BUELTATU

ALBISTEAK

Jarraipen Sinoptikoetarako Teleskopio Handia, martxan jartzetik hurbilago

IK4-TEKNIKERek parte-hartze nabarmena dauka nazioarteko proiektu honetan

Ekipamendu zientifikoak erronka teknologiko handia dakar; besteren artean, muturreko hustasun eta tenperatura-baldintzetan lan egin baitezake. Ekipo horiek diseinatzeko eta fabrikatzeko, maila teknologiko oso handia behar da, baita zehaztasuneko ingeniaritzan espezializazio handia eduki ere, beste diziplina batzuen artean. Zentro teknologikoak eskarmentua dauka doitasun handiko gaietan, eta, horri esker, nazioarteko instalazio zientifiko handietarako erreferentziazko hornitzaile bihurtu da azken urteotan; adibidez, LSSTrako.

Jarraipen Sinoptikoetarako Teleskopio Handia (Large Synoptic Survey Telescope, LSST) 2020rako martxan egotea espero da. Cerro Pachonen abiatuko da, Atacama basamortu txiletarrean.

Teleskopioak 700 milioi dolar inguruko kostua dauka, eta lankidetza publiko-pribatu estu baten emaitza da. Ehun bat astronomilari, fisikari eta ingeniari ari dira parte hartzen, eta elkarrekin egiten dute lan astroen funtzionamenduaren ezagutzan urrats erraldoia egitea ahalbidetuko duen ekipamendua egia bihurtze aldera.

GHESA-Enpresarien Taldea ingeniaritza-enpresarekin elkarlanean, horixe izaki teleskopioaren egitura nagusia garatzeko arduraduna, IK4-TEKNIKERek diseinatuko eta garatuko ditu kontrol-sistema, segurtasuna, kameraren kableen birakariak eta abangoardiako instalazio zientifiko bikain horren ispiluen babes-estalkia.

Gauzak horrela, zentro teknologikoko ikertzaileek denboratxoa daramate Avilesen (Asturias) lanean, Ghesako eta Asturfeitoko taldeen ondoan, teleskopioa muntatzeko, doitzeko eta abiatzeko eta baliozkotze-probak egiteko.

Garapena IK4-TEKNIKERen egin bada ere, hauxe da makinarekin probatzeko eta guztia behar bezala dabilela egiaztatzeko unea.

Hurrengo urratsa Txilen emango da. IK4-TEKNIKEReko ikertzaileak hainbat hilabetez egongo dira Atacama basamortuan, prestakuntza-jardunaldietan parte hartzen, tokiko operadoreei teleskopioaren alde zehatz horien funtzionamenduari eta mantentze-lanei buruzko ezagutza guztia transmititzeko.

LSST teleskopioaren ispiluak 8,4 metroko diametroa edukiko du (tenis-pista baten zabalera), eta zeru ikusgaia oso-osorik aztertzeko gaitasuna izango du. Horretarako, zerua 3 edo 4 gaurik behin eskaneatzeko gai izango da ekipamendua, ilargi betea baino 40 aldiz handiagoa den irudia eman ahal izateko, 3.200 megapixeleko kamera digital bati esker. 2.700 metroko altueran jarriko dute teleskopioa, eta denbora errealean aztertuko ditu irudiak; gainera, edozein aldaketa garrantzitsu (hala nola, unibertsoko beste leku batzuetan gerta daitezkeen supernoben leherketak edo Lur planeta jo dezaketen asteroideak) hautemateko gai izango da.


Ikusi irudiak hemen.