BUELTATU

ALBISTEAK

IK4-TEKNIKERek eta TRIMEKek gaitasun berriak sustatuko dituzte metrologian, elkarrekin

IK4-TEKNIKERek ezagutzak areagotu nahi ditu, neurketa eta ikuskapen arloan

IK4-TEKNIKERek TRIMEKekin hitzartu du elkarlan-ingurunea sortzea, metrologiaren inguruan dituzten ezagutzak bateratu ditzaten.

IK4-TEKNIKERek eta koordenaden araberako neurketa-makinak diseinatzeaz eta fabrikatzeaz arduratzen den TRIMEK enpresak hitzarmen bat sinatu dute elkarlan-ingurunea sortzea sustatzeko xedez, bi erakundeek metrologiaren eremuan dituzten interesak bateratu ditzaten.

Euskal zentroaren metrologia-laborategian gune bat egokituz gauzatuko da akordioa, Innovalia Metrology eta IK4-TEKNIKER zehaztapen-zentroa jartzeko. Horrela, euskal zentroak lotura handituko du Innovaliako metrologia-unitatearekin. Trimek, Datapixel eta Unimetrik enpresek osatzen dute Innovalia, eta industriako metrologiarako irtenbideetan dago espezializatuta, ekoizpen-prozesuen efizientzia hobetzeko xedez.

Alejandro Bengoa, IK4-TEKNIKEReko zuzendari nagusiak eta Jesús De la Maza, Trimek-eko zuzendari nagusiak sinatu dute hitzarmena, IK4-TEKNIKEReko instalazioetan egindako ekitaldi batean.

Bi erakundeek partekatzen dute xede bera: lineako metrologiako eta industria-sektoreak ukitu gabeko neurketa-teknologietako gaitasunetarako irisgarritasuna sustatzea. Sinadura horrekin, ekipo gaurkotuak eduki nahi dituzte euskal zentro teknologikoak eta enpresa arabarrak, beren teknologia-eskaintza hobetzeko, profesionalen prestakuntzan aurrera egiteko eta elkarrekiko interesdun proiektuak partekatzeko horrela.

Horretarako, jardueren urteko programa elkarrekin egitea hitzartu da akordioan, zentroko enpresentzako eta profesionalentzako prestakuntza-zerbitzuak garatzen lagunduko baitu horrek; bai eta sustapen-jarduerak eta hedapen tekniko-zientifikorako jarduerak lortzen ere, edota 3D metrologia hibridoarekin eta kontakturik gabearekin zerikusia duten ikerketa- eta garapen-proiektuak abiarazten ere.

IK4-TEKNIKERek zehaztapen-zentrorako gordetako gunea lagako du; bada, lagapen horrekin, TRIMEKek M3 sistema eramangarria jarri ahal izango du, OptiScan kontakturik gabeko 3D laser-sentsorea duena. Horrek, era berean, M3 software lizentzia esleitzea ekarriko du.

Bi erakundeetako arduradunek uste dute erakartzeko balioko duela elkarlanak, eta kanpoko eragileak prestakuntzetara eta proiektuetara hurbiltzea erraztuko duela. Prestakuntza eta proiektu horien artean, besteak beste, hauek daude: ikaskuntza oinarrizko metrologian eta metrologia aurreratuan, CMM bidezko 3D eskanerrari buruzko mintegiak, AUKOM ikastaroak edo hiru dimentsioko makinak azkar egiaztatzeko sistemak edukitzeko aukera eta TETRACHECK erraminta.

Hitzarmenak bost urteko iraupena izango du, eta denbora bereko aldiekin luzatu ahal izango da. Urteko ekitaldi bakoitza amaitzean, egindako lanaren gaineko baterako balorazioa egingo dute bi zentroetako ordezkariek, ikasturte berrirako jardueren urteko programa berritzearekin batera.

Hitzarmen horrekin, neurketa eta ikuskapen arloko ezagutzak areagotu nahi ditu IK4-TEKNIKERek, arlo horretan baitago espezializatuta. Bestetik, zehaztasun-ingeniaritzan, merkataritza-gailu mota ororen integrazioan eta neurketa-prozeduretan oinarritutako irtenbideak eskaini nahi ditu.