtagiriak.

Hori ezagutzeari eta detektagailu eta igorle aurreratuagoak agertzeari esker (prestazio handiagoak, tamaina txikiagoa eta kostu murriztua), hainbat eratara aplika daitezkeen monitorizazio sistemak garatu ahal dira. Zentzu horretan, fidagarritasun maila altuko soluzio errentagarriagoak lortze aldera, zentroa hornitzaile berritzaileagoekin ari da elkarlanean mikroespektrometroen eta argi-iturrien arloan.

Zehazki esanda, IK4-TEKNIKERek soluzio erabat autonomoak eskaintzen ditu lagin solido zein likidoetako parametro kimikoak aztertzeko. Espektrometria ultramoreko, ikuskorreko zein infragorriko (NIR-SWIR) teknikak erabiltzen dira, eta arreta berezia jartzen da neurketen fidagarritasunean eta soluzioaren cost-effectiveness deiturikoan. Hona hemen azken aldiko zenbait adibide: ardoaren hartzidura monitorizatzeko, oliba-olioaren kalitatea aztertzeko, fruitu lehorrak sailkatzeko eta lubrifikatzaileetan ura hautemateko gailu sentsoreak.