BUELTATU

PROIEKTUAK

Laser-arloko ekipoen eta osagaien garapena

IK4-TEKNIKERek bere teknologia erabiliz garatzen ditu laserrean oinarritutako fabrikaziorako ekipoak eta osagaiak

Zentro teknologikoak eskaintza teknologiko osoa dauka laser bidezko fabrikazioaren eremuan, “Laser for Manufacturing Lab” izenekoa. Bertan, merkatuan bakanak diren laser-ekipoen eta osagaien diseinua eta fabrikazioa sartzen dira.

Fabrikazio aurreratuaren esparruan, eta bere espezializazioaren barruan, balio erantsi handiko laser-ekipoak eta -osagaiak diseinatzeari eta fabrikatzeari zuzendutako irtenbide integralak garatzen ditu IK4-TEKNIKERek.

Zentro teknologikoak eskaintza osoa dauka eremu horretan, “Laser for Manufacturing Lab” deritzonean sartuta. Hain zuzen ere, horixe da laser bidezko fabrikaziorako duen balio-proposamena, eta Makina-erremintaren Biurteko Azokaren azken edizioan aurkeztu zuen.

Ekipoen eta osagaien simulazioa

Osagai edo ekipo bat diseinatzeko prozesuan, hasierako zatia izaten da simulazioa. Bi simulazio mota daude:

  • Simulazio optikoa: Laser-erradiazioa eta erradiazio horrek askotariko osagai optikoekin duen elkarreragina modelatzen dira.

Simulazio optikoaren eremuan, nabarmendu egin behar da IK4-TEKNIKERek potentzia ertaineko laser-diodoaren sistema baten diseinuan eta simulazio optikoan egin duela lan; era berean, gainera, hari bidezko LMDrako (Laser Metal Deposition) buru baten diseinuan eta simulazio optikoan aritu da.

  • Elementu finituen simulazioa (FEM): Laser bidezko teknologietan oinarritzen diren fabrikazio-prozesuak optimizatzeko erabiltzen dira hainbat teknika numerikoren (elementu finitoak, bolumen finitoak, metodo analitikoak eta abar) bidezko modelaketa eta simulazioa. Laborategi-mailako entseguak gidatzen eta osatzen dira horien bidez, eta, horrela, proba-errore prozedura garestiak saihesten dira.

Honako hauek dira IK4-TEKNIKERek eremu honetan garatu dituen adibideetako batzuk: tenplaketa-prozesu konbentzionalen eta altzairuen gaineko urrutiko tenplaketaren optimizazioa (alderdi mikroegiturazkoak eta mekanikoak barne hartuta), fabrikazio gehigarriko prozesuetan dauden distortsioen eta tentsioen kalkulua eta metala-metala eta metala-polimeroa soldadura-prozesu hibridoen optimizazioa.

Ekipoen diseinua eta fabrikazioa

Laser for Manufacturing Lab-ek laser-ekipo bereziak eskaintzen ditu. Gainera, industria-prozesuetan sartzen ditu horiek, eta sektorean gaur egun dauden joerei erreparatzen die; hala nola, produktibitate handiko teknologien garapenari (high throughput).

  • Ekipo bereziak: Bezeroak eskatzen dituen irtenbideetara egokitutako ekipamendu berezia, merkatuan irtenbide estandarrik ez duena.

Lan-eremu horren barruan, hari bidezko LMD bidezko fabrikazio gehigarrirako ekipo bat diseinatu eta fabrikatu du zentro teknologikoak, metalezko egitura handiak (1900 x 900 x 800 mm3-raino) fabrikatzeari begirakoa.

Halaber, laser bidezko soldadura-ekipo bat oso-osorik garatu du zentro teknologikoak, bai alde mekatronikoa, bai potentzia handiko laserra, polimeroak edo polimeroa-metala lotura disimiliarrak soldatzeko.

  • Ekipo berezien integratzea ekoizpen-prozesuetan: Ekipo bereziak fabrikatzeko gaitasuna osatzeko, ekipo horiek bezeroen ekoizpen-prozesuetara sartzeko aukera egon behar da.

  • Industriarako produktibitate handiko irtenbideak: Laser for Manufacturing Lab-ek laser-merkatuaren gaur egungo joerei erreparatzen die, eta, hala, produktibitate handirako optimizatu diren ekipoetan duen eskarmentua eskaintzen du. (Ekipo komertzialen fabrikazio-abiaduran hobekuntza nabarmena egitea da (X2, X5, X10), amaierako kalitatea murriztu gabe).

Zentzu horretan, gainazal handietan mikrozulaketak egiteko gaitasuna duen ekipo bat garatu du zentro teknologikoak aplikazio aeronautikoetarako; eta, horrekin, zulaketa abiadura handian egitean, jario laminarra kontrolatzeko egitura hibridoak garatu ahal dira (HLFC ingelesez).

Smart osagaien diseinua eta fabrikazioa

Ekipo osoak diseinatu eta fabrikatzearekin bat, Laser for Manufacturing Lab-ek irtenbideak eskaintzen ditu smart osagaien fabrikazioan, bere sistemetan nahiz merkatuko sistemetan sartzeko horiek.

  • Pitak, eustoinak eta buruak: Buruak, pitak eta eustoinak fabrikatzea, askotariko laser-prozesuak garatzeko.
  • Monitorizazio eta prozesuen kontrolerako osagaiak: Laser-prozesuak monitorizatzea eta zehatz-mehatz kontrolatzea ahalbidetuko duten osagaiak integratzea.
  • Laser-izpia aldatzeko sistemak: Laser-izpia konformatzea, aldatzea edo banatzea (beam delivery) ahalbidetzen duten osagaiak garatzea. Laser-ekipoetan osagai horiek sartuta, prozesu berriak optimizatzen edo garatzen dira.

Prozesu berriak abiarazteak eta material/betekizun berriak behar izateak irtenbide orokorra egotea eskatzen dute, eta hobe irtenbide orokor horrek laguntzaile bakarrean integratzen baditu gaitasun horiek guztiak: Laser for Manufacturing Lab-en, jakina.