BUELTATU

AGENDA | 11.2012-12.2012

IK4-TEKNIKERen parte-hartzeak:

A-MEST’ 12 – Engineering, Services and Technology eta UCAmI & IWAAL 2012 – Ubiquitous Computing and Ambient Intelligence

A-MEST’ 12
2nd IFAC Workshop on Engineering, Services and Technology | 2012ko azaroaren 22a eta 23a | Sevilla, Espainia

UCAmI & IWAAL 2012
6th International Conference on Ubiquitous Computing and Ambient Intelligence | Abenduaren 3tik 5era | Gasteiz, Espainia

Hegazkinetako mantentze-lanetarako informazioa biltzen duen datu-eredua aurkeztuko du IK4-TEKNIKERek.

IK4-TEKNIKEReko Informazio Sistema Adimendunen Unitateak “A standard-based data model for configuration management and maintenance support” artikulua aurkeztuko du 2nd IFAC Workshop on Advanced Maintenance Engineering, Services and Technology (A-MEST’ 12) jardunaldien barruan. Sevillan egingo dira aurtengoan jardunaldiak, 2012ko azaroaren 22 eta 23an.

Gure zentro teknologikoak aurretik ere parte hartu izan du jardunaldi horietan, eta, aurtengoan, zenbait estandarretan oinarrituta konfigurazioa eta mantentze-lanak kudeatzeko gai den datu-eredu bat aurkeztuko du, aeronautikaren sektorera zuzenduta.

Izan ere, aeronautikaren sektorean mantentze-lanak optimizatzeko modurik onena gailuari buruzko informazioa konbinatzea da: osagaiek beren bizitza-ziklo guztian izan duten konfigurazioa, operazioa, logistika, kostuak, egoera eta fidagarritasuna. Hala, IK4-TEKNIKERek informazio hori guztia biltzeko datu-eredua proposatzen du.

Proiektua garabidean da uneotan, IK4-TEKNIKERen diagnostiko, iragarpen eta operazio-estrategien arloetako mantentze-lanen eta fidagarritasunaren ildo estrategikoan, PROSAVE2 ekimenaren barruan. CENIT programaren seigarren deialdiaren barruan garatutako ekimena da PROSAVE2, eta, hain zuzen ere, energiaren ikuspegitik eraginkorragoak eta ingurumenarekiko arduratsuagoak diren sistemak garatzea du xede, sistema horiek gero etorkizuneko hegazkin elektrikoetan aplikatze aldera. Aurretiaz ere parte hartu izan du IK4-TEKNIKERek Europa mailako proiektuetan, hala nola DYNAMITE eta TATEM proiektuetan.

Jardunaldiak

International Federation of Automatic Control (IFAC) erakundeak antolatu ditu jardunaldi hauek, bigarrengoz, Lisboan 2010ean egindako A-MEST’ 2010 jardunaldien ondotik.

Saio horiek helburu nagusi bat dute, hain zuzen ere, I+Gren arloan diharduten enpresa eta industrietako zientzialarien eta ikertzaileen bilgune izatea, mantentze-ingeniaritzaren arloari buruz jarduteko, esperientziak trukatzeko eta berrikuntzak aurkezteko aukera izan dezaten.

Hala, bada, hainbat gai aztertuko dira bi egunez: mantentze-zerbitzuen hobekuntzaren eragina, IKTek mantentze-lanetarako eskaintzen dituzten baliabide berriak, mantentze-sistema adimendunak, fidagarritasuna lortzeko ikuspuntu integratu berriak eta ekoizpen lehiakorra lortzeko mantentze-ingeniaritza, besteak beste.

Informazio gehiago

Informazio gehiago nahi izanez gero, jardunaldietako web-orri ofizialean aurkituko duzu: www.amest2012.com

Pertsonekin hizkuntza naturalean interakzioan diharduen robota aurkeztuko du IK4-TEKNIKERek.

IK4-TEKNIKEReko Sistema Autonomo eta Adimendunen Unitateak eta Informazio Unitateak "Interacting with a robot: a guide robot understanding natural language instructions" artikulua aurkeztuko dute 6th International Conference on Ubiquitous Computing and Ambient Intelligence & 4th International Workshop on Ambient Assisted Living (UCAmI & IWAAL 2012) biltzarrean. Gasteizen egingo da biltzarra, 2012ko abenduaren 3tik 5era.

Robotetan teknologia semantikoa garatzeko eta barneratzeko prozesua da artikuluaren ardatza, eta pertsonek hizkuntza naturala erabiliz emandako aginduak eta/edo eskaerak ulertzeko gai den robot-gidaren berri ematen da zehazki artikuluan.

Aurrerapauso handia dakar robot-mota horrek; izan ere, pertsonek ez dute aurrez programatutako aginduak ikasi beharrik robotak agindu horiek interpreta ditzan; aitzitik, modu naturalean egin diezazkiokete eskariak, robota eskari horiek ulertzeko gai baita, eta modu autonomoan gidatzen baititu berehala.

Eusko Jaurlaritzaren Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren EMAITEK 2011 programako espezializazio-proiektuan garatutako jarduerak azaltzen ditu artikuluak.

Proiektu horretan aritzeaz gain, ikuskapen- eta mantentze-lanetan, logistikan eta etxeko zaintza edo laguntzan, besteak beste, erabil daitezkeen robot adimendun eta autonomoak garatzen jarraitzen du IK4-TEKNIKEReko Sistema Autonomo eta Adimendunen Unitateak.

Unitate horrek, gaur egun, Europa mailako zenbait proiektu koordinatzen ditu, hala nola zapatagintza automatizatzeko ROBOFOOT proiektua eta MAINBOT proiektua, industria-instalazio handiak ikuskatzeko robotak garatzera bideratutakoa. Beste zenbait proiektutan ere parte hartzen du, X-ACT proiektuan, adibidez; pertsonei beren zereginetan laguntzeko robot bimanipulatzaileak sortzea du ardatz proiektu horrek.

Biltzarra eta tailerra

Erabiltzailean oinarritutako konputazio-inguruneen belaunaldi berri baten adierazgarri den paradigma bat da ingurumen-adimena, eta haren helburua da informazioaren teknologia eguneroko bizimoduko eta jardueretako gailuetan txertatzeko beste modu batzuk aurkitzea.

Aurtengo biltzarraren eta tailerraren bidez, aztertu nahi da ingurumen-adimenak zer aukera eskaintzen dituen, hiri adimendunen garapenean laguntzeaz gain, ingurune jasangarriei laguntzeko.

Jardunaldietako gai nagusiak garraio adimenduna, gailu ekologikoak, “Ambient Assisting Living” (AAL) programa eta e-Osasuna proiektua izango dira, besteak beste. Gainera, ekitaldi horietarako hautatu den hiriak, Gasteizek, bat egiten du biltzarrean jorratuko diren gaiekin, 2012ko Europako Hiriburu Berdea izendatu baitute.

Informazio gehiago

Informazio gehiago nahi izanez gero, biltzarreko web-orri ofizialean aurkituko duzu: mami.uclm.es/ucami2012