BUELTATU

ESPEZIALISTAREN IKUSPEGIA

Zer da 4.0 industria?

Espezialistaren ikuspegia:
Aitor Alzaga, IK4-TEKNIKEReko teknologia-zuzendariordea eta Jon Larreina, Industry 4.0ren koordinatzailea

Industry 4.0 terminoak "laugarren industria-iraultza deiturikoa esan nahi du, zeina sistema txertatuen garapenak, haien konektagarritasunak eta mundu fisikoaren eta birtualaren bateratzeak ekarri duen eboluzio teknologikoaren ondorioa baita. Horrek guztiak objektuak, informazioa eta pertsonak integratzeko gaitasun batzuk sortzen ditu, ekoizpenean eta ondasunen eta zerbitzuen erabileran salto kualitatibo bat eragin dezaketenak".

Iraultza hori testuinguruan jartzeko, merezi du gogoraraztea zer goraldi izan dituzten elektronika-, informazio- eta komunikazio-teknologiek (EIKT) ekoizpen industrialean. Lehenengo goraldian, 80ko hamarkadan eta 90eko hamarkadaren hasieran, prozesuen eraginkortasuna bilatzen zen. CAD, CAM, CIM sistemak (Computer Integrated Manufacturing), FMS (Flexible Manufacturing System) eta antzekoak sartu zireneko garaia izan zen. Gaur egun bezala, fabrikazio-sistemen integrazioa eta malgutasuna ziren helburu nagusiak. Garai hartan, ordea, mugatuta zeuden eskura zegoen teknologiagatik.

Bigarren goraldian, 90eko hamarkadan, Internet eta hari lotutako teknologiak agertu ziren, hala nola Interneteko atariak eta beste soluzio batzuk, lankidetza eta balio-katearen integrazioa bere kontzepturik zabalenean (SCM, CRM, etab.) errazten zituztenak.

Pixka bat geroago, mende berriaren hasierarekin batera, konektagarritasuna makinetara zabaldu zen, eta M2M (Machine to machine) kontzeptuak hedatu ziren. Eta pixka bat geroago, Gauzen Internet kontzeptua sortu zen, indartsu, IPv6ren garapenari lotuta. Gailu mugikorrak eta haien konektatzeko gaitasuna asko garatu ziren mende berriaren lehenengo hamarkadaren amaieran. Mugimendu hori guztia EIKTen erabileraren hirugarren goraldi bat da, eta laugarren iraultza deiturikoaren aitzindaritzat jo daiteke.

Industry 4.0 terminoak, Alemaniak sortuak eta “Recommendations for implementing the strategic initiative INDUSTRIE 4.0” dokumentuaren bidez aurkeztuak —ACATECHek argitaratu zuen 2013ko apirilean— Alemaniaren estrategia duala izenekoari erantzuten dio; estrategia horretan, Alemaniak jarraitu nahi du ekoizpen-industrialerako ekipoen eta soluzioen eskaintzaren buru izaten eta soluzio horiek herrialdeko ekoizpen-instalazioetan aplikatzen, balio-kateak integratuz eta ekoizpen-prozesu osoa digitalizatuz.

Une horretatik aurrera, herrialde eta eskualde askok —besteak beste, Euskadik— ahaleginak eta politikak bat eginez lan egin zuten, egoera berri horrek eskaintzen zituen aukerak aprobetxatzeko. Aldi berean eta mugimendu horrekin lotuta, ez dugu ahaztu behar fabrikazioaren alorrean "etorkizuneko fabrikak" izenekoak sustatzen ari dela Europa EFFRA erakundearen bitartez (European Factories of the Future Research Association), alor horretako proiektu berritzaileak garatzeko lankidetza publiko-pribatu gisa. 2008an jarri zen martxan ekimen hori.

Enpresek, berriz, beren buruari galdetzen diote ea mugimendu horrek guztiak nola eragingo dion beren negozioari, haren arabera erantzuteko (defentsa-estrategia) edo egoera berri horrek zer aukera eskaintzen dituen aztertzeko (estrategia proaktiboa).

Nolanahi dela ere, gogoeta hiru mailatan egiten da:

Lehenengoa eta funtsezkoa, maila estrategikoan. Analizatu beharra dago nola hobetu nahi dugun balio-proposamena. Ez da gauza bera teknologia berriak nire produktuari balioa eransteko erabiltzea eta eraginkortasun operatiboan tresna gisa erabiltzeko ekoizpen-makinetan baliatzea. Edo balio-proposamena eta/edo negozio-eredua aldatzeko.

