BUELTATU

ELKARRIZKETA

“Point of Care (POC) gailuen ugaritze handia datorrela aurreikusten dut”

Xabier Hernández, iLine Microsystems-eko Technology Manager-a

Xabier Hernández iLine Microsystems konpainiako dimentsio teknologiko osoa kudeatzeaz arduratzen da. iLine Microsystems Euskadiko ETE bat da, helburu medikoetarako mikrofluidika-sektorekoa, eta asmo handiak ditu. Elkarrizketa honetan, Hernándezek azaltzen du zer lankidetza duten IK4-TEKNIKEReko Elektronika Unitatearekin eta CIC microGUNErekin beren produktuetan abangoardiako teknologia garatzeko.

1.- Zuen enpresak Euskaltelek Euskadiko ETE berritzaileenari ematen dion saria jaso du. Enpresa txikietan posible al da berrikuntzaren aldeko apustua egitea?

Berrikuntza, eta kalitatea eta talde-lana, dira iLine Microsystemsen balioak. Benetan uste dugu enpresa txikiak berrikuntza egin dezakeela eta egin behar duela.

Autodiagnostikorako eta erabilera profesionalerako gailu berritzaileak, fidagarriak eta erabilerrazak garatzean eta fabrikatzean oinarritzen da gure jarduera. Garatzen ditugun gailuak teknologia berritzaileen bidez egokitzen dira merkatuaren beharretara, eta, hala, munduan lehiatzeko gai diren balio erantsi handiko irtenbideak sortzen ditugu. iLine Microsystemsek garatzen dituen produktuen berezitasunaren oinarria berrikuntza, ezagutza teknikoa eta merkatuaren beharren ezagutza dira.

2.- IK4-TEKNIKERekin lankidetzan jardun du iLinek bere zenbait sistema garatzeko. Zer ekarpen egiten du alde bakoitzak produktu edo teknologia bat elkarrekin garatzean?

iLine Microsystemsek espezializazio-maila handia du diseinu mikrofluidikoan eta biokimikoan. Horrez gainera, merkatua ezagutzen du, eta, horri esker, bere garapenak eskaera handienekoetara bideratzen ditu.

iLine Microsystemsen garapenek prozesu biokimikoak erabili eta botatzeko oinarri plastiko batean integratzen dituzte, laborategiko saiakuntza tradizionalen baliokide diren eraginkortasun- eta kalitate-mailak mantenduz, eta, gainera, abantaila batzuk eskainiz, hala nola analisi-abiadura eta kostu txikia.

Zehazki, iLine Microsystemsek erreakzio biokimikoa eta erreakzioa gertatuko den oinarria diseinatzen ditu. Interesatzen den parametro biokimikoa ikuskatzeko oinarri fisiko-biokimikoa ezarri eta gero, IK4-TEKNIKER neurketa hori egiteko erabili beharreko ikuskapen-sistemaren diseinu kontzeptuala lantzen hasten da; prototipatze-fase batzuetatik abiatzen da, non irtenbideak bi aldetara doituz doazen iLine Microsystemseko ikertzaileen feedbackarekin.

IK4-TEKNIKERek iLine Microsystemsen produktuei egiten dien ekarpen garrantzitsuena, batez ere, diziplina anitzetan duen ezagutza espezifikoa da, hala nola fotonika, ikusmen artifiziala, seinaleen tratamendua, algoritmika edo HW eta SW komunikazioak. IK4-TEKNIKEReko Elektronika Unitateko diziplina anitzeko taldeak, Jon Mabe buru duela, eta CIC microGUNEk iLine Microsystemsek egiten dituen garapenetan laguntzen dute.

Zentro teknologikoarekin dugun harreman hau mantendu egiten da denboran; beraz, etengabeko laguntza jasotzen dugu iLine Microsystemsen produktuen egiaztapen-, baliozkotze- eta egiaztatze-faseetan eta saldu osteko zerbitzuan.

3.- Badirudi elektronikak oso funtzio garrantzitsua izango duela etorkizuneko biomedikuntzaren sektorean. Tokiko enpresek nola aprobetxa ditzakete zentro teknologikoen giza baliabideak, baliabide teknologikoak eta ezagutza?

Osasun-sistemen deszentralizazioa, biztanleriaren eta haren batez besteko adinaren igoera, eta pazienteek teknologia berriekin ohituagoak egotea dela eta, aurreikusten da asko ugarituko direla homecarea eta Point of Care (POC) gailuak, iLine Microsystemsek eta IK4-TEKNIKERek garatzen dituztenak bezalakoak.

Elektronika horrelako gailuen parte garrantzitsua da. Izan ere, sistema elektronikoak kontrolatzen ditu erreakzio biokimikoaren baldintzak, eta berak sortzen du erreakzio horretarako kitzikapena; halaber, erreakzioak sortutako seinalea jaso behar du, eta hura tratatu eta interpretatu, eta informazio bat sortu, aurkeztu eta komunikatu behar du pazienteek eta osasungintzako langileek ulertuko duten formatu estandar batean. Elektronikaren funtzioa (harekin batera dagoen algoritmikarekin batera) ezinbestekoa da, halaber, modu autonomoan funtzionatu behar duten POC irtenbideei eskatzen zaizkien kalitate-kontrolak edo trazabilitate-sistemak aplikatzeko orduan.

Bestalde, ez dugu ahaztu behar osasungintzak oso kalitate-maila handiak eskatzen dituela, bai arauen eskakizunengatik, bai eskakizun komertzialengatik; beraz, elektromedikuntzako ekipoei eta, oro har, osasungintzako produktuei eskatzen zaizkien fidagarritasun- eta sendotasun-mailak oso altuak izango dira, eta horrek eragina izango du garapen-denboretan.

Azkenik, biomedikuntzaren sektorean garapenak egin nahi dituzten tokiko enpresek aukera izango dute zentro teknologikoen diziplina anitzeko ezagutza baliatzeko beren gailuaren garapenean, esparru erregular batean baino gehiagotan lan egin izanaren eskarmentua baitute.

4.- Zein dira, epe ertainean, iLineren hurrengo erronkak, eta zer ondorio izango du teknologia berria sartzeak enpresaren etorkizunean?

Lehenengo erronka produktua nazioarteratzen jarraitzea da. Hainbat herrialdetan gaude dagoeneko, baina oraindik egiteko asko dugu. Bestetik, aplikazioak dibertsifikatzeko aukera lantzen ari gara, baina beti in vitro diagnostikoaren munduan, hori baita ezagutzen eta menderatzen duguna.

Erreferentzia nagusi izan nahi dugu POC in vitro diagnostikoaren segmentuan, gailu berritzaile, fidagarri, eskuragarri eta erabilerrazen bidez. Halaber, erakunde moderno, profesional eta merkatu orokorrari irekia dagoena sortu nahi dugu, arreta bezeroan jarria duena eta kalitate-estandar gorenekin lan egiteko konpromiso sendoa duena.

Gure proiektua pertsonetan oinarrituta dago, eta etika profesional positibo batek sustatutako politika korporatibo gardenak ditu. Konpromiso bat dugu gizartearekin eta osasun-arazoekin.