BUELTATU

PROIEKTUAK

Eguzki-instalazioetarako zikinkeria-sentsore bat

Eguzki-instalazioen energia-eraginkortasuna optimizatzeko zikinkeria-sentsorea

IK4-TEKNIKERek zikinkeria-sentsore bat diseinatu du, eguzki-instalazioen energia-eraginkortasuna optimizatzen laguntzeko. Sentsorearen sentikortasun handiari esker, instalazioaren mantentze-lanak eraginkorrago kudeatu daitezke eta, hala, errendimendua maximizatu.

Eguzki-energiako instalazioetako ispilu heliostatikoak eta eguzki-kolektoreak kondizio atmosferiko gogorrenen eraginpean egoten dira, eta, batzuetan, muturreko kondizioak jasaten dituzte beren kokalekuengatik; eguzki-orduak maximizatzeko aukeratutako kokalekuak dira. Eguraldi txarra dela eta —euria, haizea edo hautsa—, ezpurutasunak eta zikinkeria metatzen dira ispiluen gainazaletan eta gainerako makinetan, eta, horren ondorioz, murriztu egiten dira energia biltzeko eraginkortasuna eta instalazioaren funtzionamendu egokia.

Arazo hori konpontzeko, IK4-TEKNIKEReko ikerlariek ispiluen erreflektantzia-galera neurtzen duen kostu txikiko baina sentikortasun handiko sentsore bat garatu dute. Sentsore horri esker, ispilu bakoitzaren erreflektantzia-galera kalkula daiteke, eguzki-instalazioaren mantentze-lan orokorrak optimizatzeko.

Adituen kalkuluen arabera, zona lehorretan eta basamortutik gertu dauden zonetan, energia-eraginkortasuna egunean %0,25 degradatzen da. Bestalde, eraginkortasun-galera ez da homogeneoa instalazio osoan. Hori dela eta, IK4-TEKNIKERen diseinatutako gailu berriaren bidez, ispilu bakoitzaren garbitasun-plan indibidualizatuak diseina litezke, eta, hala, instalazioa mantentzeko lanen prozesua merkatu eta errentagarritasuna handitu egingo litzateke.

Gailua kristalezko gainazal batean finkatzen da, neurketa-sistema optoelektriko bat duen estaldura hermetikoki zigilatu batean. Sistema horrek infragorrien igorle bat erabiltzen du, eta kristalean metatutako partikuletarantz proiektatutako argia neurtzen du. Gailua oso sentikorra da; beraz, zikinkeria-partikula txikienak eta isolatuenak ere detekta daitezke.

Eibarko zentro teknologikoko ikertzaileek dagoeneko muntatu eta probatu dute gailuaren prototipo bat IK4-TEKNIKERen laborategietan.

IK4-TEKNIKERen garatutako sentsoreak sentikortasun handia eta kostu txikia konbinatzen ditu. Horregatik, oso irtenbide lehiakorra da, eguzki-instalazioetako mantentze-lanen prozesuak hobetzeko, eguzki-instalazioak kondizio atmosferikoekiko oso azpiegitura sentikorrak baitira.

IK4-TEKNIKER

IK4-TEKNIKERrek 30 urte inguruko esperientzia du teknologia aplikatuaren ikerketan eta teknologia hori enpresara eramatean. Oso espezializazio maila altua lortu du lau alor handitan (Prezisiozko ingeniaritza eta ingeniaritza mekatronikoa, Azaleren ingeniaritza, Produkzio eta Automatizazio Ingeniaritza eta Fabrikazio Teknologiak). Hori dela eta, bere abangoardiako teknologia edozein motatako lanetarako erabili dezake.