Behin estrategia eta hari lotutako erronkak zehaztutakoan, haiek ekoizpen-prozesura edo produktura nola bideratu pentsatu behar da enpresak eskaintzen duen produktuan, ingurunean edo ekoizpen-sisteman eraginez. Hau da, estrategia horri erantzungo dion ekoizpen-eredu bat zehaztu behar da, eta, ildo horretan, ibilbide-orri bat zehaztu.

Ibilbide-orri horretan, garrantzitsua da oinarri izango diren funtsezko teknologiak identifikatzea eta nola integratuko diren erabakitzea: haiek eskuratuz edo garatuz, eta, hala badagokio, norekin. Oinarri-teknologia gakoa izango bada negozioan, gaitasunak garatuko dira barnean, eta, beharbada, bizkorrago joateko aukera emango duten kanpoko eragileen laguntzarekin.

Industry 4.0 estrategia bat zehazteko eta zabaltzeko orduan, komeni da erreferentzia-eredu bat erabiltzea. Adibidez, modu sinplifikatu batean, eskema honetan adierazitakoa (IK4 Research Alliancek egokitu eta Basque Industry 2015en azken batzarrean aurkeztutako eredua):

Erreferentzia-eredu horretan hiru maila daude: bat joerekin edo driverekin lotutakoa; bestea, ekoizpen-ereduarekin lotutakoa, eta, hirugarrena, teknologia gaitzaileekin lotutakoa. Hiru maila horiek gure gogoetaren gida gisa lehen aipatutako hiru mailekin lotuta daude nolabait:

Enpresaren posizionamendu estrategikoa bere negozioan eragin handiagoa izan dezaketen driverekin edo joerekin lotuta edo/haiekin bat egongo da. Pertsonalizazioa, bizi-ziklo laburragoak, jasangarritasuna edo antzekoren bat izan daiteke.

Industry 4.0 fabrikazio aurreratuaren ekoizpen-ereduak ezaugarri hauek izango ditu:

  • Malgutasuna, azken batean, modu pertsonalizatuan ekoizteko gaitasun gisa.
  • Birkonfiguragarritasuna, produktuaren aldaketetara bizkor eta merke egokitzeko gaitasun gisa.
  • Prozesuen digitalizazioa, ekoizpen-prozesuaren faseak eta baliabideak konektatuz eta integratuz.
  • Prozesuen eta baliabideen “smartizazioa”, modu adimentsuan erantzuteko. Horrek esan nahi du, besteak beste, aurreko esperientzietatik ikastea, eta ezusteko egoerei modu autonomoan erantzutea.

Ezaugarri horiek ekoizpen-ereduan izango duten garrantzia erantzun nahi diegun joeren araberakoa izango da. Bestetik, ekoizpen-eredu osoan oso garrantzitsuak diren zeharkako beste bi ezaugarri daude, beren alderdietan —ekonomikoan, sozialean eta ingurumenekoan— jasangarritasun driverarekin oso bat datozenak:

  • Pertsonetan zentratuta egotea, automatizazio-maila edozein delarik ere. Pertsonak funtsezkoak izango dira ekoizpen-sistemak ondo funtzionatzeko.
  • Eraginkorrak izatea, hondakinak ezabatuz, ahalik eta beharrezko material gutxien erabiliz baliorik handiena bermatzeko.

Azkenik, normalean Industry 4.0 fabrikazio aurreratuarekin lotzen diren teknologia gaitzaileen multzoa dugu. Bi multzotan biltzen ditugu:

  • Sistema ziberfisikoak, Big Data – analitika prediktiboa, Cloud Computing: teknologia horiek ezinbestekoak izan daitezke Industry 4.0 ekimen batean, beren izaera integratzaileagatik.
  • Elkarlaneko robotika, simulazioa – errealitate areagotua, ikusmen artifiziala, gehikuntzako fabrikazioa: teknologiok, kasu eta ezaugarri jakinen arabera, garrantzi gehiago edo gutxiago izango dute.

Ekoizpen-eredua erabiltzailearen eta ekipo-, sistema- edo soluzio-hornitzailearen ikuspegitik ikusten da beti. Ikuspegi horrekin, azpimarratu behar da zer aukera ematen duten makina edo sistema adimendun eta konektatuek, ekipo-hornitzaileak ekipoaren erabiltzailearekin lankidetzan erraz jardun baitezake, haren funtzionamendua eta mantentze-lanak optimizatzeko.

Lankidetza hori masiboki ezartzea eragotz dezaketen oztopo kulturalak egon arren, lankidetza hori gauzatuko da abantaila nabarmena den kasuetan. Eta negozio-modu berriak ekarriko ditu. Esaterako, laguntza-jarduerak egiten dituzten, funtsezko jarduerekin edo prozesuekin lotuta ez dauden eta, besteak beste, materialen logistika-kontuak izan daitezkeen baliabideak erabiltzeagatik ordaintzea.