BUELTATU

ESPEZIALISTAREN IKUSPEGIA

Ideia berritzailetik balio erantsi handiko produktura

Espezialistaren ikuspegia: Jon Mabe, IK4-TEKNIKEReko Smart Integrated Systems-eko arduraduna

Produktu-ingeniaritza edo Smart Integrated Systems (SIS) izendapen bereziaren atzean, gure eguneroko bizitzako jardueretan dauden eta haietan laguntzen duten irtenbide eta produktuen multzo bat dago. SISen adibideak industriako eta kontsumoko ia aplikazio-eremu guztietan topatzen ditugu: autodiagnostiko medikorako elektromedikuntza-sistemak, ibilgailuetan pneumatikoen presioa neurtzeko eta olio lubrifikatzailearen kalitatea neurtzeko sentsoreak, baloi adimendunak, eta inpaktuak detektatzen dituzten txirrindulari-kaskoak.

SIS sistemak gero eta produktu eta zerbitzu gehiagotan erabiltzen dira giltzarri diren sektore batzuetan, hala nola osasungintzan, abionikan eta fabrikazioan. Sistema horiek guztiek ezaugarri komun batzuk dituzte, definitzeko balio dutenak. SIS sistemek, interfaze fisiko-kimiko bidez, beren ingurunearekin interakzioan jarduten dute (detektatuz edo eraginez), funtzionamendu sendoa eta fidagarria dute, miniaturizatuak, trinkoak, integratuak eta normalean kostu txikikoak dira, eta komunikazio-sistemaren bat izaten dute, zeinaren bitartez informazio estandarizatua truka baitezakete erabiltzaileekin edo beste SIS batzuekin.

Beraz, esan dezakegu SIS irtenbideak era askotako teknologia, funtzio eta materialen miniaturizazio eta integrazio sistemiko baten emaitza direla. Izan ere, SIS sistemek modu berezi batean integratzen dituzte zenbait teknologia, hala nola mikromekanika, magnetika, mikrofluidika, fotonika, elektrokimika, printzipio biokimiko eta akustikoak, algoritmika eta elektronika eta komunikazioak, merkatuak aurkezten dituen arazo jakin batzuentzako irtenbideak emateko.

Horrelako produktuetan, elektronikaren egitekoa ezinbestekoa da, oinarri teknologikoa edo azken funtzioa edozein delarik ere, diseinu elektronikoak (hardwarea, firmwarea eta softwarea) gaitzen baititu haien bloke nagusi gehienak, hala nola komunikazioak, elikadura, datuak prozesatzeko eta biltegiratzeko gaitasuna edo erabiltzailearen interfazea.

SIS sistemei autonomia-maila are handiagoa emateari begira, badira, orain eta etorkizunean, zenbait kontzeptu garrantzitsu, hala nola erabiltzeko eta instalatzeko erraztasuna, haririk gabeko komunikazioak edo Energy Harvestingeko elikadura-sistemak (inguruneko energia biltzeko teknologiak), haiek izango baitira oinarria erabiltzailearen esku-hartzerik gabe ia betiko funtzionatzeko gai izango diren irtenbide batzuetarako. Ikuspegi horren adibide dira bihotz-taupadek berek elikatutako taupada-markagailuak, beren errendimenduaren berri erabiltzailearen smartphoneari ematen diotenak. Berehala izango dira errealitate. Kontzeptu horiek IK4-TEKNIKERen Plug&Play&Forget® ekimenaren esparruan daude.

Erreferenteak ikuskapen- eta detekzio-mikrosistemetan

Bestalde, edozein enpresarentzat erronka tekniko eta antolakuntzako handia da teknologia heterogeneoak integratzea helburu teknologikoez gainera merkatu-helburuak ere betetzeko. Diziplina anitzeko lan-ekipoen sinkronizazioa, produktu berriak merkaturatzeko garapen-denborak laburtzeko presioa eta SIS sistema osatzen duten blokeen oinarri teknologikoen berezko konplexutasuna eraginkortasunez kudeatu behar dira SIS sistemen diseinu-, garapen-, baliozkotze- eta ziurtatze-fase guztietan.

Hamar urtez SISen ildoan etengabe garatzen aritu ondoren —nekazaritzako elikagaien sektorean, esnekien kalitatea neurtzeko sentsoreak eta ardoa eta sagardoa monitorizatzeko sentsoreak; fabrikazioaren sektorean, euste magnetikoko sistemetarako posizio-sentsoreak, eta eguzki-instalazio termikoetako kristalen zikinkeria neurtzeko sentsoreak (energia), besteak beste—, 2011n, IK4-TEKNIKERek erabaki zuen espezializazio teknologikoko apustu estrategiko bat sendotzea, SIS sistemak garatzeko eskainitako gaitasunak indartzeko.

