BUELTATU

ALBISTEAK

Fretting-a jasaten duten errodamenduetarako estaldura berriak

Fretting-aren aurrean propietate jasangarri eta hobetuak dauzkaten errodamendu industrialen kontzeptu berria

Errodamenduetarako estaldura ekologikoen belaunaldi berria garatzen ari da IK4-TEKNIKER; bada, fretting-arekiko erresistentzia-maila handia daukate, bai eta karga eta tenperatura handiak jasateko gaitasun handia eduki ere.

Meatzaritzak toki urrunetan eduki ohi ditu ekipoak (hala nola, mendietan eta desertuetan); beraz, ekipoen edozein osagaik huts egiten badu, agregakinak tratatzeko instalazioaren ohiko funtzionamendua galaraz daiteke eta produktibitatea zaildu.

Ekipo zehatzek (adibidez, galbahe bibrakorrek), elementu eta hauts urratzaileen eraginpean egoteaz gain, bibrazio-maila handiak, karga astunak eta inpaktu-karga handiak jasaten dituzte, eta, ondorioz, inguruabar horietan, errodamenduak elementu giltzarriak izaten dira ekipoek behar bezala funtziona dezaten. Hortaz, errodamenduen diseinu optimizatua egiten bada, lan-baldintza zorrotzenen pean zerbitzuan dagoen ekipoaren bizitza baliagarria handituko da.

Alabaina, galbahe bibrakorretan errodamenduen bizitza murrizten duten arrazoietako bat izaten da fretting corrosion edo kontaktu bidezko korrosioa deiturikoa, higadura edota are kalte korrosiboa ere eragiten baitu nolabaiteko zimurtasuna duten gainazaletan.

Orain arte, hainbat irtenbide proposatu dira arazo horretarako; esaterako, PTFE estalduraren ezarpena edo kromo elektrolitikoaren ezarpena. Hala ere, irtenbide horiek zalantzan jarri dira, ez baitira begirunetsuak ingurumenarekin eta osasunarekin.

Testuinguru horretan planteatu da TERESINA proiektua. IK4-TEKNIKERek parte hartzen du ekimen horretan, eta xede nagusitzat dauka aplikazio industrial zorrotzetarako errodamendu kontzeptu berria garatzea, ingurumenaren aldetik onargarria izango dena eta fretting fenomenoari aurre egiteko propietate hobetuak edukiko dituena.

Gainazal-ingeniaritza, fretting-ari erantzuteko

Zentro teknologikoa aditua da gainazal-ingeniaritzan (zehazki, tribologiaren, materialen eta estalduren arloetan), eta fretting-aren aurrean ezin hobeto erantzungo duten materialak, tratamenduak eta gainazal-akaberak hautatzen ari da.

Karga eta tenperatura handiak jasateko gai izango diren eta fretting fenomenoarekiko erresistentzia-maila oso handia edukiko duten estaldura efiziente eta ekologikoak garatzea da helburua, gutxieneko ingurumen-inpaktua edukitzeko balio erantsiarekin.

Halaber, bibrazio-mugimenduen mende jarritako errodamenduetan higadura-mekanismoak identifikatzea eta kontrolatzea ahalbidetzeko saiakuntza-protokoloak garatuko dira. Entsegu-bankuetan, bestalde, errodamenduen higaduraren eta bibrazioen monitorizazioan egingo da lan.

Puntako teknologiaren garapena

Propietate hobetuak dauzkaten errodamenduak garatzeko, diseinua eta gainazal-akabera optimizatuko dira, PVD (Physical Vapor Deposition) teknologietan oinarritutako gainazal-tratamenduak erabiltzearekin batera. Horrekin, besteak beste, meategietan eta harrobietan erabiltzen diren galbahe bibrakorren sektorera sartu ahalko da proiektuan parte hartzen ari den NBI Bearings konpainia; izan ere, gaur gaurkoz, ez dago kromo elektrolitikoa edo PTFEa ordezkatzeko aukerarik.

Erabiliko den prozedurari dagokionez, errodamenduaren barrualdeko eraztuna estali nahi du zentro teknologikoko ikerketa-taldeak, ardatzarekin kontaktuan egoten baita hori, fretting-aren aurrean babesteko. Alabaina, IK4-TEKNIKEReko ikertzaileek ez dute baztertu pistei PVD estaldurak ere ezartzeko aukera, propietateak hobetzeko xedez.

Era berean, galbahe bibrakorretarako errodamenduen higadura-mekanismoak identifikatzeko eta kontrolatzeko (bereziki, fretting fenomenoarenak), hainbat entsegu tribologiko egingo dira. Horretarako, errodamenduen saiakuntza-protokolo berriak garatuko dira materialak eta gainazal-tratamenduak karakterizatzeko, bai probeta-mailan, bai osagai-mailan, garatutako produktuen eraginkortasuna ezagutu ahal izateari begira.

Azken batean, galbahe bibrakorren funtzionamendua hobetu eta mantentze-lanen aldiak luzatu nahi dituzte proiektuaren esparruan garatzen diren errodamenduek. Halaber, muturreko karga eta bibrazio-baldintzetan jarduten duten bestelako aplikazioetarako ere balio lezakete.