BUELTATU

PROIEKTUAK

Eibar, Europako energia-kudeaketa publikoaren proba-laborategia

Energia-kontsumoa modu eraginkorrean neurtzea eta kudeatzea hirietan

Eibarko Udalak eta IK4-TEKNIKERek energia-kudeaketaren Europako URB-GRADE proiektuan parte hartzen dute. Proiektu horren bidez, energia-eraginkortasuna handitzeko ekintza zuzentzaileak aukeratu ahal izango dira, herritarren erosotasunean eta segurtasunean eragin gabe.

Beste bi herrirekin batera, Eibar aukeratu dute Europako proiektu bat proban jartzeko. Hirietan, etorkizunean, energia-kontsumoa modu eraginkorrago batean neurtzeko eta kudeatzeko aukera emango duen plataforma bat sortuko da proiektu horren bidez.

DaaS (District as a service) kontzeptuak Europako hirietako energia kudeatzeko duen potentziala aztertzea da URB-GRADE proiektuaren helburua. Proiektuan, Eibarko IK4-TEKNIKER zentro teknologikoak eta Eibarko Udalak parte hartzen dute, Espainiako, Danimarkako eta Finlandiako beste zazpi enpresa, tokiko erakunde eta zentro teknologikorekin batera.

Sentsoreen eta beste teknologia batzuen bidez, datuak denbora errealean emanez, tokiko agintariek beren hirietako energia-kontsumoari buruz duten ezagutza hobetzea lortu nahi da. Datu horiek plataforma digital batean antolatzen direnean, modu eraginkorrago batean kudeatu ahalko da, bai Eibarko argiteria publikoaren kontsumoa, bai Bartzelonako negozioen kontsumoa, eta bai Kalundborgeko (Danimarka) etxebizitzen kontsumoa. Haiek dira ekimen honetako hiru proiektu pilotuak.

Eibarri dagokionez, argiteria publikoaren kudeaketa landuko dute. Argiteria publikoaren zerbitzuko arazoak Europa osoko hiri-inguruneetan izaten direnez, Eibarrerako topatzen diren irtenbideak antzeko egoeretan baliatuko dira etorkizunean.

Lehenengo fase batean, hamar kaletako kontsumo-datuak bilduko dira, eta, gero, plataformak proposatutako neurri zuzentzaileak aplikatuko dira. Neurri zuzentzaile horien artean, hauek egon daitezke, besteak beste: kale-argiak beharren arabera piztuko edo itzaliko dituzten mugimendu- eta argi-sentsoreak; argi-intentsitatea balasto elektronikoen bidez murriztea, eta argiteria teknologia eraginkorragoetara eguneratzea (sodio-lurrunezko argi-puntuen ordez LEDak jartzea, adibidez).

URB-GRADE proiektuan garatuko den teknologiaren erabiltzaile nagusiak udal-agintariak izango dira, hiri-plangintzarako eta hiri bateko erabakiak hartzeko tresna garrantzitsu bihurtzeko sortu baita proiektua. Bestalde, ekimenak hiri baten energia-kudeaketan garrantzitsuak diren beste eragile batzuk ere hartzen ditu kontuan, hala nola enpresa energia-hornitzaileak edo azken kontsumitzaileak.

Plataforma sortzeko behar den informazioa sentsore banatuen bidez, beste iturri ireki batzuen bidez —eraikinen energia-kalifikazioari buruzko datuak, adibidez— eta inkesten bidez bilduko da.

Ondoren, datu horiek CEP (complex event processing) tekniken bidez kudeatuko dira, informazio garrantzitsua sortzeko, eta, gero, proiektuan parte hartzen duten eragile guztiei emateko informazioa hodeian gordetzen duen plataforma baten bidez.

Smart Cityak

URB-GRADE proiektuak energiaren kudeaketa publikoan aurrera egin nahi du Smart Cityen lerroan (hiri adimendunak). Hiri adimendunen kontzeptua nazioarteko joera bat da, teknologia, kapital soziala eta informazioa lortzeko eta erabiltzeko hobekuntzei esker hiri-komunitateen kudeaketa hobetu nahi duena.

Joera horretarako, oso baliagarriak izan daitezke IK4-TEKNIKER erreferentzia duten teknologiak. Horregatik, Eibar hiriarekin batera osatutako tandema proba-eremu ezin hobea da, URB-GRADE proiektua beste hiri-ingurune batzuetara eskalatu eta transferi daitekeen ingurune batean probatzeko.

IK4-TEKNIKEReko Elektronikaren eta Komunikazioen Unitatea zentroaren esperientzia ikerketa teknologikoan integratzeko eta zenbait sektore ekonomikori —industriatik zerbitzuen sektoreraino— zerbitzua emateko sortu zen. Gainera, duela urte batzuetatik, zentro teknologikoa Artemis erakundeko partaide da. Artemis Sistema Adimendunen Ikerketa Aurreraturako eta Teknologiarako Europako Sarea da.

IK4-TEKNIKER

IK4-TEKNIKERrek 30 urte inguruko esperientzia du teknologia aplikatuaren ikerketan eta teknologia hori enpresara eramatean. Oso espezializazio maila altua lortu du lau alor handitan (Prezisiozko ingeniaritza eta ingeniaritza mekatronikoa, Azaleren ingeniaritza, Produkzio eta Automatizazio Ingeniaritza eta Fabrikazio Teknologiak). Hori dela eta, bere abangoardiako teknologia edozein motatako lanetarako erabili dezake.