BUELTATU

ALBISTEAK

Industry 4.0: “Product as a service” kasua

Produktu adimendunen eta konektatuen balioa

IK4-TEKNIKERek ULMArekin lankidetzan dihardu teknologiak integratzen, garraio-sistemak sistema ziberfisiko baten modura funtziona dezan.

Bere posizionamendu estrategikoan, ULMA Carretillas-ek negozio-eredu berriak sustatzen ditu, logistika-zerbitzuen hornitzaile integrala den heinean.

Haren helburua neurrira diseinatutako logistika-soluzio integralak eskaintzea da, bezeroari errendimendu altua eskaintzeko, helburu hauek lortzera bideratutako kudeaketa eraginkor eta profesional baten bidez: segurtasuna handitzea, kostuak murriztea eta erabilitako baliabideen bizia luzatzea teknika prediktiboak erabiliz, orgaren elementuak konponduz edo egokituz berriro erabiltzea errazteko eta soluzioak erabilerara egokituz.

Besteak beste, orga jasotzaileak erabiltzeko rentingeko eta ordaintzeko hainbat aukera eskaintzen dituzte. Horrez gainera, flotak kudeatzeko zerbitzu integral bat eskaintzen dute. Zerbitzu horren bidez, bezeroari bermatzen zaizkio: instalazio guztietako ekipoen mantentze-lan egokiak, parkeko ekipoak pixkanaka kendu eta azken modeloak jartzea, eta orga-mota eta -kopurua etengabe egokitzea laneko behar puntualetara.

ULMAk Industry 4.0ren ekoizpen-ereduari dagokionez duen estrategia bat dator ekoizpen-baliabide adimendunen eta konektatuen kontzeptuarekin eta erabiltzailearen eta baliabide horien hornitzaileen arteko lankidetza estutik sortzen diren aukerekin.

Hala, ULMAk helburu duen ekoizpen-ereduaren ezaugarri nagusiak dira bere prozesuen eta bezeroen prozesuen eraginkortasuna, ekoizpen-baliabideei "adimena" txertatzea eta erabiltzen diren prozesuak eta baliabideak konektatzea/digitalizatzea.

IK4-TEKNIKERek ULMArekin lankidetzan dihardu teknologiak integratzen, garraio-sistemak sistema ziberfisiko baten modura funtziona dezan.

Zehazki esateko, orgek hardware/software ekipamendua izango dute, haien erabilera eta egoera etengabe monitorizatzeko, eta teknologia prediktiboak erabiliko dituzte, elementu kritikoek (adibidez, bateriak) etorkizunean izan ditzaketen arazoen sintomak garaiz identifikatzeko.

Halaber, orgek urruneko zerbitzari batera bidaliko dituzte datuak, eta, han, informazio horretaz baliatuta, mantentze-lanen estrategiak optimizatu ahalko dira, konponketak edo berritze-lanak garaiz egin eta baita garraio-behar berriak detektatu ere.

Proiektu honek Europar Batasuneko zazpigarren esparru-programaren laguntza jaso du (FP7-FoF-NMP-2013-8), 609005 zenbakiko diru-laguntza hitzarmenaren bidez.