BUELTATU

PROIEKTUAK

Aukera berriak konexio berrietatik abiatuta

Lan egiteko modua hobetzeko datuak biltzen eta analizatzen dituzten sistema ziberfisikoak

Sistema ziberfisikoek mundu fisikoa eta "hodei"ko mundua lotzen dituzte. Mundu zibernetikoan bildutako datuetan oinarrituta mundu fisikoan aukera berriak lortzea da azken helburua. IK4-TEKNIKERek teknologia hori garatzen du oso desberdinak diren sektore batzuetan aplikatzeko, hala nola fabrikazioan, energian, osasunean eta garraioan.

Sistema ziberfisiko batek —cyber-physical system (CPS)— bi zati izaten ditu. Alde batetik, zati fisikoa du; bertsiorik sinpleenean, sentsore bat izan daiteke, edo, bertsio konplexuago batean, makina bat edo robot bat. Bestetik, mundu birtualarekiko konexio bat du; konexio hori normalean "hodei"an izaten da, non datuak biltzen eta analizatzen diren, eta, analisi horren ondorioz, eta kasu bakoitzaren arabera, mundu fisikoan eragin daiteke.

Sistema bat garatzeko orduan, kontzeptu garrantzitsu bat izan behar da kontuan: sistemaren ingeniaritza eta garapenaren eta sistemaren erabileraren arteko "akoplamendua". Sistema baten portaera hobetzeko, garrantzitsua da erabileraren esperientzia kontuan izatea. Erabileraren esperientzia hori hauteman eta aztertu egin daiteke, eta, azterketa horretatik abiatuta, jarduteko modua hobetu daiteke. Esperientzia hori sistema guztien eskura badago, ikasteko aukerak are handiagoak izango dira. Hain zuzen, hori da sistema ziberfisikoen oinarrizko helburuetako bat.

Kontzeptu horren adibide argigarri bat da, adibidez, olioak analizatzeko IK4-TEKNIKERek garatzen dituen sentsoreak. Zehazki esateko, zirkuitu hidraulikoari online konektatuta fluido lubrifikatzaileetan dauden partikulak detektatzen dituen eta elementu mekaniko lubrifikatuetan gerta litezkeen akatsak aurreikusten dituen sentsore optikoa. Sentsore horrek bere erabileran metatutako esperientziatik ikasi behar du, eta, gainera, gai izan behar du material eta lubrifikatzaile berrien etorkizuneko egoerei behar bezala erantzuteko. Hautemate-algoritmoak egoera desberdinetan erabiliz ikasi eta eboluzionatu behar du.

Sistema ziberfisikoak sektore ugaritan aplika daitezke. IK4-TEKNIKERentzat garrantzitsuak dira fabrikazioaren, energiaren, osasunaren eta garraioaren alorretan aplikatzen direnak.

Sistema horiek ezartzeko erronkari erantzuteko, IK4-TEKNIKERek teknologia hauei buruz ikertzen du:

  • Sistema ziberfisikoen ingeniaritza: garapen-metodologiak eta bizi-zikloari laguntzeko tresnak
  • Erreferentzia-arkitekturak, elkarreragingarritasuna eta komunikazioak
  • Autonomia eta egokitzapena
  • Analitika eta Big Data

Garapen teknologiko horiei esker, honelako soluzioen belaunaldi berriak gara daitezke:

  • Makinaren egoera edo, oro har, sistema baten egoera monitorizatzea eta jardute- eta mantentze-estrategia optimizatzea
  • Makina-erreminta bat edo aerosorgailu bat kontrolatzea errendimendua optimizatzeko
  • Elkarlanean aritzen diren, testuinguruaren informazioa kontuan hartzen duten eta elkarrengandik ikasten duten robotak