BUELTATU

ALBISTEAK

Donostiako Parke Teknologikoan integratu da IK4-TEKNIKER

Donostiako P. T. integratu da IK4-TEKNIKER

© Joaquín Montero

Jauzi kualitatiboa da integrazio hori euskal zentroarentzat, enpresari balioa emateko eta Debabarreneko industriaren jarduera eta maila teknologikoa sustatzeko esparru ezin hobea baita.

Eibarko Polo Teknologikoa IK4-TEKNIKERen instalazio berriek eta Sprilurren (lur industriala kudeatzeko Eusko Jaurlaritzaren elkartea) bi lursailek osatzen dute, eta Donostiako Parke Teknologikoaren egiturari gehituko zaio.

Donostiako Parke Teknologikoko Administrazio Kontseiluak onetsi zuen integrazioa, Eibarko Polo Teknologikoaren sustatzaileek —Eibarko udalak eta IK4-TEKNIKERek, alegia— uztailean berariaz eskatuta.

Elkartu izanak Debabarrenean lehen mailako gune teknologiko-enpresariala izateko aukera emango du, goi-mailako jakintza ikertu eta garatuko duena, balio erantsi handia eta nazioarteko bokazioa dituzten produktu propioak ekoizteko. Oso garrantzitsua da “Parke Teknologiko” zigilua izatea, gune horretan integratu nahi duten enpresek eta enpresetako I+G unitateek gutxieneko maila zientifiko-teknologiko bat bete behar dutelako.

Horrez gain, IK4-TEKNIKER zentro teknologikoa dagoeneko abian dagoen gunea bera gehitu izanak aldeko eragin nabarmena izango du haren marka-irudirako, berrikuntzaren alorreko abangoardian dagoen egitura batera bilduko baita, sareetako kide eginez eta teknologiaren eta jakintzaren transferentzia bultzatuz, hartara teknologia aurreratuko enpresak ezartzen eta garatzen ezinbesteko erreferentzia izaten jarraitzeko. Labur, enpresen lehia-abantailak areagotzen laguntzeko eta gizarteari balioa emateko esparru ezin hobe batean integratu da Eibarko zentroa.

Donostiako Parke Teknologikoan 76 enpresa, zentro teknologiko eta unibertsitate bildu dira, eta 3.000 langiletik gora ditu. Langileen % 49k ikerketa eta garapen arloko zereginetan dihardu. Profil teknologiko altu horri esker bermatzen da IK4-TEKNIKERek egiten duen I+G+B jarduera, enpresari aplikatua, egiteko kondizio ezin hobeak egotea; halaber, hari esker, enpresek balio erantsi handiko produktu propioak garatzeko beharrezkoa duten jakintza-transferentzia errazagoa egiten da. Komunikaziorako, ekitaldiak sustatzeko, kongresuak antolatzeko eta networkinga bultzatzeko azken belaunaldiko azpiegituraz baliatu ahal izango da, gainera, Eibarko zentroa.

Horrekin batera, Donostiako Parke Teknologikoa Eibarraino zabaldu izanak jauzi kualitatibo nabarmena dakar Debabarreneko bilbe ekonomikoarentzat, zeina, horri esker, euskal mapa teknologikoaren nodo berri bilakatu baita. Puntako gune teknologiko batera bildu izana pizgarri garrantzitsua izango da tokiko enpresentzat. Gune berri horren erdian kokatzen da, hain zuzen, IK4-TEKNIKER. Bere instalazio berriak ditu gune berriaren bandera-ontzi, eta ikerkuntza, berriz, eskualdeko I+G+B-aren trakzio-indar.

Eibarko Polo Teknologikoa dela eta

Lehen mailako gune teknologiko-enpresariala da Eibarko Polo Teknologikoa, eta hantxe du IK4-TEKNIKERek egoitza berria. Makina-erreminta, ekipamendu-ondasunak, energia, aeronautika, garraioa eta osasuna dira hango enpresen jardueraren arlo nagusiak, baina ez bakarrak. Kalitate-estandar altuei eta aparteko kokapenari esker, toki aproposa da berrikuntza beren lehiakortasunaren ezaugarri egin nahi duten enpresak garatzeko.