BUELTATU

ELKARRIZKETA

Ekoizpen-behar berriei erantzuteko laser teknologia

Hasier Orbegozo,
GNC Láser enpresako teknologia saileko arduraduna

Duela 11 urte, GNC Láser enpresa gipuzkoarra potentzia handiko laserraren erabileran espezializatuta dago, fabrikazio aurreratuan erabiltze aldera. 2012. urtean GNC Láser-en lanean hasi zenetik, askotariko eginkizunak izan ditu Hasier Orbegozok; egun, enpresako teknologia saileko arduraduna da. Elkarrizketa honetan, industriak laser-teknologian eta horri lotutako prozesuen gainean duen interesa nabarmen handitu dela azpimarratu du Orbegozok.

1.- Industrian zertarako erabiltzen da batez ere GNC Láser-ek garatzen duen potentzia handiko laser-teknologia eta zeintzuk dira bere abantailak fabrikatzeko metodo tradizionalen aldean?

GNC Láser-ek 10 urte bete zituen joan den urtean, eta bere hastapenetatik potentzia handiko laser zerbitzuak eskaini ditu sare industrialean, adibidez, soldadurak, tenplea eta cladding teknika. Hasieran balio teknologiko handiko zerbitzuak eskaini eta material metalikoak prozesatzen zituen enpresa zen, baina orain negozio-ildo berrietatik jarraitzen du.

Lehenik, laser-eragiketetan oinarritutako zelulak integratzeko oinarriak egonkortzen ari dira. Bigarrenik, osagai metalikoen fabrikazio gehigarriaren aldeko apustu argia egin da, cladding/LMD (Laser Metal Deposition) teknikaren bitartez, SLM (Sintering Laser Melting) prozesua ahaztu gabe. Azkenik, osagai osoak eskaintzen ditugu, zeinen balio erantsia laser-teknologian oinarrituta dagoen; eta bestelako eragiketa osagarriak gauzatzen edo azpikontratatzen dira. Esate baterako, une honetan automobilgintzako osagai bat entregatzen ari gara egunero. Bere eragiketa nagusia eskaner bidezko edo urrutiko soldadura da.

Teknologia honen abantaila nagusietako bat zera da: energia gutxi transmititzen zaiola prozesatzen ari den piezari, laser-izpia zehaztasun handiz ardazten baita.

Abantaila hori lehiatzeko giltzarria da adibidez laser bidezko tenplean, izan ere, prozesu horretan tratamendu termikoak eragindako deformazioak eta tentsioak gutxitzen dira, eta ondorioz arazoak eta post-prozesatzeak murrizten dira, beste teknika batzuen aldean, indukzioa kasu.

Laser cladding teknikaren kasuan, prestazio handiko materialak erabiltzen dira (inconel, stellite, matrize metalikoa duten tungsteno karburoko partikulak, altzairu herdoilgaitzak); gune kritikoak gehiago kargatzen dira tresnen bizitza luzatzeko, osagaien portaera hobetzeko eta abar. Kasu honetan, laserra erabiltzean energia oso ardaztuta dagoenez, diluzio eta eragin termiko txikiak lortzen dira oinarrizko materialean, eta hori oso garrantzitsua da, izan ere, bi horiek materiala ahuldu dezakete eta pitzadurak agertu daitezke.

Eta aipatu behar da baita ere laser bidezko teknologiak automatizatzeko aukera ugari eskaintzen dituela. Hori dela eta, oso lehiakorra da serieko ekoizpenean, adibidez, automobilgintzako osagaiak soldatzeko.

2.- Garrantzitsua al da I+G GNC Láser-en estrategian?

GNC Láser-ek erabiltzen duen teknologia dela eta, I+G-k garrantzia handia du enpresaren hazkundean. Enpresa sortu zenean, potentzia handiko laser-teknologien gaineko ezagutzak eskasak ziren eta ia-ia zentro teknologikoetara eta unibertsitateetara mugatuta zeuden; hori dela eta, gure enpresak I+G-ko proiektu ugaritan lagundu eta parte hartu du.

