BUELTATU

PROIEKTUAK

Gure bezeroengandik gertuago

Merkatu estrategikoak

IK4-TEKNIKERek bere bezeroei eskaintzen dien gaitasun teknologikoa bultzatzeko behar diren ekipamendu, espazio eta baldintza guztiak dituzte IK4-TEKNIKERen instalazio berriek. Gaur egun ondo errotuta dauden sektoretakoak dira bezero horiek: makina-erremintakoak, automobilgintzakoak, energiakoak… Halaber sektore hasiberriak, hala nola bio sektorea eta robotika.

Dena dela, instalazio berriei esker, erronka berri bat ezarri dio TEKNIKERek bere buruari: prozesuak industria mailan aplikatzeko eskalatzeko bidean urrats handi bat egitea, hartara enpresei errazago egin dakien berrikuntza teknologikoak bere egitea. Bestela esanda, halako aurreindustrializazio-fase batera iritsi nahi du, ezen eraginkorrago txertatuko baitira berrikuntza teknologikoak prozesu industrialetan.

IK4-TEKNIKEReko ikertzaileek sektore sendotuetarako zein merkatu berrietarako diseinatzen dituzten konponbideen balioa handitzeko aukera emango duten ekipamendu berriak dituzte instalazio estreinatu berriek.

Esate baterako, bunkerrean, makina-erremintarako abiadura handiko buruak nahiz aeronautikarako pieza estrukturalak aztertu ahal izango dira.

Metrologia-laborategiko instalazioek, berriz, merkatuak neurri handiko piezak fabrikatzeko erakusten duen joerari erantzuten diote. Halako piezetan, in situ neurtu beharrak, alde batetik, eta neurketaren doitasun- eta abiadura-beharrak, bestetik, bat egiten dute, beharrezkoa baita halako tamaina eta balio handiko piezen kalitatea bermatzeko. Labur esanda, prozesuari fidagarritasuna ematea.

Kimikako laborategiek ere azken belaunaldiko ekipamendua dute, Europako oso erakunde gutxik dutena, eta batera erabiltzen dute lubrifikatzaileen, uraren eta metalen analisian urtetan metatutako jakintza. Hala, industriako fluidoen erabileraren kontrolari buruzko zein ekoizte-ekipo kritikoen geldialdien jatorriari buruzko diagnosia egiten dute.

Azken adibide moduan, hor da biomedikuntzaren sektorea, IK4-TEKNIKERek instalazio berriekin aldeko apustua egina duen beste merkatu bat. Areto zuria, berriz, doitasun handiko gailuak fabrikatzeko ezinbesteko ekipamendua, mikroteknologiaren sektoreak eskatzen dituen konponbideak garatzeko funtsezko tresna da.