BUELTATU

ESPEZIALISTAREN IKUSPEGIA

Mantentze-lan prediktiboa: datutik adierazlera

Espezialistaren ikuspegia:
Virginia Giao. O&M-eko Negozio Unitateko zuzendaria
Egoitz Konde. Mantentze-lan Soluzio Teknologikoa

IK4-TEKNIKER-ek enpresen esku jartzen ditu bere esperientzia, ekipamendua eta teknologia, mantentze-lan prediktiboaren estrategiarantz zuzentzeko; horri esker, instalazioen errendimendua hobetzea, eragiketak optimizatzea eta produktuek balio erantsi handiagoa izatea lortuko da, eta horrek, azken batean, negozioaren emaitzak hobetuko ditu.

Teknologia berriak industrian erabiltzeari esker, ekoizpen-prozesu guztiak optimizatu ahal dira, eta ekipamenduak hobeto mantentzen ere laguntzen dute. Informazioa denbora errealean monitorizatzeko eta aztertzeko aukerari esker, egun posible da akats posibleak aurreikustea, sistemen fidagarritasuna, eskuragarritasuna eta balio-bizitza hobetzeko neurriak hartzea, ekoizpen-prozesuen errendimendua (ingelesez, OEE, Overall Equipment Efficiency) optimizatzea eta ustiapen-kostuak murriztea.

Mantentze-lanetarako estrategiak definitzen du zer, noiz eta nola egin. Tradizionalki, hiru ikuspuntutatik heldu zaio, egoeraren arabera: matxura bat konpondu beharra (mantentze-lan erreaktiboa); programatutako mantentze-lanak, instalazioen egoera edozein dela ere (prebentzioko mantentze-lana); edo on line eskuratutako datuen araberakoa (baldintzan oinarritutako mantentze-lana). Orain laugarren bat gehitu da, mantentze-lana optimizatzea ahalbidetzen duena ekipamenduen eta prozesuen etengabeko monitorizazioari, eta datuak denbora errealean aztertzeari esker: mantentze-lan prediktiboa.

Hala, posible da arazoak hauteman daitezke gertatu aurretik, prozesuen eta ekipamenduen egoera adierazten duten seinale kritikoak aztertuz (tenperaturak, presioak, bibrazioak, abiadurak eta potentzia, besteak beste). Informazio horri esker, ekipamenduen bilakaera kontrolatu ahal da aldi oro, eta erabakirik egokienak hartu ahal dira baliabideak modu eraginkorrean kudeatzeko.

Akats posibleak hautemateko eta prebenitzeko teknologiak

Ahalduntzeko teknologiei esker lortu dugu mantentze-lanetan aurrerapauso hau ematea. Besteak beste Big Data, Internet of Things (IoT) eta Cloud Computing arloetan egindako aurrerapenei esker, konputazio-gaitasun handia dugu, bai eta seinaleak integratzeko, datu-kopuru handiak biltegiratzeko eta edozein tokitatik informazioa atzitzeko ere.

Ahalduntzeko teknologia hauek datuak modelatzeko eta aztertzeko teknika aurreratuekin (Data Mining, Machine Learning, adimen artifiziala, sare neuronalak eta abar) konbinatzean, guztiz hobetzen dituzte orain arteko mantentze-lanetarako estrategiak, izan ere, arazoak konpontzen laguntzen dute arazorik gertatu baino lehen (mantentze-lan prediktiboa, aginduzkoa edo “4.0 Mantentze-lana”).

Diziplina anitzeko prozesua da; parte hartzen duten sistema guztiak ondo ezagutu behar dira, diseinatzeko faseetatik hasita funtzionatzen ari diren arte, hauteman ahal izateko zeintzuk diren nekatuta eta hondatzen hasiak direnaren seinaleak.

Barruko eraldaketaren beharra

Halaber, mantentze-lan prediktiboaren estrategia berria aplikatzeko, enpresak ere eraldatu behar dira, barrutik. Aurrerapausoa emateko, plataforma digitalak bezalako teknologia berriak erabili behar dira, aktiboen funtzionamenduaren eta mantentze-lanen prozedura berriak egokitu eta erabakiak hartzeko prozedura guztiak moldatu.

