BUELTATU

AGENDA | 2018.11.27 – 11.28

IK4-TEKNIKERek parte hartu zuen:

Go Mobility

2018ko azaroaren 27an eta 28an
Ficoba azoka-esparrua, Irun

IK4-TEKNIKERek parte hartu zuen Go Mobility ekimenaren 1. edizioan

Mugikortasun jasangarrirako industriaren eta energia-metaketaren arloan, Europako hegoaldeko profesionalen topaketa da Go Mobility, eta azaroaren 27an eta 28an izan zuen lehenengo edizioa, Irungo Ficoba azoka-esparruan.

Ingurumen-inpaktua lehengoratzeko erronka nagusietako bat dira "elektromugikortasuna" edo "mugikortasun elektrikoa" eta "energia-metaketa" kontzeptuak. Bada, horren jakitun izanik, IK4-TEKNIKERek automobilgintzaren sektorearen eraldaketan biltzen ditu bere espezializazioa eta garapen teknologikoa, motor hibrido edo elektrikoak sustatuz, oraingo eta etorkizunera begirako apustua baitira horiek.

Hala, zentro teknologikoak 3. pabilioiko 3-12 espazioan izan zuen bere standa topaketa honetan eta motor eta generadore elektrikoan diseinu, fabrikazio eta entseguak erakutsi zituen, baita mugikortasun iraunkor eta adimendua garatzen laguntzeko helburuarekin, neurrira egindako potentziadun ekipo elektronikoak gauzatzeko duen gaitasuna ere.

Zehazki, zentro teknologikoak hiru erakusgai atera zituen mahai gainera. Lehengoa imanik gabeko motor elektriko bat da, erreluktantzia kommutatua eta fluxu axiala dituena, eta ibilgailu elektrikoetan txertatzeko dago garatuta.

Bigarren erakusgaia poster baten bidez aurkeztu zen, eta aipatutako motorraren ondorengo bertsioa da. Honako hau, era berean, imanik gabeko motor elektrikoa da, erreluktantzia kommutatua duena, baina zeharkako fluxua dauka, eta erreduktorea errotoreari txertatzen zaio. Hiriko ibilgailu elektrikoaren kontzeptu berri bat garatzen ari den proiektu baten zati da motorra; hots, ibilgailu elektriko seguruago, trinkoago eta efizienteagoa garatzen ari den proiektu baten parte.

Azkenik, SiC erdieroaleak dauzkan alderantzikagailu trifasiko bat erakutsi zuen zentro teknologikoak, inertziazko bolanteetan oinarritutako energia-metaketarako sistema batean txertatu dena. Ohiko teknologiarekin alderatuta, kommutazio-galera txikiagoak dauzkate erdieroale horiek, eta, horrela, kommutazio-maiztasuna areagotzen eta korronte-harmonikoak murrizten dira. Ondorioz, efizientzia hobetzen da, eta sistemaren bolumena eta pisua gutxitzen.

Go Mobility

Sektorean egin diren azken berrikuntzak bildu zituen erakusketa-guneaz gain, hainbat hitzaldi eta mahai-inguru egin ziren, eta, halaber, ibilgailuetarako test-eremu bat jarri zen, matchmarking-a egin zen, enpresatara bisitak egin ziren, eta Go Mobility sariak banatu ziren.

Go Mobility nazioarteko ekimena da, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatu du, Eusko Jaurlaritzaren eta Ficobako antolakuntzaren laguntzarekin, fabrikatzaileentzat, industria laguntzailearentzat, hornitzaileentzat eta ikerketa-zentroentzat.

Informazio gehiago

Go Mobility-ri buruzko informazio gehiago.