BUELTATU

PROIEKTUAK

Smart Factories

MES sistemak: ikuspegi estrategiko bat

Enpresa industrialetan eraginkortasun, errentagarritasun eta produktibitate handia lortzea da 4.0 ekoizpenak 4.0 industriaren esparruan duen erronketako bat. Fabrika osoko prozesuen informazio guztia denbora errealean eskuratzeko sistema perfektua eta pertsonalizatua lortzea errealitate bat da dagoeneko.

Lehiakortasuna, eraginkortasuna eta produktibitatea handitzea manufaktura-enpresen kezka nagusiak dira oraindik ere. Ekoizpenaren informazio-teknologiek funtsezko zeregina dute 4.0 industriak aurkezten duen paradigma garatzeko. Testuinguru berri hori dela eta, eskakizun berriak ezarri behar dira ekoizpen-instalazioa kudeatzeko; batez ere, Manufacturing Execution System (MES) sistemetarako.

Fabrika adimendunera egokitutako MES sistema berriek (MES 4.0) hainbat behar ase behar dituzte, hala nola interoperabilitatekoak, malgutasunekoak, deszentralizaziokoak, konektagarritasunekoak, integrazio horizontalekoak, eta, horrez gain, kudeaketan lagundu behar dute, datuen kudeaketa integralean, bai eta online funtzionatzeko gaitasunean eta, batez ere, hain kritikoa den giza faktorea kontuan hartzen ere.

Horretarako, estandar eta funtzio berriak behar dira etorkizuneko egoerei aurre egiteko. Horrez gain, MES osagai mugikorrak zabaldu behar dira gailu eramangarrien bidez (tabletak, telefono adimendunak, betaurreko adimendunak), ekoizpen-prozesuak modu atseginago batean monitorizatu ahal izateko, gailu horiek ekoizpen-testuingurura egokituta eta aldaketa demografikoak eragindako erabiltzaile-behar berrietara egokituta.

IK4-TEKNIKERek MES soluzioak ikertzen eta garatzen ditu, Euskadin erreferentzia diren eta informatikako soluzioak hornitzen dituzten enpresekin lankidetzan. Alor horretan egin diren azken jarduerak oso lotuta daude 4.0 industriarekin. Gauzen Internetekin bat (IoT), instalazioko sentsoreen eta gailuen seinaleak sentsore-plataformen bidez hautemateak erraztu egiten du informazio-bolumen handiak prozesatzea eta biltegiratzea Big Data tekniken bidez, eta, gero, fabrikaren eraginkortasun orokorra optimizatzeko analizatzea.

Analitika aurreratuarekin lotuta, instalazioan bildutako datuek ezkutatzen duten ezagutza erauz daiteke aurreikuspen-ereduko eta ikaskuntzako algoritmoen bidez, eta, ezagutza hori erabiliz, prozesuen funtzionamendu eta energia mailako eraginkortasuna hobetzeko erabakiak har daitezke. Ildo horretatik, bildutako datuak eta sortutako metadatuak erabiltzaileen ezaugarrien eta funtzioen arabera ikus daitezke analisi aurreratuko aginte-koadroei esker.

Bestetik, instalazioko konektagarritasun integralaren eta robotika mugikorraren bidez, MES sistemak logistika adimendunari laguntzen dio, eta han integratzen dira plangintza eta ekoizpena kudeatzeko sistemak garraio-ibilgailu gidatu batzuekin. Ibilgailuok behar den materiala modu automatizatuan banatzen dute instalazioan, gizakiak esku hartu beharrik gabe eta instalazioko aldaketetara egokitzeko malgutasun handiz.