BUELTATU

PROIEKTUAK

Fabrikazio-prozesuetan efizientzia hobetzeko laser-teknologia

Aeronautikaren sektorerako laser-teknologian oinarritutako garapenak

Euskal zentro teknologikoak ekimen bat koordinatu du, eta horren xedea da hegazkinen hegaletan egoten diren panel aeronautiko handietan mikrozulaketak abiadura handian egiteko ekipo baten prototipoa sortzea.

Industria aeroespazialak irtenbide berritzaileak behar ditu nabe arinagoak eta ez hain kutsakorrak fabrikatzeko. Hori dela-eta, belaunaldi berriko hegazkinak garatzeko joera dago, erregaiaren kontsumoa, berotegi-efektuko gas-igorpenak eta kutsadura akustikoa murrizteari laguntze aldera.

Testuinguru horretan, IK4-TEKNIKER ekimen bat koordinatzen ari da, eta mikrozulaketak abiadura handian egiteko makina bat garatzea da ekimen horren xedea. Laser-teknologietan oinarrituko da makina, eta mikrozulaketak egingo ditu egitura aeronautikoen fabrikatzaileek erabiltzen dituzten titaniozko panel handietan.

Bost metroko altuera eta bi metroko zabalera duten titaniozko paneletan 100 µm-etik beherako diametroa duten milioika zulo egiteko gaitasuna edukiko du diseinatu den prototipoak, 300 zulo baino gehiago segundoko, HLFC (Hybrid Laminar Flow Control) jario laminarra kontrolatzeko.

Ekimena 2017an abiatu zen, eta 2020ra arte luzatuko da. Bertan, gainera, Bremer Institut Fur Angewandte Strahltechnik (BIAS) zentro teknologiko alemana eta Aernnova enpresa ere parte hartzen ari dira.

"Laser bidezko mikrozulaketa-prozesu azkarra martxan jartzen dugu guk, eta, halaber, makina osoa diseinatzen, muntatzen eta baliozkotzen dugu. Oraintxe bertan, diseinua ia amaituta dago, eta fabrikazio-prozesuari ekin diogu. Makina berria 2019aren amaieran abian egotea espero dugu", baieztatu du proiektu-buruak.

Proiektuaren koordinatzaileak gaineratu duenez, zentro teknologikoa aditua da metalezko aleazioetarako mikrozulaketa-prozesu azkarretan, eta ezagutzak ditu, besteak beste, optikaren, mekanikaren eta elektronikaren eremuetan. Bada, eskarmentu hori guzti hori da IK4-TEKNIKERek ekimenari egingo dion ekarpen giltzarria.

Guztira, bi milioi euroko aurrekontua dago. Proiektuarekin, ordea, zehaztasun handiko mekanizazio-zentro bat doituko da, eskala txikian, zentro teknologikoak berak diseinatu duena. Bada, laser bidezko mikrozulaketak egiten dituen makina izango da, eta horren gainean doitu da abiadura handiko prozesua.

"Makina horrek hainbat kontrol ezartzen ditu prozesuaren eta kalitatearen gainean, in situ, aeronautikaren sektoreko zehaztapenen arabera zulo guztietan eskatzen den tolerantzia ziurtatzeko", gaineratu du ikertzaileak.

IK4-TEKNIKER laser-teknologiaren garapenean duen ezagutza zabala ari da erabiltzen proiektu honetan, zeina Laser for Manufacturing Lab irtenbide integralaren zati den (zentro teknologikoan laser-teknologiaren bidez garatu diren irtenbide guztien baterako eskaintza koordinatua da “Laser for Manufacturing Lab”).

This project has received funding from the Clean Sky 2 Joint Undertaking under European Union's Horizon 2020 research and innovation programme under grant agreement n° 755620.