BUELTATU

ALBISTEAK

Industry 4.0: “Manufacturing 4.0” kasua

Enpresaren estrategia eta ekoizpen-eredua babesten duten IKT soluzioak

IK4-TEKNIKERek Ibermáticarekin lankidetzan dihardu haren produktuari Industry 4.0ren teknologia gaitzaileak deiturikoak txertatzeko arlo hauetan: “plug&produce” osagaiak, sistema ziberfisikoak eta gaitasun analitikoak eta erabakiak hartzen laguntzekoak.

Gaur egun, enpresa askok malgutasuna eta birkonfiguragarritasuna izatea eskatzen dien egoera bati egin behar diote aurre. Ekoizpena kudeatzeko eta kontrolatzeko soluzioak ere norabide berean egin behar du aurrera. Erraz birkonfigura daitezkeen soluzioak sortzea Ibermáticak ematen duen neurrietako bat da.

Industriarako soluzioen ikuspegi oso bat ematea da Ibermática Industriaren helburua, ingeniaritza-prozesuetatik hasi eta ekoizpen eta kudeaketa orokorreraino. Industry 4.0ren erronken aurrean, enpresei beren balio-proposamenerako egokia zaien ekoizpen-eredu bat ezartzen laguntzea du xede.

2010-2013 aldian jada eta Industry 4.0 terminoa finkatu aurretik, Ibermática, IK4-TEKNIKERekin lankidetzan, COSMOS “Cost-driven Adaptive Factory based on Modular Self-Contained Factory Units” ekimenaren buru izan zen. COSMOS Europako ekimen bat zen, ekoizpen-lerro malguak eta ebolutiboak diseinatzera, kudeatzera eta kontrolatzera bideratua.

COSMOSen helburua zen automatizazio malgu, modular eta ebolutiboko kontzeptuak txertatzea produktuak muntatzeko ekoizpen-lerroen eta -instalazioen kontrolean. Ingeniaritza eta ekoizpena eta mihiztatze- eta egiaztapen-jardueretan laguntzera bideratutako “plug&produce” eta HMI osagaiak integratzea.

Bestetik, eta sentsorizazioak eta sistema ziberfisiko direlakoek ematen dituzten aukerak baliatuz, Ibermáticak horrelako teknologiak sartu ditu bere produktuan, eta, hala, "ekoizpenaren kontrola" kontzeptutik "prozesuen kontrola" kontzepturako bilakaera egin du, prozesuen aldagai garrantzitsuen jarraipena eginez.

Alde horretatik, ezarpenak egiten ari da Ibermática azken bezeroetan; adibidez, PIERBURG, COPRECI eta MICRODECOn. Industry 4.0 kontzeptuari lotuta dauden kontzeptu teknologiko berritzaileak sartzen ari da.

Bestetik, Ibermáticak IK4-TEKNIKERekin lankidetzan dihardu I+Dko ekimen berrietan, bere produktua, sentsoreekiko konexioari, sistema ziberfisikoei, gaitasun analitikoei eta erabakiak hartzen laguntzekoei dagokienez, fase berrietarantz eboluzionatzeko asmoz.

Besteak beste, aipatzekoa da IK4-TEKNIKERek jarri duen esperientzia, zeina FoFdation ‘The foundation for the smart factory of the future’ proiektuan parte hartuta eskuratu baitu.

Helburu nagusi hau zuen proiektu horrek: "Etorkizuneko fabrika"ren oinarriak finkatzea, produktua, prozesua eta makinaren baliabideak mutur batetik besteraino digitalizatuz. Informazio aurreratu horrek hiru aplikazio horizontal garatzeko aukera ematen zuen: prozesuen monitorizazioa eta haien eraginkortasun energetikoa, prozesuen moldaerazko optimizazioa, eta ekoizpenaren kontrola MES (Manufacturing Execution System) sistema hedatu baten bidez, non jasangarritasuneko eta eraginkortasun energetikoko helburuak sartzen baitira ekoizpeneko baliabideen erabilera optimizatzeko. Azken jarduera horren buru IK4-TEKNIKER izan zen.