Horrez gain, jasotzen ditugun kontsulta gehienek izaera berri eta ezezaguna dute: material berriak edo material disimilatuen konbinazioa, laserra zuzentzeko buru berriei esker hobetutako prozesuak eta abar.

Azken boladan, batez ere laser cladding teknikaren prozesua hobetzera zuzenduta daude gure I+G ahaleginak, hainbat ikuspuntutatik.

Bestalde, TRL maila aurreratua sustatzen ari gara enpresa barruan, bertan garatzen ditugun proiektuek epe ez oso luzera eragin erreal eta zuzena izan dezaten emaitzen kontuan.

GNC Láser-entzat ezinbestekoa da beren proiektuetan gure osagaia erabiltzen duten enpresen inplikazioa, eta proiektuak arrakastaz bukatzen badituzte gurea bezalako enpresa azpikontratatzea.

3.- Zer nolakoa izan da GNC Láser eta IK4-TEKNIKER zentro teknologikoaren arteko lankidetza? Zeintzuk izan dira batera garatutako aplikazioak?

IK4-TEKNIKER bazkide teknologiko garrantzitsua da GNC Láser-entzat; arlo eta teknologia desberdinetan ari gara elkarlanean.

Aipatzekoa da, adibidez, TRESCOMP proiektua. GNC Láser-ek, IK4-TEKNIKER-en laguntzarekin, aurrerapauso garrantzitsuak eman ditu eskaner bidezko tenplearen arloan. Horri esker, orain arte enpresak erabili duen laser bidezko tenplearen mugei aurre egiten die, optika finkoa duena.

Halaber, DEBACOAT proiektuan parte hartu genuen, eta horretan ere izan zen IK4-TEKNIKER. Laser cladding teknikari lotutako proiektua da, tungsteno karburoko partikulak dituzten materialekin erabiltzeko.

IK4-TEKNIKER kide teknologiko fidagarria da GNC Láser-entzat, horregatik zirkulu bat itxi nahi du harekin: Zentro Teknologikoak bideragarritasun-txostena egiten du, produktua garatu eta/edo hobetzen da, laser-teknologia erdigunean, eta gero kide gisa jarduten du enpresak, industriaren ikuspegitik konponbideak eskainita.

GNC Láser-ek teknologia berritzailea erakutsi du hainbat aldiz, askoz ezagunagoak diren beste batzuk ordezkatzeko balio dutenak. Horrek etengabeko berrikuntza eskatzen du, askotan gehiago eskatzen baitzaio ordezko teknologiari, eta batzuetan produktua ekoizteko prozesuak aldatzen ditu era batera edo bestera.

4.- Fabrikazio aurreratuan erabiltzeko laser-teknologiaren arloan, zeintzuk dira gaur egun ikerketa joera nagusiak?

Fabrikazio aurreratuaren barruan, laserra asko erabiltzen da azkenaldian sarritan aipatzen den arlo batean: fabrikazio gehigarrian, bai hauts-ohe fusioaren teknikan (SLM) bai laser cladding teknikan (LMD).

Bigarren prozesu horretatik gertu gaudenez gero, argi ikusten dugu ikerketa-ahalegin handiak egiten direla, adibidez, begizta itxiarekin lan egin ahal izateko prozesua kontrolatzeko; ekarpen-material berriak edo materialen portaera aurrez jakiteko softwarea garatzeko; edo prozesu osoa lotzen duen hari digital bat lortzeko (diseinua, analisi igarlea, fabrikazioa eta post-prozesatzea).

Horrez gain, joera desberdinak daude sektorean, adibidez, prozesua hibridatzea, sistema edo makina berean txirbilak erauzteko teknologiak eta fabrikazio gehigarriko teknologiak erabilita.