Egoeraren analisia ezinbestekoa da mantentze-lanen estrategiari lotuta martxan jarritako hobekuntza-prozesua arrakastatsua izateko. Diagnostikoa, barruan ez ezik (makinak, horien osagaiak eta prozesuak), kanpoan ere egin behar da, zer nolako teknologiak behar diren zehazteko.

Hurrengo urratsa da mantentze-lan prediktiboa aplikatzeko plana diseinatzea. Optimizazio helburuak ahal bezain argi, zehatz eta errealistak izan behar dira, eta neurtzeko modukoak; hala, errazagoa izango da helburuok ezartzea eta martxan jartzea.

IK4-TEKNIKER-en ikuspegia

IK4-TEKNIKER-ek enpresen esku jartzen ditu bere ezagutza, esperientzia, ekipamendua eta teknologia, elkarrekin mantentze-lan prediktiboaren estrategiarantz zuzentzeko.

Abiapuntua aztertzen eta optimizatzeko helburuak zehazten laguntzeaz gain, IK4-TEKNIKER-ek egiteko garrantzitsua du helburu horiek lortzen lagunduko duten funtzionamendurako eta mantentze-lanetarako soluzioak garatzean, ezartzean eta balioztatzean, bai eta horiek zabaltzean ere.

Hala, IK4-TEKNIKER-ek eskaintzen dituen mantentze-lanetarako soluzioak bi talde nagusitan egituratuta daude, kontuan hartuta mantendu beharreko aktiboa bere bizitzako zein unetan dagoen, bezero mota eta optimizazio-helburuak.

Asset Management Solutions-ek soluzio teknologikoek eskaintzen ditu instalazioen errendimendua hobetzeko, jarduna optimizatzeko eta, ondorioz, negozioaren emaitzak hobetzeko.

Eta Smart Component Solutions-ek aukera ematen du “konektatutako” produktuak garatzeko, azken bezeroari balio erantsi handiagoa emango diotenak, eta mantentze-lanen zerbitzuaren negozio-eredu berria garatzeko ere bai ("zerbitizazioa").

Gure balio erantsia bi dimentsiotan

Prozesu guztietan azpimarratu behar da akatsak hautemateko giro aproposak sortzearen konplexutasuna. Kasu gehienetan, prozesatutako datuen historiarik ez dagoenez, ikaskuntza-prozesua behar da lehenengo, aktiboen funtzionamendua ezagutzeko.

IK4-TEKNIKER-ek bi ikuspuntutatik heltzen dio fase horri: esperientzia operatiboa eta simulazioa.

Ekipamenduen eta makinen bizi-zikloan zehar garatutako esperientzia operatiboari (diseinua, balioztatzea, funtzionamendua eta akatsak) eta ekipamenduak monitorizatzeko esperientziari (bibrazioak, ultrasoinuak, deformazioak, prozesuko seinaleak eta abar) esker, IK4-TEKNIKER-ek aditu izanik duen ezagutza eta ekipamenduen monitorizazioari esker ikasitakoa aplikatu ahal du datuak modelatzeko eta aztertzeko fasean.

Simulazioak egiteko gaitasunari esker, bai modu birtualean bai zerbitzuko baldintzen antzekoak dituzten saiakuntza-bankuetan, IK4-TEKNIIKER-ek datuen ereduak aberastu ahal ditu, gaitasun igarlea hobetzeko eta behar beste ikasteko.

IK4-TEKNIKER-ek diziplina anitzeko lantaldea du, hortaz, diziplina guztiak hartzen dira aintzat, ikuspegi globala eskaini ahal izateko: ikuspegi matematiko/algoritmikoa, machine learning eta adimen artifizialeko teknikak erabiliz; teknologiaren informazioaren teknologiei buruzko ezagutzaren ikuspegia, datuak kudeatzeko eta babesteko; eta domeinuari eta negozioaren arauei buruzko ezagutzaren ikuspegia.

Amaitzeko, IK4-TEKNIKER-ek IoT plataforma propioa du (SAM plataforma, Smart Asset Management); horri esker, ezagutza osoa integratzen eta ustiatzen du.

Azken batean, mantentze-lan prediktiborantz zuzentzea ahalbidetzen duten soluzioak ezarriz, posible da instalazioen errendimendua hobetzea, eragiketak optimizatzea eta, ondorioz, negozioaren emaitzak hobetzea.