BUELTATU

ALBISTEAK

Energia eolikorako egiaztapen dimentsionala

IK4-TEKNIKERen Metrologia Unitateak Alstomen aerosorgailuen osagaiak egiaztatzen ditu

Alstomek IK4-TEKNIKERen esku uzten du bere aerosorgailuen osagaien egiaztapen dimentsionala.

IK4-TEKNIKERek egiten ditu Alstomen aerosorgailuen osagai eolikoen egiaztapen dimentsionalak. Alstom munduko liderra da energia sortzeko eta transmititzeko azpiegituretan, eta espezialista, aerosorgailu eolikoen fabrikazioan.

Zehazki esateko, zentro teknologikoaren Metrologia Unitateak abatz eta bastidore eolikoen egiaztapen dimentsionalak egiten ditu galdaketa-prozesuaren ondoren, ziurtatzeko osagai horiek diseinu-fasean zehaztutako eskakizun dimentsionalak betetzen dituztela.

Perdoi estuak izan behar dituztenez aerosorgailuan behar bezala muntatuko dela ziurtatzeko, eta oso bolumen handiko piezak direnez, errore-marjina minimoa izan behar du pieza horien mekanizazio-prozesuak. Hortxe ematen dio balio erantsia egiaztapen dimentsionalak, bestela kontrolatzeko oso zailak diren mekanizazio-prozesuko alderdiak kontrolatzeko aukera ematen baitu, hala nola piezaren lerrokadura makinan edo piezaren material-soberakinak.

Galdaketa-piezek geometria dimentsional librea dute. Hori dela eta, pieza horiek neurtzeko, puntu-multzo handi bat hartzen da ekipo digitalizatu baten bitartez. Prozesu horretan lortzen den puntu-hodeia iragazi egiten da, une bakoitzean interesatzen diren emaitzak lortzeko.

Emaitzak lortzeko bi prozesurik ohikoenak dira, batetik, CAD-konparatiboa, zeinak aukera ematen baitu piezaren material-soberakinak begiratu batean koloretan ikusteko. Eta, bestetik, analisi dimentsionala, zeinak aukera ematen baitu jakiteko zer kota espezifiko behar diren piezaren gune zehatz baten analisi sakonago bat egiteko. Pieza fisikoaren formatu digitala eskuratu nahi izanez gero, esaterako pieza berriro diseinatzeko, atzeranzko ingeniaritzaren prozesua egiten da.

Tamaina handiko piezetarako metrologia

Egiaztapen dimentsionaleko zerbitzu horrek —barnean sartzen dira digitalizazioa, CAD-konparatiboa, analisi dimentsional geometrikoa eta atzeranzko ingeniaritza— bat egiten du tamaina handiko piezen kontrol dimentsionaleko zerbitzuarekin, IK4-TEKNIKERen Metrologia Unitateak duela 10 urtetik egiten duen laser tracker teknologiaren bidez.

Hala, argi egituratu bidezko digitalizazio-teknologiaren eta laser tracker teknologiaren bidez, IK4-TEKNIKERek osagai eoliko ohikoenen —abatzak, bastidoreak, eraztunak edo euskarriak, besteak beste— fabrikazio-prozesu osoaren kontrol dimentsionala egiten du.

Osagai handien egiaztapen dimentsionaleko zerbitzu horri esker, IK4-TEKNIKERek lehen eskutik ezagutu dezake tamaina handiko piezen fabrikazioak dituen benetako arazoak. Eta informazio hori input garrantzitsua da osagai horiek lortzeko erabiltzen diren ekoizpen-baliabideak hobetzea helburu duten ikerketa-proiektuetan parte hartzeko (makina-erreminta eta fabrikazio-prozesuak).