Ekimen horren helburu nagusia eraginkortasuna handitzea da, bai baliozkotutako kontzeptu-probak laborategi-eskalara pasatzean, bai industrializaziotik gertuago dauden irtenbideetara edo azken produktuetara pasatzean. Ahaleginak egin dira, batetik, askotariko teknologien integrazioaren kudeaketa diziplinartekora, eta, bestetik, zenbait teknika metodologikoki aplikatzeko, helburua izanik kontzeptu-proba irtenbide fidagarri, fabrikagarri, egiaztagarri eta ziurtagarrietara bideratzeko, garapen-denbora ahalik eta gehiena murriztuz.

Era askotako garapenei aurre egiteko gaitasun teknikoa izan arren, IK4-TEKNIKER, gaur egun, ikuskatzeko eta detektatzeko kostu txikiko mikrosistemetan da erreferentea: oinarri fotonikoa (ultramorea, ikusgaia eta hurbileko infragorria) edo ikusmen artifiziala doitasun handiko irtenbide mikromekaniko eta optikoekin txertatzen ditu. Eta baditu adibide arrakastatsuak, hala nola iLine Microsystems-en microINR® sistema edo Atten2ren OilHealth® eta OilWear® produktu-lerroa.

Industria-sarerako transferentzia, eta IK4-TEKNIKERen zeregina

SIS sistemak transferentzia teknologikoaren paradigma dira: printzipio zientifiko bat enpresa- errealitate bihurtuta prestazio handiko produktu berritzaile eta berezi gisa, zeinaren teknologia patenta daitekeen jabetza intelektual bat baita.

Hala ere, azken aplikaziotik gertu dagoenez, SIS sistema batek arrakasta izango badu, helburuko sektorean gakoa den bazkide baten lankidetza behar du; bazkide horrek, ideiaren sustatzaile nagusi gisa, merkatuak prezioari, tamainari, aplikatu beharreko araudi eta ziurtatze-motari, erabiltzeko baldintzei eta abarrei buruz dituen mugak eta eskakizunak aurkeztu ditzake, haiek giltzarri baitira kontzeptu-probaren azken produkturanzko bilakaera gidatzeko eta bideratzeko.

Hau da IK4-TEKNIKERen erronka: industria-sareari irtenbide berritzaileak eta SIS produktuak sortzen, diseinatzen eta fabrikatzen laguntzea, enpresek nazioartean lehiatzeko aukera izan dezaten. Laguntza hori modu orokorrean eta jarraituan ematea aurreikusten du IK4-TEKNIKERek: enpresarekin bi norabideetan arituz elkarlanean, diseinuaren lehen fasetik hasi, eta produktuen ziurtapeneko eta saldu osteko faseetaraino.

Arrakasta-kasuak: Produktu berritzaileen errealitatea

iLine Microsystems: microINR®

iLine Microsystems enpresaren microINR® gailua SIS sistemetan sartzen diren kontzeptuen adibide berezia da. IK4-TEKNIKERek hasieratik jardun du produktu horretan lankidetzan. Ekipo elektromediko bat da, Point of Care modukoa, koagulazioaren aurkako ahoko terapiaren tratamendua (Sintrom, adibidez) duten pazienteen koagulazio-indizea monitorizatzen duena.

Teknologia heterogeneoak (haren neurtze-printzipioaren oinarria) modu egokian integratuak ditu, eta funtzionamendu autonomoa, fidagarria eta erabilerraza du. Horren ondorioz, iLine Microsystemsek abantaila lehiakorrak eskaini ahal izan dizkio merkatuari, eta horrek munduko abangoardian kokatu du enpresa, prestazioei eta negozio-bolumenari dagokienez.

Olioaren degradazioa neurtzeko sentsoreak: OilHealth® eta OilWear®

OilHealth® eta OilWear® familiako sentsoreek IK4-TEKNIKERek garatutako SIS aplikazioen alderdi industriala adierazten dute. Haien helburua da ekipo industrial handietan (aerosorgailuak, gas-turbina, etab.) erabiltzen diren lubrifikatzaileen egoera modu autonomoan, fidagarrian eta urrunetik, sarean, monitorizatzeko irtenbide bat ematea, lubrifikatzaile-laginak atera eta laborategian analizatu beharrik ez izateko. Teknologia heterogeneoa (fotonika, fluidika, mikromekanika, kimiometria, elektronika, etab.) integratzea giltzarria izan da produktu horiek eraikitzeko eta merkatuak doitasunari, fidagarritasunari, tamainari eta kostuari dagokionez, dituen itxaropenak betetzeko.