BUELTATU

AGENDA | 2015.12.02

IK4-TEKNIKER antolatzaile:

"Fotonika industrian: negozioak argiztatzeko giltzarri teknologikoak"

2015eko abenduak 2
Bizkaia Aretoa, Bilbo

Aurten, 2015. urtea, Argiaren eta Argian oinarritutako Teknologien Nazioarteko Urtea da. Horrela izendatu zuen NBEk 2013. urtearen amaieran, argiak eta argian oinarritutako teknologiek zenbait arlotan, hala nola energian, osasunean, hezkuntzan eta komunikazioan, zer garrantzi duten gizarteari helarazteko ekimen global gisa.

Ospakizun hori dela eta, 2015eko hasieratik, Espainia osoan jarduera ugari antolatzen ari dira —hitzaldiak, biltzarrak, mintegiak, topaketa industrialak, irakaskuntzako jarduerak...—, gai hori publiko guztietara helarazteko.

Testuinguru horretan, EHUk eta IK4-TEKNIKERek, lankidetzan, "Fotonika industrian" jardunaldia egingo dute abenduaren 2an, Bilboko Bizkaia Aretoan.

Jardunaldian, hiru hitzaldi emango ditu IK4-TEKNIKERek argiaren laguntzaz lantzen diren teknologiei buruz.

Lehenengo hitzaldia “Nanofotonikan oinarritutako biosentsoreak” izango da, eta helburua du azaltzea zer lagungarria izan daitekeen argia zenbait materialetako nagoegiturekin interakzioan aritzea gaixotasun bati lotutako diagnostiko, pronostiko edo terapiari buruzko informazioa emango duten biomolekulak detektatzeko. Halaber azalduko dira horretan erabiltzen diren nanofabrikazio-teknologiak, detekzio-printzipioa eta biosentsorea interes klinikoko molekulez karakterizatzeko modua.

Hau da bigarren hitzaldiaren izenburua: "Argi-sortaren konformazioa laser bidezko material-prozesaketan", eta materialak laser bidez prozesatzean aplikatzen diren argi-sorta konformatzeko teknikarik ohikoenen berrikuspen bat aurkeztuko du. Halaber, zenbait aplikazio-adibideren bidez, azalduko da zeinen garrantzitsua den argi-sorta zabaltzeko parametroak prozesu jakin batera egokitzea (ebaketa, soldadura, gainazal-tratamenduak, mikroegituraketa, etab.) emaitzarik onenak lortzeko.

Eta, azkenik, "Espektroskopiarako eta fluoreszentziarako lineako low cost soluzioak" hitzaldia izango da, parametro fisiko-kimikoak linean ikuskatzeko eta neurtzeko oso kostu txikiko soluzio fotonikoak diseinatzeari eta fabrikatzeari buruzkoa. Laborategiko kontzeptuak produktu fidagarri, fabrikagarri eta egiaztagarrietara bideratzen laguntzeko metodologia orokor bat deskribatuko da. Horrez gain, espektrometria-, kolorimetria- edo fluoreszentzia-teknika bidez solidoak eta likidoak ikuskatzeko aplikazioen adibide batzuk aurkeztuko dira.

SECPhOk (Southern European Cluster in Photonics & Optics) emango dio amaiera jardunaldiari. Optika- eta fotonika-sektoreko enpresak, zentro teknologikoak eta ikerketa-taldeak biltzen dituen klusterra da SECPhO.

120 gonbidatu inguru izango dira jardunaldian, tartean erakunde, plataforma teknologiko, enpresa eta unibertsitate ugari.